Ruta de l’exili

Ruta de l´exili begiz jota nuen udatik, Las Illaseko (Vallespir Katalunia Iparraldea)  Hostal dels Trabucayresera GR-10ren etapa bat osatuz iritsi ginenetik hain zuzen. Ostatuko atariko ate ondoan irakur daiteke bertan izan zirela 1939ko otsailaren 5ean Jose Antonio Agirre lehendakaria eta Lluis Companys Generalitateko presidenta besteak beste nazioarteko eraso nazi faxistatik ihesik. Espainiako presidentea eta Gorteetakoa ere bertatik pasatuak ziren Prado Museoko hainbat margolan eta beste ondasun batzuk zeramatzatela.

Les Trabucayres ostatuaren izenak ere badu bere historia, muga pasatuta hango mendietan ezkutatu ziren karlista katalandarren  memoria ez oso ona (Ces terribles bandits de grands chemins issus des troupes carlistes (partisans de Carlos V de Bourbon) qui armaient de « trabucs » (tromblons en français) ont semé la terreur des années 1840 à 1846 et dont le procès à Perpignan fut si retentissant.) dakarkie gogora bertako biztanleei. Pentsa zertzuk egingo zituzten trabukoak eskuan  hango basoetan aterpe hartu zuten gerra galtzaileek. Bertako masia batean gogoan zituzten arbasoei entzunda, bahiketak, eta beste gorabehera batzuk.

Kontua da La Garrotxara egun batzuk ematera joanda Ruta de l’exili egiteko aukerari ezin niola uko egin, gutxiago azken hilabetetako gertaeren ondoren, eta La Vajolera abiatu ginen itzulia bere osotasunean egin asmoz. Egia esan ez da oso luzea; 12-13 km.ko ibilbidea da.
La Vajol Kataluniako eta Pirinioetako hego aldean dagoen herri txiki bat da, baina diotenez, egun batzuz edo ordu batzuz bederen Espainiako  hiriburu izan zena. Ez da harritzekoa hainbeste presidente han elkartuta.

Erbestealdiari oroitarri bat ere eraiki zuten bertan. Mariano Gracia eta bere alaba Alicia monzondarrak (Hueska) irudikatzen  ditu, alaba txikia  bonba baten eztandaren ondorioz hanka bat galduta ezkerreko besoa makuluaren gainean, eta eskuin eskua aitarenari emanda ikusi daiteke eta aita oinez manta bat bizkar gainean. A ze sufrimendu! Erbestealdiari oroitarria, Ezintasunari eta sufrimenduari  monumentua.

Emaztea ere galdu zuen Marianok faxistek 1937ko azaroan Monzon bonbardatu zutenean zibilen kontra eginaz, (Euskal herrian bakarrik ez ziren erabili praktika hiltzaile hauek) eta beste seme batek argazkian atzerago doanak oin bat galdu zuen.

Historia latz hau, gerra denborako beste askorena bezala, honako blogean irakur daiteke.

 

 

 

 

 

 

 

Ibilbidera itzuliz, Agirrek eta Companysek egin zuten bidea asfaltatuta dago gaur egun hein haundi batean eta errepidez egiten daiteke Coll de Llirainoko bide erdia. Beste erdia, leporaino daraman zatia, artez eta Artelatzez inguratuta dago. Hauetako  askok azala kenduta dute herrian garai batean kortxoa ekoiztea  jarduera nagusia izan zela frogatu nahiko balute bezala.
Coll de Llin  beste oroitarri bat ikus genezake. Plaka moduan oraingoan.
Hemendik aurrera jeitsiera erripatsu bat gaztainondo artean egindako mantenu-pista zuzen bat baliatuz. Seguru asko ez du ordukoarekin zerikusirik izango. Ezta gaurko eguraldi epelak orduko edurtsu eta hotzarekin.
Les Trabucayres itxita aurkitzen dugu eta plazan eserita mokadu bat egiten dugu. Panelak gogorarazten digu. 700.000 lagun inguru igaro zirela mendi hauetan zehar 1939an. Errepublikaren aurka matxinatuek  beren helburuak lortu zituzten eta oraindik ere garaile jarraitzen dute. Kirio guztiak dantzan jartzen ditu oraindik ere Errepublika hitza aipatze bakarrak, edota futbol selekzioaren kamisetan urdinen bat sartzeak erregimen garaitua gogora ekartzen duelako.
Itzulia Coll de Manrellatik egiten dugu. Gaintxoan Companysi eraikitako oroitarria.

Bigarren zati hau errepidez egin behar izan genuen ia Manrellaraino. beheranzkoan berriz, berriro errepidean, gaintxotik gertu ezker aldetik abiatzen den bidexka bat aurkitu genuen eta asfaltoa utzita berriro arte eta artelatzen artean jaitsi ginen, helburua beteta, La Vajolera, 1939an erbesteratze masibo baten lekuko izan zen herriraino hain zuzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude