Tokikom Jardunaldiak

 

Tokikomek antolatutako jardunaldietan izan naiz, eta  duela pare bat urteko lagunak, ahazten ez direnak, agurtzeaz gain, erakundeak eta mugimenduak  bizirik, ekintzaile eta sortzaile jarraitzen duela baieztatu ahal izan dut. Lagun (lankidetasuna gainditzen dutenak) asko agurtu ditut. Ez ditut denen  izenak zerrendatuko ez nukeelako amaituko, baina hiru aipatuko ditut, ze arraio: Alaitz, Joxe ata Urko (Jarri zeuek zeuen izenak nahi duzuen urrenkeran) hain zuzen, lanean  jo eta ke, eta ondo, jarraitzen dutela erakutsi dutelako.

Jardunaldia oso interesagarria iruditu zait teoriatik eta hodeietako abstrazkzioetatik ihesik proposamen zehatzetara jaitsi eta eredu arrakastatsuak ezagutzeko aukera eskaini dizkigulako goizean zehar.

Baita Toikikom sariak ezagutzekoa ere. A ze poza eman didan izen batzuk entzutea eta gertuko lagunen lan batzuk sarituak izan direla ikustea. Batzuk ez dira oso sarizale eta horrela agertu dira ekitaldian.  Nik beti defendatu izan dut lan onek aitortza bat jaso behar dutela; publikoarena bai, baina gertukoena, lankideena, erakundeena, zuzendariena… ere bai.

Sariketa kontua oso amerikanoa ei da etaTrumpen sasoi hauetan inoiz baino arrikutsuagoa, baina  sari hauek ahalbidetzen dute, aitortzaz aparte, kalitatearen korpus bat eratzen joatea. Urteen poderioz eta adituen aholku eta erabakien indarrez, askotan aipatu baina zer den definitu hahi ez dugun kalitate magiko horren ezaugarriak mugatuaz joateko aukera izan dezakegu. Errepikatu behar dut lau sarietatik bik zirrara berezi  bat eragin didatela. Eurak badakite.

Hitzaldien artean, Francesc Fabregasek publizitateaz  egin duenean aurkitu dut nire ispilua. Gurean (zilegi izan bekio erretiratu bati posesiboa erabiltzea) agertzen diren  arazo guztiak errepikatu ditu diagnostikoa egiterakoan: Banan bana. Ez ditut aipatuko han ginen  Tokikomkideok (Tokikomkideek eta ohiek zehaztu beharko nuke) inork baino hobeto ezagutzen ditugulako, eta ez dugulako zertan  gure akatsak behin eta berriz errepikatzen ibili beharrik. Baina ponenteari  kafe orduan esan diodan bezala, diagnostikoarekin bat, baina diagnostikoarekin batera banatzen dira euren eta gure bideak: Eurak gai izan dira publizitate salmentak arrakastatsuki  handitu era kurba esponentzial baten bidez marrazteko, eta guk berriz, nire denboran behintzat,  aireportua uzteko gai ez den hegazkinak bezala pistatik urrutiratu ezinik  jarraitzen dugu; edo genuen. Esperantza dut, beste batzuk jauzi hori egiteko gai izan badira gu ere izango garela. Ikasteko astebete euren etxean eman beharko genukeela  esaten ere ausartu naiz.

Makina bat hitzaldi labur ere izan ditugu. Betelanik ez. Zehatzak eta sakonak. Eta tokiko hedabide asko. Mugimendua bizirik, sekula baino biziago dagoen adierazle.

Dena gustatu zaidala ere ezin esan, baina irudi baikorrarekin geratzea nahiago dut jardunaldiak asko  izan duelako onetik eta gutxi txarretik.

Gaur ikusi duguna mugimenduaren bizitasunaren eta konpromisoaren argazkia bada, asko aurreratu dugu. Segi bide horretatik eta hurrengoan gogoratu Imserson ez gauden erretiratuez.

Abisau sikiera!

Lau urtetik lau urtera botoa ematera.

Iritsi da lau urtetik lau urtera legeek eta politikoek papertxoa hautetsontzian sartu eta demokraziaren sublimazio ekintza gorenean parte hartzeko deitzen gaituzten unea.

Bide zaharretik, alderdi guztiak ari dira euren eskaintza-kutxatxoak azaltzen legealdiak amaitzerakoan egin ohi duten legez. Batzuek kolore gorriz apainduta, besteak berdez, urdinez edo beltzez, guztiak ari dira toki bila eskaintzaren erakustokian. Pete Seegerren kanta datorkit gogora:

Little boxes on the hillside,
Little boxes made of ticky tacky,
Little boxes on the hillside,
Little boxes all the same.
There’s a green one and a pink one
And a blue one and a yellow one,
And they’re all made out of ticky tacky
And they all look just the same.
Lau urtetik lau urterako demokrazia honetan bakoitzak bere arerio politikoarekiko dituen desberdintasunak azpimarratzen ditu alderdi bakoitzak eta bere aldeko botoa eskatzen. Zenbat eta promesa gehiago egin hobe, gehienak ezin izango dituztela bete jakin arren.
Demokraziaren sublimazioa pasa eta hurrengo lau urtetan, onartuko dizute eredu demokratiko hau inperfektua dela baina aldatzeko astirik ez dute izango, izan ere Gobernantza demokratikoaren bide berritik abiatzeko aliantza zabalak behar dira, eta gurean aliantza hitzaren esanahia ahaztuxea daukagu aspaldian. Agian erosoago bizi dira demokrazia inperfektuan.
Herritarren parte hartze demokratikoa bermatzea ez da komeni zaigunean erreferendumak exijitzea eta komeni ez zaigunean beste aldera begiratzea. Ezta ere bermerik gabeko prozesu parte hartzaileak bultzatzea.
Hiru prozesu parte-hartzailetan izan naiz bi legealdi desberdinetan. Besteon bat ere ahazten zaidala uste dut. Bi Arrasaten EAJk bultzatuta, eta Oñatiko mugikortasuneko planean Kale Zaharreko hainbat bizilagunen kezkak eta mugikortasunari buruzko proposamenak eramaten amaitzear dagoen legealdian. Inplikazioa ez da berdina izan hiruretan baina ondorioak bai; inpresio ezin ezkorragoa. Hiruretan denbora alperrik galdu dudala uste dut. Arrasateko biak pikutara bidali zituzten udal alderdien hika-mikek eta Oñatiko mahaira Kale Zaharreko bizilagunek eramandako eskaera eta proposamenetatik bakarrak ere ez du erantzunik izan.
Gipuzkoako herritarren parte hartzerako araudia 2010ean onartu zen. Ondoren ez du garapenik ezagutu. Alderdiek bandera edo ikur bihurtu dute herritarren parte-hartzea eta hika-mika berri bat sortu dute zein zein baino demokratagoa den herritarrei azaldu nahian, kontuan izan gabe demokratikoena borrokak sustatzea baino, besteekin aliantzak bilatuaz Gobernantza demokratikoaren bidean modeloa sendotzeko lan egitea dela, parte-hartzea herritarren eskubide bihurtuaz, eta kontsultak, erreferendumak, parte-hartze prozesu kualitatiboak edo kuantitatiboak, noiz eta zela egingo diren erabakiaz eta zehaztuaz.
Hori agintzen didan alderdiari botoa emateko prest nago. Egia da ez naizela kanpaina jarraitzen ari eta politika geroz eta urrutiagotik bizi dudala, baina ez diot oraindik inori entzun.

Euskarazko telebista Iruñerrian.

Ezagunak dira Nafarroako euskaltzaleek ETBko seinalea Foru Erkidegoan jaso ahal izateko egin dituzten ahaleginak eta jasan dituzten zigorrak. Jakinekoa ere UPNko Gobernu Foralak behin eta berriro iruzur egin diela ETBko zuzendari eta Jaurlaritzako ordezkari gorenei seinale bera Nafarroan zabaltzeko egin dituzten ahaleginetan, beste tokiko nahiz estatuko erdal kateak hedatzeko erraztasun guztiak jarri dituzten bitartean.

Aurten argi izpi bat ikusi dute nafar euskaltzaleek  lizentziak banatzeko deialdian Xaloa telebistak  -Baztan eta Bortzirian diru barik eta lizentzia barik emititzen aritu ten telebista euskaldunak- lizentzia lortu duenean.

Gaizki egingo genuke lorpen hau Nafarroako iparreko saiatu talde baten arrakasta baino ez dela pentsatuko bagenu. Eurei dagokie kudeatzea, baina baimena euskaltzale guztien lorpena da eta guztioi dagokigu proiektuari bultzada ematea ahal dugun neurrian bederen.

Denboralditxo bat kanpoan eman dut (erretiratuaren abantailak) eta atzerrian jakin dut Xaloa telebista Iruñerrian abian jartzeko crowdfundinga martxan dela, baina lotsaz bezala, zarata barik, beharko lukeen bultzada mediatiko barik, eta beste batzuetan martxan jartzeko gai izan garen euskalgintzaren olatu erraldoia  ezkutatuta bezala. Ekintza amaitzeko 22 egunen faltan %10era ez dira (gara) iritsi oraindik.

Ez ditut ezagutzen kanpainaren xehetasunak, ezta ere falta diren egunetarako planifikatuta daudenak, baina ezin dut irudikatu zer zatekeen beharrezko 50.000 euroak ez lortzea, porrotak ez lituzkeelako ondorio ekonomikoak soilik izango. Aitzitik, gure ahulezia guztiak agerian jarriko lituzke eta indarrak asko diren bezala ahuleziak ere ugari dira.

Ikastolak, hedabideak, gau-eskolak abian jartzeko gai izan den herriak ezin du porrot egin proiektu estrategiko honetan. Tokiko komunikabideen sareak eta euskarazko hedabideek oro har, indar biziz bultzatu behar dute proiektua. Euskaltzale bakoitzak bere ekarpen ekonomikoa egin behar du proiektuak argia ikus dezan, orain lortzen ez duguna beste urte askoan ez delako lortuko.

Jar dezagun beste guztietan jarri dugun  makineria martxan. Bultza dezagun proiektua guztiok batera, eta gaindi ditzagun eskatzen zaizkigun 50.000 euroak, hobe baita 200.000 lortzea 50.000n geratzea baino.

Nik egin dut nire ekarpentxoa. Zuk? A! www.karena.eu  erabili dezakezu zure bultzada emateko.

Euskarazko hedabideak mintzagai

Gai delikatu honetaz idazteko gogoa behin  baino gehiagotan izan dudan arren, beste hainbatetan jarri diot frenoa nire buruari,  duela gutxira arte euskarazko tokiko komunikabide batean eta tokiko hedabideen elkartean jardun naizelako lanean.  Parte  izan garenok iritzia kutsatuta edukitzeko arriskua izan ohi dugu.

Gaur herriko aldizkarian berriro irakurri dut Eusko Jaurlaritzak (EAJk dago idatzita aldizkarian) Berriari egindako murrizketez aipamena. Testuinguruak  eta nork dioen gutxienekoa dira. Kezkagarriena da hilabete pasa ondoren,  eta sektoreak esleipen hau eta beste batzuk irentsi dituenean gaiari  bueltaka jarraitzen dugula, sektoreko kide bat hobetsiz, besteen. Eta ez deritzot justua.

Aurreko beste administrazio bateko arduradunek beste irizpide batzuek erabiliaz,  tokiko aldizkari txikiak kaltetu zituzten ebazpenak onartu zituzten. Aldizkari asko, maiztasuna aldatu, kolorea eta orriak gutxitu, eta beste erabaki batzuk hartu beharrean aurkitu ziren, hain zuzen, irismena bezalako  irizpiderik ez zelako kontuan hartu. Isil isilik jarraitu zuten lanean.

Baztanen jardunean dagoen telebista bakarra, Iruñerrian emititzeko lizentzia lortu berri duena, urtetan egon da diru-laguntzarik jaso gabe, deialdiek, falta zuen baimen administratiboa exijitzen ziotelako behin eta berriz. Xorroxin irratiko herrikideek bezalaxe, EREan, edo okerrago kobratu gabe lanean jardun behar izan dute. Aurten dirudienez zerbait jaso dute, eta laguntza  horrek beste batzuen patrikak hustetik etorri behar.

Zer esan Sakanako Guaixek edo Anbotok edo beste hainbatek aurreko urteetako deialdietan izan zituzten murrizketez eta jasan zituzten zailtasunez? Gaur, euren irismena eta efizientzia onartzen zaielako onik atera bide dira, baina eurengana joan den dirua beste patrika batzuetatik atera behar izan da noski.

Zenbatek daki  gurean Hernanin Kronika deitzen den egunkari bat argitaratzen dela eta hau ere kaltetuetako bat izan dela?

Euskal Herria Irratiak, edo Tolosaldeko 28 kanalak –urte askoan lehen aldiz udal batzuen diru-laguntzen ukazioa jasan duena- , edo Goienak edo beste hainbatek, ez al dute merezi herritarren  eta administrazioen aitortza eta saria?

Aizu! Kendu inbertsioetatik eta eman diru gehiago euskarari erantzun daiteke, baina errealitatea da ez Jaurlaritzak ez Foru Aldundiak ez dutela nik dakidan arte horrelakorik egin aurreko urtean eta egoera honetan multzo baten barruan egin daitezkeen banaketa guztiak batzuen kaltetan eta besteen onerako izango dira.

Errealitatea konplexuegia da irakurketa sinple eta interesdunetan  laburtzeko. Pentsatzen dut, sektoreak birmoldaketa sakon baten  beharrra duela eragingarriagoa eta efizienteagoa izan dadin. Zinez uste dut euskal hiztunok egunkari nazional bat merezi dugula,denona, irekia,irizpide demokratikoenetan oinarritua, laburbilduz, Euskal herriko hiritar guztiek berea bezala  sentituko  dutena.

Baina euskarazko hedabideen gaurko errealitatea irauli eta beste egoera horretara jauzia emateko hainbat gauza aldatu behar dira: errealitatearen ikuskerak, jarrerak, iritziak, eta noski, edozein birmoldaketa egin  izan denena bezalaxe (siderurgia, banketxeena,…) dirua.

Uriola Bilbon

Uriola, uholdea, bat bateko ur etorri handia omen da. Gaur iristen da Bilbora. Euskal hiztun gehien dituen munduko hiriburura. Munduko gehien ez balitz ez litzateke Bilbo. Uriolak baina iragankorrak izaten dira,  indar handiz etorri eta poliki-poliki desagertzen dira. Ez nuke nahi izenak eta esanahiak bat egitea euskarazko hedabide berri honen historian. Hobe uriola baino gureagoa  den euri-lanbro edo zirimiri ater gabe eta oro bustitzaile bat bihurtuko balitz  munduko hiri euskalduneneko euskaldun guztiak blaituz.

Bilbok, komunikazio proiektu euskaldun integratzaile eta indartsu bat merezi du. Gaur arte ez da lortu Bilbo bakarrik kontuan hartuko duen hedabide euskaldunik. Ahaleginak izan dira, baina haatik edo besteagatik ez dute aurrera egin. Gaur uriola.info aurkeztuko dute Berton, Prest eta Bilbo hiria irratia hedabideek. Uriolaren sorrera oso gertutik jarraitu dudanez ezagutzen dut sustatzaileek Bilboko eragile euskaldun guztiak biltzeko egin duten ahalegin zintzoa. Batzuk ezeren truke jarri dira dagoeneko lanera eta euren  kolaborazioak bidaltzen hasiak dira etorkizun oparo bat iragarri nahian bezala.

Uriolaren sustatzaileek Bilboko euskaldun guztiak nahiko lituzkete beren inguruan: hedabide, norbanako, administrazio, alderdi, eragile sozio-ekonomiko, merkatari, hezkuntza, kirola, denak. Ez hori bakarrik, guztiei ahotsa eta euren berri emateko parada eskaini nahi diete.

Sortzez proiektu zabala, irekia, euskalgintzak sorturiko egitasmo guztiak bezala agertzen da: aberats asmotan, baina urri baliabideetan; eskas ondasunez baina oparo ilusioz. Munduan agintzen duen kapital finantzarioak ez du euskaran inbertitzeko gogorik. Euskara guretzat bakarrik da erakargarria eta itsulapikoak hutsik administrazioaren laguntza ezinbestekoa da bidea urratzeko. Administrazioak ere jasotzen du harreman honetatik ez baita egia eman bakarrik egiten duenik askotan euskalgintzako eragileei leporatu izan zaigun bezala.

Zailena eginda dagoela esan daiteke. Aurrerantzean, bilbotarrek eta beren ordezkariek horrela nahi badute luzerako izango dugu uriola.info eta bertatik sortuko diren proiektu berriak.

Gaur ezin izango naiz Uriolaren aurkezpenean izan aurrez hartutako konpromiso garrantzitsu batek eragozten didalako. Atzo bai. Atzo, Urumeako Kronikaren aurkezpenean izan nintzen. Lehen Hernaniko Kronika zena. Euskarazko hedabideen errekan urak indartsu datoz. Proiektu berriak ari dira sortzen. Berrikuntza, eraginkortasuna, sareak sortzea eta teknologiak dira proiektu berri eta berritzaileen ezaugarriak. Jarrai dezagun bide honetatik, indarrez, umiltasunez eta ahaleginak batuz indar handiz etorritako urak gurekin gera daitezen.

Beruana. Umorea eta Goiena.

Umorea elikagai garrantzitsua da pertsonentzat. Era guztietako bitaminak eskaintzen dizkigun toxina guztien aurkako  antidotoa da, eta kaloriak murrizteko duen gaitasuna eztabaida ezina da. Matrailako giharrak tonu onean mantentzea da eskaintzen digun beste onura bat. Euskaldunen artean guztiz maitatua baina gutxi erabilia aldizkari eta egunkarietan eta are gutxiago gai jakin batzuei buruz ari garenean. Umore idatziaz ari naiz noski.

Ematen du euskarak ahozkotasunetik idatzizkora egin duen bidean umorearen gaia ahaztu duela bazter batean. Fisikaz idatz genezake, ekonomiaz, ingeniaritzaz, baina umoreaz kosta egiten zaigu. Baita txisteak euskaraz kontatzea ere.  Gurean txiste kontalari ezagunenak gazteleraz aritu izan  dira, Karlos Argiñano kasu, edo lehenago euskal hiztunei edo casheroari iseka eginaz gazteleraz aritu ziren Pello Kirten edo Chomin del Regato umorista dorpeak adibidez.

Badaude salbuespen batzuk. Kike Amonarrizek Argian idazten duen tartea datorkit gogora, eta atzerago eginaz, IGELA, euskaldun heterodoxoen aldizkari ironiko propaganda politiko edo erlijiozkorik  gabea, Jon Mirande eta Txomin Peillenek besteak beste sortutakoa eta tamalez gehiegi iraun ez zuena. Sasoi hartan euskaldun heterodoxoa eta jarrera politiko edo erlijioso gabea izateak bazituen bere arriskuak.  Gaur ere bai. Satira eta adar jotze idatziak min egiten dute oraindik, eta barrea eragiteko asmoekin gai batzuk ukitzea arriskutsua bihur daiteke.

Dani Larreak uztailaren 26an Beruana izenburuarekin idatzi zuen gutunak ez zituen gai arriskutsuak ukitzen, baina idatziari zerion ironia eta herriko euskara dotoreak kontraste eta haize freskoa sartzen zituen gehienetan konfrontazio politiko gupida gabea eta aldarrikapena nagusi dituen sekzioan.

Horientzat ere tokia behar da noski, baina umorea eta umore klabeetan idatzitakoak ere terapia sanoak dira guztiontzat; baita ere politikako ur sakonetan murgilduta bizi direnentzat edota bizitzak eskaintzen dizkigun egoera edo une zailak bizitzea egokitu zaienentzat.

Horregatik Goienako hedabideek, idatzizkoek eta besteek, umoreari uzten dioten tarteak, oraingoak baino dezente handiagoak izan beharko liratekeela uste dut. Bergarako udalak antolatzen duen Koldo Eleizalde literatur lehiaketan toki bat dago umorearentzat. Ez dakit ze arrakasta duen zenbat idazten den, ze genero, baina ez legoke gaizki Goienak horrelako ekimenak bultzatzea; argazki lehiaketak antolatzen dituen bezala txiste lehiaketak edo umorezko kontakizunen lehiaketak antolatzea; telebistan tarteka umore saio bat egitea…  Ez da erraza, arriskutsua ere izan daiteke, baina gaur duen konbentzionalismo eta zurruntasunarekin tarteka haustea ona litzateke  gure gizartearen osasun fisiko eta burukoak eskertuko luke.

Ea animatzen diren.