Andreas Jaffke (?) Williams sindromearen alde.

Gurean aspaldiko kontua da oinez ibiltzeagatik edo korrika egiteagatik ordaintzearena. Kilometroetako sortzaileak ideia Ipar Ameriketatik ekarri zuenetik makina bat Kilometro (aldaera desberdinetan lurraldearen arabera) eta Korrika ospatu dira euskararen alde. Eguna iristen denean buru-belarri murgiltzen gara guretzat erritual moduko zerbait bihurtu den eginkizunean. Zazpi kilometro oinez egitea edota kilometro bat edo beste korrika, eta itsulapikoa betetzeko gure diru-ekarpena egitea izaten da errituaren funtsa.

Kontu zaharra da. Berria dena da, estatu osoan ugaltzen ari direla horrelako praktikak. Harrigarrietan harrigarrienetakoa Rikardo Abad naparraren kasua da. 2012an adibidez 500 egun jarraietan 500 maratoi osatzeko erronka bete zuen (gogoa, sasoia eta denbora behar da gero) ANFAS nafar elkarteak 50 urte betetzen zituela eta. Duela urte batzuk ezagutu nuen Quebrantahuesos txirrindulari froga oinez egiten ari zela. Bera; ni bidertzean nengoen parte-hartzaileei animoak ematen.  

Sarean ere badaude horrelako ekintzak bultzatzeko sortutako webguneak. Zuk erronka bat plazaratzen duzu, adibidez Oñatitik Algeziraseraino -tira Arrasatera beharbada nahikoa-  txingoka  joatea, eta erronka elkarte batendako diru bilketa bihurtzen laguntzen dizute, adibidez https://www.migranodearena.org/ webgunean. 

Andreas Jaffke horietako erronka batean sartu den artista bat da. Rikardo Abad txiki bat. Bere helburua da Maratoi erdiko mundu-lehiaketan parte hartzea eta 1:25:00 denbora baino gutxiago egitea lasterketan.

Diru-bilketa bat ere proposatzen du eta jasotzen dena Espainiako Williams sindromearen elkartearen (Euskal herrian ez dugu elkarterik) eta beste elkarte baten alde izan  dadila. Bejondeiola fenomeno honi diru asko ateratzen ez badu ere hain gutxi ezagutzen den errealitate honen berri emateko balioko baitu bere ekimenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude