Uriola Bilbon

Uriola, uholdea, bat bateko ur etorri handia omen da. Gaur iristen da Bilbora. Euskal hiztun gehien dituen munduko hiriburura. Munduko gehien ez balitz ez litzateke Bilbo. Uriolak baina iragankorrak izaten dira,  indar handiz etorri eta poliki-poliki desagertzen dira. Ez nuke nahi izenak eta esanahiak bat egitea euskarazko hedabide berri honen historian. Hobe uriola baino gureagoa  den euri-lanbro edo zirimiri ater gabe eta oro bustitzaile bat bihurtuko balitz  munduko hiri euskalduneneko euskaldun guztiak blaituz.

Bilbok, komunikazio proiektu euskaldun integratzaile eta indartsu bat merezi du. Gaur arte ez da lortu Bilbo bakarrik kontuan hartuko duen hedabide euskaldunik. Ahaleginak izan dira, baina haatik edo besteagatik ez dute aurrera egin. Gaur uriola.info aurkeztuko dute Berton, Prest eta Bilbo hiria irratia hedabideek. Uriolaren sorrera oso gertutik jarraitu dudanez ezagutzen dut sustatzaileek Bilboko eragile euskaldun guztiak biltzeko egin duten ahalegin zintzoa. Batzuk ezeren truke jarri dira dagoeneko lanera eta euren  kolaborazioak bidaltzen hasiak dira etorkizun oparo bat iragarri nahian bezala.

Uriolaren sustatzaileek Bilboko euskaldun guztiak nahiko lituzkete beren inguruan: hedabide, norbanako, administrazio, alderdi, eragile sozio-ekonomiko, merkatari, hezkuntza, kirola, denak. Ez hori bakarrik, guztiei ahotsa eta euren berri emateko parada eskaini nahi diete.

Sortzez proiektu zabala, irekia, euskalgintzak sorturiko egitasmo guztiak bezala agertzen da: aberats asmotan, baina urri baliabideetan; eskas ondasunez baina oparo ilusioz. Munduan agintzen duen kapital finantzarioak ez du euskaran inbertitzeko gogorik. Euskara guretzat bakarrik da erakargarria eta itsulapikoak hutsik administrazioaren laguntza ezinbestekoa da bidea urratzeko. Administrazioak ere jasotzen du harreman honetatik ez baita egia eman bakarrik egiten duenik askotan euskalgintzako eragileei leporatu izan zaigun bezala.

Zailena eginda dagoela esan daiteke. Aurrerantzean, bilbotarrek eta beren ordezkariek horrela nahi badute luzerako izango dugu uriola.info eta bertatik sortuko diren proiektu berriak.

Gaur ezin izango naiz Uriolaren aurkezpenean izan aurrez hartutako konpromiso garrantzitsu batek eragozten didalako. Atzo bai. Atzo, Urumeako Kronikaren aurkezpenean izan nintzen. Lehen Hernaniko Kronika zena. Euskarazko hedabideen errekan urak indartsu datoz. Proiektu berriak ari dira sortzen. Berrikuntza, eraginkortasuna, sareak sortzea eta teknologiak dira proiektu berri eta berritzaileen ezaugarriak. Jarrai dezagun bide honetatik, indarrez, umiltasunez eta ahaleginak batuz indar handiz etorritako urak gurekin gera daitezen.

Berrogeita hamar euro urtean ez dira asko.

Baltistan Fundazioan Machuloko Munawar eskolako 2014ko bideragarritasuna ziurtatzeko asmotan gabiltza. Horrela ibiltzen gara urtean urtekoa ziurtatuaz, urte anitzeko plan bat egitea ezinekoa delakoa.  Kanpaina honen bidez lortutako diruekin eskolatutako nesken, edo familia txiroko semeen (gaur dotoreago geratzen de baliabide urriko edo horrelako zerbait),  edo zurtzen, gastuak ordaindu nahi ditugu eskolara joateko aukera izan dezaten.

Pakistan, India eta Afganistanek osatutako hirukoa munduan txiro dimentsioaniztun gehien dituen eskualdea da. Ez portzentajean, baina bai zenbaki absolututan. Pobrezia areagotu egiten da mendiko zonaldeetan; Hushe ibarra da adibide egoki bat.

Berrogeita hamar euro ez dira asko, bestela eskola ezagutuko ez zukeen neskatila baten urteko matrikula, materiala eta uniformeak  ordaintzeko balio badu. Ez da asko honela neska baten hezkuntza  urte batez ziurtatzen badugu, hori egin ezean etxean geratu beharko litzatekeelako bizi den inguru latz horretan gutxi batzuk direlako hezkuntzaren onurak jasotzeko eskubideak dituztenak, eta gutxiago neska jaiotzen dena.  Neskak hobe omen daude  etxean amaren eginkizunak eta lanak ikasten,  gazterik,  bera baino urte batzuk zaharragoa izango den gizonezko batekin ezkondu ahal izan dadin. Horrela dira gauzak Karakorumeko ibar ezkutu honetan.

Askotan galdetzen diot neure buruari zergatik lehenetsi dudan azken hamahiru urtetan Gobernuz Kanpoko Erakunde honekin lankidetzan aritzea, gurean ere pobrezia mugarik gabe ari denean zabaltzen. Ez dut erantzun garbirik. Agian 2000 urtean hango jendea ezagutu nuelako eta hemengo txiroenak ez bezala hangoen aurpegiak gorde ditudalako. Agian gurean hainbat egoera guztion artean babesten ditugulako zergen  bidez eta han ez. Agian gurean beste erakunde batzuk erantzuten dietelako bertako behartsuei eta han ez. Agian askoz zailagoa iruditzen zaidalako hemengo elkartasun taldeetan aritzea hangoetan baino.

Hautua eginda, ekimenaren berri ematea eta zure ekarpena eskatzea tokatzen  zait. Berrogeita hamar euro soberan badituzu, jakin egiten dizugun proposamen honekin neska baten urteko ikasketak ordaintzeko aukera izango duzula Baltistan Fundazioaren ekimenarekin bat egiten baduzu.

Errealitate honi buruzko informazio gehiago nahi baduzu, Goienak ostiralean argitaratutako elkarrizketara jo zenezake, edota fundazioaren webgunera.

Ezagutzen ez duzun neska horrek, inoiz ezagutuko ez duen babesleari esker ikasi ahal izango du.