Euskaltelen gehiegikeria bat.

Ekonomiako irakasleentzat monopolio kasuetan ematen diren arriskuak ikasleei azaltzeko balio dezakeen adibide bat dut esku artean. Seguru asko telefoniako beste operadora  batzuenak ez dira eredugarriagoak izango, baina bakoitzak ezagutzen duenetik hasi beharra dauka salaketa hauek egiten, bereak bakarrik ezer gutxirako balioko duela jakitun izanik,  baina bezero asebete batek bere hornitzaileei buruz bost laguni hitz egiten dien bitartean, gustura ez dagoenak hogeita bosti kontatzen diola dioen esaerari jarraiki eta bere esanahia frogatu nahiz.

Etxebizitzaz aldatu naiz, eta urtarrilaren 13an Euskaletelek egiten zidan eskaintza onartu nuen etxe berrirako. Lekualdatze lanetan nenbilenez lehengo etxeko internet zerbitzuak mantentzea erabaki nuen harik eta berria abian izan arte. Urtarrilaren 18an jarri zidaten  eta 18an bertan deitu nuen 1717ra. 1, 2 eta ahal dakit zenbat  digito hainbat aldiz sakatu ondoren, azkenik, nire arazoari irtenbidea aurkitzeko egokia izan zitekeen pertsonarengana iritsi nintzen. Etxebizitzaz aldatu nintzela eta lehengoan nituen zerbitzuen baja egin  nahi nuela esan nionean, berak, ez neukala ezer egin beharrik, tramite hori automatikoa zelako;  etxe batetik bestera pasatzerakoan lehengoko baja automatikoa zela alegia. Nik seguru ote zegoen, eta berak baietz. Ez ote zidaten gero bietakoa pasatuko hurrengo fakturan, eta ezetz, lasai egoteko. Bada horretan utzi nuen gaia beste ezer egin gabe Euskalteletik (kasu honetan ezingo digute esan Euskaltel ez dela bere “iritziemaileek”  esandakoen erantzule) entzundakoaz  lasai asko, patxadan, etxe berriaren abantailez gozatuz

Otsaila hasieran iritsi zen faktura berria helbide zaharrera. Egun batzuk beranduago jaso nuen, eta  ustez, gutxi gora behera 30-40 € inguru izan behar zena, 71,03€ko faktura bihurtuta zetorren. Hori ondorioztatzen nuen  ulertzerik ez zegoen faktura baten azken lerrotik, eta baieztapen gisa kopuru hori  kargatu zidatelako nire kontuan.

Berriro 1717ra deitu eta faktura ez nuela  ulertzen. Bi  telofono finko  eta bi internet sare nituela eta biei zegokiela kopuruak telefonoz beste aldean zegoen neskatxak.  Bizi nintzen etxe zaharreko  maizter berriak berea alta  emana zuenez, Euskaltelekin honek ere, bi internet sare eta bi finko zeuzkan erabilgarri, bat neuk ordaintzekoa.

Nik orduan baja eskatu nuela urtarrilaren 18an telefono dei batez, eta operadora batek erantzun zidala ezer egin  beharrik ez nuela baja automatikoa zelako. Deiak grabatzen dituztenez, froga-bidea bazuela esan nion.

Berak ezetz; baja eskatu eta izenpetu beharra nuela bestela ez zela balekoa.

Nik berriz, ez nintzela euren errakuntzen erantzule eta ez  nituela zertan ezagutu euren barne prozesu guztiak. Operadora batek esaten bazidan utzitako etxeko elementuen baja automatikoa zela berrian alta ematerakoan, kasu egin behar niola eta horrela jokatu nuela inuzente, lasaitasun  osoz.

Erreklamazio bat jartzeko orduan.  Erreklamazioa jarri nuen pentsatuaz nire argudioak kontuan hartuko zituztela. Gizagaixo!

Bada ez. Ez azalpenik, ez ezer. Ez da kontuan hartu eta kitto.

Ordurako erreziboa itzulita, jakin barik bizi naizen auzora ez dela  Euskaltel ez den beste operadorarik iristen (hori esan didate kontsultatu ditudan bi operadoreek), eta monopolio egoera honetan  nahi duen guztia egiteko aukera duela.  Baita bezeroa egurtu nahi badu ere.

Atzo iritsi zitzaidan (Etxe berrira) martxoaren 6ko muga-egunez faktura ordaintzeko agindua, horrela egin ezean zerbitzu guztiak epe desberdinetan kenduko zizkidatela esanaz.  Gau erdirako Internet eta sakelekotik deitzeko aukerak moztuta neuzkan. Ez dut uste aukera askorik geratzen zaizkidanik auzora beste operadorarik ez datorren bitartean, baina martxoaren 6ra arte daukat Euskaltelek horrelakoetan nola jokatzen duen jakiteko. Hori bai, azkenean ordaintzea erabakitzen badut, edo ordaindu beharrean baldin banago, hurrengo egunetik hasita, multinazional izan nahi duen eta multiprobintziala ozta-ozta den enpresa harro honen zerbitzu barik nola bizi naitekeen pentsatzen hasteko izango da. Adioa gertuago izango da dagoeneko ohitzen hasia bainaiz.  (jarraituko da).

Herritarren parte-hartzeaz

Duela asko idatzi nuen blog honetan bazela Himalaia ingurutan Barne Porduktu Godina baino, arlo eta indikadore jakin batzuk neurtuz Barne Zoriontasun Gordinaren egoera neurtzen tematzen zen erresuma bat. Ipuin baten hasiera dirudiena, errealitatea da, eta guztiek bezala bera alde eta kontrak dituen errealitatea.
Neurtzen duen arloetariko bat gobernantza onarena da, eta honen barruan, ez diote garrantzia handiena ematen gobernuen jarduerari, baizik eta parte-hartzeari eta herritarren dituzten zerbitzuei. Bakoitzari %40ko pisu ponderatua ematen diote, eta Gobernuaren jarduerari berriz %10. Euren iritziz, ematen diztuzten zerbitzuen egokitasuna eta herritarrek parte hartzeko dituzten aukerak dira Gobernantza ona zehazteko irizpideak
Herritarrak goberantzan parte hartzeko erreibindikazioak geroz eta garrantzia handiagoa ari da hartzen gurean, demokrazian sakontzeko oinarri sendo legez, eta dudarik gabe hainbat gatazka konpontzeko giltzarri bezala.
Aspaldian asko kezkatzen nauen gaia, da eta sarri idatzi izan dut Gobernantza onaz. Aitortu behar dut ez naizela aditua eta idazten dudana nire txisteratik aterea dela nola prestidigitadoreak untxia beretik. Alde honetatik eskertuko nuke bateon batek bibliografía egoki bat gomendatuko balit.
Kasu bat hartuta  sakonduko dut nire iritzian.
Lezon EAJ (Gobernua) eta EHBilduk (oposizioa) zaborrak biltzeko akordioa sinatu dute bakoitzak gaiaren inguruan bere programetan zituen oinarrietan  amore emanaz. Akordioak eraginkortasuna, administratuen erosotasuna, iraunkortasuna eta beste hainbat onura dakar.
Udalean zinegotzi bakarra duen alderdiak  berehala eman du prentsaurrea EAJk iruzurra egin duela  eta erreferenduma eskatu du.
Beharrezkoa da erreferenduma kasu honetan? Zalantza barik ez, hamahiru zinegotzitik hamabik izenpetzen duten akordio baten aurrean gaudelako, eta programetan agindutakoaren gainetik herritarren onura egon behar delako nire ustez. Badakit batzuentzat programen erakusleihoan agertzen dena uki ezina dela, bainakoerentzia birtute guztien gainetik jartzen dutenetatik dezente urruti egiten dut igeri.
Erreferenduma beharrezkoa ez izan arren, ez legoke gaizki sesgo politikoa sahiesteko tresnak kontuan hartuta sortuko den talde parte-hartzaile bat antolatzea iritzia eman dezan.
Talde parte-hartzaile ireki gehienek sesgo politiko bat izateko arrisku handia dute. Gure inguruan begiratu baino ez dago eratu direnen %99an, parte-hartzaileen %99a joera politiko jakin bateko militante edo zale zirela ikusteko. Sesgo horrek demokrazia duindu eta parte-hartzailetza sustatzeko egiten diren ahalgin oro deustetatzen ditu  sortzen diren une beretik. Taldeak herritarren ordezkariak izan beha dira eta taldekideak herritar multzo guztietakoak izan behar dira. Norbanakoak ere bai, baina kopuru mugatuan eta teknika estatistikoak erabiliaz aukeratuak. Horrela bakarrik berma daiteke parte-hartze prozesuaren demokratikotasuna eta herritarrek onartuko duten erabaki egokia.
Pausuak hauek izango lirateke.
*Lehenengo udalak definitu beharko luke zein den zaindu nahi duen ontasun publikoa edota zein den herritarren onurarako egiten deun plantemendua. Lezoko kasuan izan daiteke, Udal honetako ordezkariok birziklatze tasa gorenak ziurtatuko dituen zabor-bilketa sistema egokiena antolatu nahi dugu, derrigortasunean, egonkortasunean, bideragarritasunean eta herritarren erosotasunean oinarrituta.

*Galdera bat ere egin beharko luke kasu honetan eta hau izan daiteke: Uste duzue udalean gehiengo oso haundiz lortu den akordioak erreferendum bat behar duela baieztapenerako? Ala ez?

*Taldea osatzea baino ez zaigu geratzen.
Hauek sartuko nituzke: akordioarekin bat egin ez duten udal-taldeetako ordezkari bana, garbiketa-langileen ordezkari bat, sindikatuetako bana, herri-taldeetako (kultur, kirol, elkarte gastronomiko, emakume, ekologista, edadetu, gaztetxe) hainbat ordezkari, ikastola-eskoletakoak, merkataritzakoak, enpresetakoak, Osakidetzakoak,… eta beste hainbeste norbanako, hori bai, lagina zoriz hautatuta taldea bere esanetara nahi duen edornork aukerarik  ez dezan izan bere iritzia kopuruen edo botuen indar hutsez ezartzeko aukerarik .
Iritzi bat da; bide posible bat. Agian ez dut ezer berririk ekartzen ez baitut gai honen inguruko prestakuntzarik eta bibliografiarik. Beharbada bai, ez dakit. Baina seguru proposamen berritzailea dela ez baitut toki askotan horrelako planteamenturik ezagutu nahiz eta antzeko batean edo bestean kide izan naizen, eta seguru demokrazian sakondu eta konfliktoak sahiesteko formula egokia dela. Eta antza gure zoriontasun gordina areagotzeko bidean balio handiko tresna.

Igande goiz batez San Telmon.

Igande goizez egin daitezkeen gauzen artean museotara joatea da bat. Ez ohikoena baina bai daitekeena. San Telmo museoko bi erakusketa begiz jota nituen eta azken igandea erabili genuen sartu-irtena egiteko. Erakusketa bat Joxean Artzeren unibertsoa 14ra arte zabalik dagoena, eta bestea Gaur Konstelazioak oraindik denbora baterako bertan izango dena. Bitxia bi abizenen arteko baterakotasuna. Handienetik txikira, kanpotik barrurantz, unibertsotik konstelaziora antolatu genuen bidaia.
Unibertsoa. Irrikaz eta beldur piska batekin sartu nintzen Joxean Artzenera ez baitirudi erraza poesia erakusketa bat antolatzea. Lau pantaila zutik eta beste bat zabaian zituen espazio txiki, hertsi, ilun batean barneratu ginen, eseri libre zen tokian, eta hasita zegoen ikus-entzunezkoan murgildu ginen.
Saioa amaitu eta ikusle-entzuleak mugitzen hasi zirenean, toki hobea hartu, zentzumenak on-en ipini eta ikuskarian barrena sartzeko prestatu genituen sentsore guztiak. Musikak, hitzek, eta irudiek egin zuten beste guztia. Biltzen gintuen instalazio landuak, une eta mezu ondo aukeratuek, poetaren izaera intimo eta barnerakoia biluzteaz gain bere unibertso barrenera egotzi gintuen. Barrura sartuta Artzeren aro desberdinetan zehar bidaia azkarra egiteko aukera izan genuen, mezu eta gogoeta barnekoiak irudi eta hots bihurtzen zitzaizkigun bitartean, eta poetaren espazio-unibertso unibertsal eta intimoa maileguan hartuta. Bera, eta bere poesia lanen musikatzaile aparta izan zen Mikel Laboa izan genituen bidelagun, eta ikusle-entzuleok une zirraragarriez gozatzeko aukera izan genuen hautatutako aulkira edo pufera itsatsita.
Ahal baduzu ez galdu Ikimilikiliklik ikuskaria. 14ra arte dago zabalik.
Unibertsotik Konstelaziora. Espazioan zehar egin genuen bidaian hirurogeiko hamarkadan sortutako Gaur taldearen konstelaziora iritsi ginen. Konstelazioak eta Ez dok hamahiruk (Joxean barne eta buru) eragin zuten lurrikara, herri honek azken mendean izan duen iraultzarik garrantzitsuena bilakatu zen: iraultza kultural baten antzeko. Gaur mende erdi pasata, oraindik hamarkada hartan ereindako hazitik elikatzen dira hein handi batean gure arte plastikoak, literatura eta musika. Gaur taldekoen erakusketa motz samar geratu dela iruditu zitzaigun. Motza da lagina eta lotsatia erakusketa; obra gutxi eta azalpen justuak. Gipuzkoarron konplexua ikusten da. Ez ei zaizkigu erakusketa, obra, ekimen handiak gustatzen. Nahiago ditugu singleak eta aurrekontu txikikoak. Seguru Bilbon beste indar bat emango lioketela; taldeak merezi duena bestalde. Agian San Telmo ez da horrelako erakusketak egiteko toki aproposena eta Tabakalera bezalako espazioak behar ditugu.
Edo agian arte garaikideari tokia egin beharrak lapurtu zion merezi duen ikusgarritasuna konstelazioari.

Konstelaziotik Iruña-Veleiara.
Hau bai bidaia! Arte garaikideak ere badu bere gela Kairos izeneko erakusketarekin. Iruña-Veleiak ere bai gela honen barruan. Agian ez du horrek arte garaikidearekin zerikusi handirik, baina sortzaileek uste dute arteak salba dezakeela Iruña-Veleia. Zientziak ez omen du salbatu nahi eta arte asko beharko da hainbeste gaiztotu den (duten) gaia salbatzeko.
Egoera absurdo batean gaude murgilduta, non zientzia eta jakituriaren esparruko dialektika beharko lukeenak epaitegietako eta eztabaida ez-zientifikoaren gai bihurtu den; ia lanbankadaka ebatzi nahi den auzia.
Ez dut uste Iruña-Veleiarekin gertaturikoa beste inon gerta zitekeenik. Dekretuz ondare arkeologiko baten faltsutasuna erabakitzea eta eztabaida zientifiko eta azterketa zorrotzen gaia izan beharko lukeena politika eta zuzenbidearen ikuspegitik ebatzia izatea ez da ohikoa. Ez behintzat nik ezagutzen dudan arte. Besterik ezin gehitu gai honetan adituak ez garenok. Aurreko pentsamenduak buruan atera nintzen museotik, Juan Martin Elexpururen borroka miresteko argudio bat gehiago poltsikoan.

Ez dira gutxi ez igande goiz batek eskaintzen dizkigun aukerak. Honek daukan abantaila da museoa Alde Zaharretik gertu izanik,  lagun zaharrekin solasean basoerdi batzuk hartzeko beta ematen duela.