Urtebetetze eguna (atzo).

Sei hilabete pasa dira zuri azken posta idatzi nizunetik eta  hementxe naiz berriro, duela sei hilabete esandakoa betetzen, agindutakoak bete egin behar izaten  dira eta. Hori da ikasi behar duzun lehenengotariko gauza bat esaten duzuna betetzeko dela. Baina hori ikasi aurretik beste gauza asko ikasi behar dituzu. Poliki poliki.

Aitortu behar dizut erabat nagituta nabilela bloga elikatzeko kontuarekin. Duela urtebete pasa hasi nintzen nire burua diziplinatu nahian, baina geroz eta gehiago kostatzen zait idaztea. Pentsa! Zure zorion post hau urtebetetze egunaren bixamonean ari naiz idazten! Lanak ere nahiko lotua nauka aspaldian. Ea udazkenerako gauzak aldatzen diren

Bada hori da ikasi behar duzun gauzetariko bat; hain nagia ez izaten. Biberoia hartzeko ere lo harrapatu behar izaten zaitu amak eta eserita jartzen zaitugunean, zela edo hala, baina betik amaitzen duzu etzanda. Hori ez da ganoria! Badakit azken egunotan hasi zarela eserita denbora gehiago egoten eta hori oso ondo dago.

Gau igande goiza da. Eguraldi txarra dago atzokoaren aldean, atzoko ere zelabaitekoa izan zen arren.  Euria goitik behera ari du eta ezin sagarrondoak inaustera joan. Ez da sasoi onena Jagoba Errekondok dioenez. Gaur goizean sartu da ilargia  ilgoran eta inausketa mota hau ilbeheran egin behar omen. Egurra ganbaratik jaitsi eta berogailua pizten saiatu naiz arrakasta handi barik. Haritz zati eder batzuk ekarri nituen baina ez dute hartzen. Noizean behin arte zati batzuk botatzen dizkiot eta horiek bai. Horiek ondo, baina haritzak…

Mahlerren 3. Sinfonia jarri dut lagun egiteko. Ikaragarria da Jessye Norman hau. Donostian ere egonda omen dago kantuan. Ez dut zuzenean ikusi, baina kantuan entzutea zirraragarri da.Hau esaten dizut uste dudalako kantua asko gustatzen zaizula zuri ere.

Hor jarraitzen du haritz zahar horrek. Garrek errebotatu egiten dutela ematen du. Mahlerren sinfoniaren 6.mugimendua amaituaz doia eta oraindik ez dizut atzokorik kontatu. Elkartean bildu ginen bazkaltzeko. Etxekoak eta bilbotarrak, hamahiru lagun. Zenbaki txarra baina gauzak ondo joan ziren (oraintxe dirudi sua hartzen ari dela egur zatia). Egunen batean ikusiko dituzu argazkiak. Opariak ere egon ziren, zure ama poztu, baina zure interesik piztu ez zuten jantziak gehien bat. Baina oso politak denak.

Nik zerbait jostagarriagoa daukat gordeta zuretako: jolas bat. Leap frog etxekoa. Habilidades de aprendizaje: habilidades motoras finas, animales, vocabulario (gazteleraz) dio kaxan. Erdiak egia balira…

Ea bada etortzen animatzen zaren. Etxea bero-bero izango dut zatozenerako. Haritz madarikatu horren sua hartzen badu.

Beno. Urte askotarako eta mila laztan.

Orain aspiragailua pasatzera. Gero arte.

Gure ama.

Kosta egiten zaio bati bere bizitzari buruz idaztea. Jendaurrean barruak biluztea  bezalakoxea da. Norberaren ama hiltzen denean ordea, berari buruz idazteko obligazioa sentitzen du batek.

Gure amak asko sufritu du bere bizitzan zehar. Sasoi onak ere ezagutu ditu eta ilusioz betetako uneak ere bai, baina penak eta minak txikitatik hurbildu zitzaizkion, beste batzuk zoriontsu diren adinean. Hamar urte zituela gerra ezagutu zuen eta milizianoek bere aita eta bi osaba etxetik nola ateratzen zituzten ikusi zuen.  Jaiotetxea utzi eta beste baserri batzuetan ezkutatuta egotea zer den ere probatu zuen. Bi osabak ez zituen gehiago ikusi Larrinagako espetxean akabatu zituztelako. Aita bueltan etorri zitzaion. Suertea izan zuen eta jo zuen balak ez zuen hil. Amaren aitona karlista omen zen biztanleria erdia karlista zen herri batean. Hori izan zen bekatua. Aitona etxean aurkitu ez eta seme bi eta zuina eraman zituzten milizianoek. Gerran alde guztiek egiten dituzte gehiegikeriak. Horregatik dira gerrak.

Gerra ondorenak ere ezagutu zituen bere belaunaldi osoari egokitu zitzaion bezala. Ezkondu zen eta betik alaba bat desiratu izan zuen arren, bost mutil eman zizkion naturak. Seigarren mutil bat bidean galdu zuen. Bost semeak hazi eta hezi behar, baina Goi mailako Eskolak ematea ez zen orduan hain erreza. Zela edo hala lortu zuen bere ametsa hamaika estutasun pasa ondoren.

Seme zaharrenek ikasketak amaitu eta lanean hasi zirenean etorri zitzaizkion sasoi onenak, eta seme gazteena oraindik ume txikia zela, bizitzaz disfrutatzen hasteko tarte bat izan zuen. Lehen bilobak etorri zitzaizkion, eta gauzak zer diren, hiru neska eta mutil bat izan zituen lehenengo.

Geroago, duela hamazazpi urte, senarra gaixotu zitzaion. Handik gutxira, duela ia hamabost urte, iktus batek aulki gurpildun batera lotu zuen betiko. Gorputzaren preso pasatu ditu urte hauek guztiak. Azken urteetan beste biloba batek eta birbiloba batek (biak neskak) piztu zizkioten ilusioak eta bizi nahia. Eurentzat bizi zen.

Hil honen hemeretzian deitu zuen Jaungoikoak bere ondora. Horrela esaten dute fededunek eta bera fededuna zen. Asko sufritu du eta bere sufrimendua beste batzuekin partekatu du ezinezkoa baita hainbeste sufritzen duenak ingurukoak bere sufrimendutik aske mantentzea. Jakina bizitzaz disfrutatzen ere jakin izan duela, baina sufrimendu fisiko eta psikikoak gupida gabe zigortu zuten azken urteetan.

Ez da bakarra noski. Adinarekin, gaztetan ez bezala, jende asko ikusten duzu sufritzen zure inguruan. Lagunak, familia artekoak, edo ezagunak besterik gabe. Sufrimendua bidegabe banatzen da. Batzuei asko tokatzen zaie zozketan; beste batzuei ezer ez. Gure amari dezente egokitu zitzaion. Aitari ere bai. Euren belaunaldiari egokitu zitzaizkionak gehi propioak. Azken urteotan partekatu dugun sufrimendutik aske gara orain. Bidean hainbat oroitzapen geratu dira. Denak ez dira onak. Muturreko egoera batzuetan norberak nerbioak galdu izanak ondo eginaren balantza zamatzen du.

Ahaztu egiten zaigu zer den horrelako egoera batean bizitzea. Ezin dugu gureganatu fisikoki ezertarako ez den pertsonaren sufrimendua, eta batzuetan ez gara iristen ulertzera une horretan maitasuna dela eskatzen duena. Saiatu gara bere ondoan egoten azken hamabost urteetan baina seguru batzuetan ez dugula asmatu. Ez gara perfektuak.

Etorkizunari begira jartzea egokitzen zaigu orain. Gure bizitzan ordu asko kendu digun zaintza eginkizunetik libre gara. Egoera berrira egokitu beharra dugu eta seguru egiten garela, baina segurua da ere zerbait faltan botako dugula, egoera berrira  ohitu arte eta  denborak iraganaren arrastoak ezabatu arte.

Gaur sei hilabete

Nola ez idatzi sei hilabete egin dituzunean 15 egunekin  -eta seguru orduan orain baino gutxiago ulertzen zenidala- idatzi banizun.

Jakina zalantzak izan ditudala. Handiak! Baina pentsatu dut koldarra izango nintzatekeela orain atzera egingo banu. Gauzak asko aldatu dira ordutik hona. Orain orduan ez nekiena dakit. Naturak tantaka eskaintzen duen aldaera horietako bat eskaini zizun, eta zuk hartu. Baina hori ezin da izan orain atzera egiteko arrazoia. Idatzi behar dizut. Eta urte bete egingo duzun egunean ere bai.

Bi ostiral dauzkat markatuta. Egunen baten jakingo duzu zeintzuk diren. Batean aspaldiko albisterik onena jaso nuen. Besteak barruak nahastu zizkidan. Ez dut ulertzen zergatik, baina ez gaude prestatuta albiste mota hori entzuteko. Zorigaiztoko bihurtzen ditugu eta  egun haietan bizi izan nituenak nik beste inork ez daki.

Ordutik hona zure minek eta bihotzeko gorabeherek nirea erdibitu dute behin baino gehiagotan, baina jaso ditudan pozak eta albiste onak horiek baino askoz gehiago dira. Aurrera nola egiten duzun ikusteak biziberritzen nau. Aurrerapen bakoitza garaipen bat da eta hurrengoaren zoru bihurtzen da egiteko daukazun bide luzean.

Bidaia zurekin batera egiteko gogoa pizten zait, baina ez da nire egitekoa. Horretarako daude Miren eta Bernat eta zuen mundua. Badakit momentu zailak ere etorriko direla, baina nork ez ditu bere bizitzan bizi izan. Nori ez zaio bizitzaren garraztasuna une batean edo bestean agertzen. Zuk ez dituzu gure munduaren gakoak ulertzen eta ez duzu ikusten zenbat jende ari den sufritzen gure inguruan. Hala ere aurrera egin beharra dago. Ezin dugu esperantza baztertu.

Bitartean, ni Mugarik Gabeko Aitona-amonen Gobernuz Kanpoko Erakundean sartzea lortu duzu. Ez nuen uste horrela izango zenik baina harro asko joaten natzaizu bila ikastolako haurtzaindegira zure itxaropen begi urdinen eta zorion irribarre maltzurraren zain. Asteartetako elikagai onena izaten da niretzat.

Beno txikí! utzi egin behar zaitut aitorpen hauek guztiekin lotsatzen hasita nago eta. Badakit zeure buruari galdetuko diozula zergatik ez dizkizudan hauek guztiak lasaitasunez esaten blog batean idatzi ordez, jakinik primeran ulertzen didazula.

Arrazoia duzu. Lotsa kontua ere izango da. Baina  ez kezkatu, hemen idatzitakoak ez dituelako jende askok irakurtzen. Ezagunek bakarrik. Zuk, nik, Miren,  Bernatek eta haien ingurukoek  bakarrik. Lagun arte itxian geratuko da guztia.

Kosta egiten zait agur esatea, baina  egin beharra daukat. Gero arte zorteko banaiz, eta blog honetatik, sei hilabete barrura arte.

Adio, eta laztan bat.

Hamabost egun eskas

Hamabost egun eskas haren birikak beharrezkoa dugun oxigenoa airetik odolera garraia arazteko behar diren lanak egiten hasi zirenetik.

Hamabost egun eskas amaren hutsune ilun, umel eta epela, bederatzi hilabetez babesleku, utzi eta argiaren eta ilunaren arteko kontraste oraindik bereiz ezinarekin  bizi izatera ohitu behar izan zuenetik.

Hamabost egun eskas, behin babeslekuaren bakardadea eta isolamendua utzi eta mundu eta jendarte zaratatsu batean bere tokia aurkitzen hasi behar izan zuenetik.

Hamabost egun eskas bere amarekin behin behinekoz lotzen zuen zilbor hestea hautsi eta amarengandik berezituta bizi izatea erabaki zuenetik.

 Hamabost egun eskas bizitzarako bidai luzeari ekin zionetik; baina ai ene! Ezin bakarrik abiatu. Ezin sortu zintuztenen laguntza eta babesik gabe urrats bakarrik eman.

Hamabost egun egin dituzu bizitzaren ikasgai baliotsuenak ikasten hasi zarenetik.  Denbora  asko beharko duzu aske izateko behar duzun guztia ikasteko.

Ikasketa prozesu  luzea izango duzu eta nahi izanez gero bidelagun har nazakezu. Tarteka, eta zeuk nahi duzun une eta egoeretan, beste bidelagun batzuk ere izango dituzu eta.

Hamabost egunetik hona kontrako norabideak  daramaten  bi lerrotan kokatu gara biok. Zu, hazi, hezi, ikusi, ikasi, asimilatu, formak igarri, alaitasuna eta tristura antzeman;  emozioak ezagutu eta emozio guzti horiekin emakumetzeko bidean abiatu zara.

Zure bide luzearen lekuko izan nahiko nuke, eta ondorioz zeu  ere  nik egin behar dudanaren lekuko izatea. Hain justu zurearen aurkakoa, nire bidea ere bizitzaren legeek mugatzen baitute. Horrela behar du eta ez dago zertan kezkatu.

Bitartean, espero dut zure eta nire momentuek sarri bat egitea. Denbora justuan, ez gehiago, ez gutxiago, zuk zure bizitza eraiki behar duzulako nik neurean aurrera egin beharko dudan bezala.  Baina zure eta nire bizitzak elkar-gurutzatuko diren une horiek biontzat politak, bizipozez beteak  eta aberasgarriak izatea nahiko nuke. Horretan saiatuko naiz.

Duela hamabost egun eskas sortu zinen Amaia.