Diktadura eta diktadura aurreko ikurrak (pare bat) Donostian.

Gerra Zibila eta diktadura garaiko azkeneko ikurrak kendu dituela jakinarazi du Getxoko Udalak, Espainiako Etxebizitza Erakundearen plakak, alegia. Oraindino hiru plaka kendu behar dira, baina laster egingo dutela azaldu du Udalak, irakur daiteke Hirukaren azken alean eta  Hiruka.eus webgunean ekainaren 19ko dataz.

Data bertsuetan, Debagoeineko Puntua aldizkariak gai berari heltzen dio eta Frankismoaren arrastoak izenburuko artikuluan horietako batzuk zerrendatzen ditu Iker Oñate kazetariak.

Erdi oñatiar eta erdi donostiar naizenez, edo agian ez bata eta ez bestea ez bainuen aukeratu ez Oñatin jaiotzea ez gaztaroa Donostian ematea,  Donostiako (ez Ñoñostiako batzuek esatea gustuko duten bezala) monumentu pare bat aipatu nahi ditut. Bata oso ezaguna eta betiko geratzeko eraiki zena:  Urgulleko Motako gazteluaren puntan ageri den  Jesusen bihotza, Francoren diktadura hasi berrian, berrogeiko hamarkadan jasotakoa, gaur hiri paisaiaren zati  ezabaezina gaztelua bera bezalaxe, edota Urgull mendia bera bezalaxe. Jesusen bihotzak hor jarraitu behar duela ez du gaur egun inork zalantzan jartzen, are gutxiago gerrarik edota gerrari buruzko kontakizunik etxean entzun ere egin ez duten belaunaldi berriek. Ezta sinesgabeek ere.

Motako gaztelua

Beste bitxikeria hiriko tokirik enblematikoenetako batean dagoen plaka bat da. María Cristina Hotela eta Victoria Eugenia antzokiaren erdian, Urumea ibaira eta Ulia mendira begira dagoen Okendo almirantearen oroimenez eraikitako eskulturaren oinarrian itsatsita dagoen plakako testua hain zuzen.

Honela dio euskaraz: OKENDO  ko  ANTONIO / ITSAS GIZON AZKAR / GUDARI BIKAN / KRISTAU FEDETSUA / ESPAÑA-ren ALMENA MAKURTZERAKUAN / SORTERRIYAREN ADIMENA /  EUN GUDATAN EUSTEN JAKIN ZUBANA / JASOTZEN DIYO NAITASUNEZKO / OROIPEN AU SEME AIN /ARGIDORTARRARI AINTZEZ POZTURIK / DONOSTIAKO URIYAK /1577-1640

Testuaren zatiren bat hain garbi geratzen ez denez, sorterriyaren adimenaz ari dena zehazki, hona hemen gaztelerazko bertsioa zalantza izpirik gera ez dadin: AL GRAN ALMIRANTE / D. ANTONIO DE OQUENDO/ EXPERTO MARINO /HEROICO SOLDADO / CRISTIANO PIADOSO / QUE AL DECLINAR EL PODERIO / DE ESPAÑA / SUPO MANTENER EN CIEN COMBATES / EL HONOR DE LA PATRIA / DEDICA ESTE TRIBUTO DE AMOR / LA CIUDAD DE SAN SEBASTIAN / ORGULLOSA DE TAN PRECLARO HIJO/ 1577 – 1640

Estatua Miguel Aguirre Lazcano bergarrak egin zuen eta testua antza denez Carmelo Echegarayk idatzitakoa da. Gerra aurretiko eta frankismoa baino dezente lehenagokoa izan arren, testuak duen “kirats” inperialak talka egiten du gaur egun gure gizartean nagusi diren ideologia eta pentsaera moldeekin. Alkate hautatu abertzale eta sozialistak baino ezagutu  ez dituen udal batek plaka hau kendu ez izana anekdoten zakuan gorde beharko dugu, baina ez legoke gaizki euskara batuaren arauetara egokitu beharra aitzakiatzat hartuta testu egokiago bat jartzea.

Edozeinek irakurrita ere!

Erata mendi apala.

Erata ez da ospe handi ez txikiko mendia. 2003 metro baino ez ditu eta Piriniotako mendi-pusken aurrean hori ez da ezer. Alperrik bistak ( Perdido, Tendeñera, Cotiella, Midi d’Ossau…), edo beste dohainak, aurkezpen txarteletik altuera bakarrik hartzen denean meritu bakartzat. Urtero joan ohi gara, behin baino gehiagotan ere bai, izan Cotefabloko tunelaren ekialdeko irteerako parkinetik abiatuta, izan Yéserotik igota, edo gaurkoan bezala ibilbidea Espierren hasita. Barbenuta eta Espierre 1.200 metro inguruko garaieran dauden bi herrixka auzo dira, politak eta egoki berriztatuak bereziki bigarrena. Espierrek eliza erromaniko txiki, irmo eta oso zaindu bat dauka; Baseliza baten tamainakoa. Merezi du ikustea kanpotik bada ere, gehienetan itxita egoten baita. Barbenutan berriz mahasti txiki bat dago landatuta duela lau bat urte, eta aurten atera omen dute merkatura bertako ardoa. Oso botila gutxi, mahastiak ez baitu hektarea erdia gaindituko, eta ondorioz garestia. Emaitza ezin da inolaz ere ardo merkeen geruzan sailkatu.

Espierretik Eratara igotzeko hiru orduko ibilaldia dago gutxi gora behera. Lehenago harlauzez estalitako  bide zahar bat zen abiapuntua, eta orain ere han izango da bidea, baina pista zabal batetik markatzen dute hasiera. Gaurkoan ere ez dago jenderik ibilbidea hasteko prest. Motxilak hartu eta bagoaz biok tipi-tapa oinez.

Bidea erosoa da, baina zoritxarrez tarteka txirrindulariek botatako gel-elikagai ontzi hutsez zipriztindua. Itzulerarako utziko ditugu.

Gaur guk inoiz egin gabeko bide bat egingo dugu. Pista aurrera joan ahala lehen bidegurutze garrantzitsuan hegoaldera (eskuinera) irtetzen duen abarra hartuko dugu. Hegoaldera ere egiten du bira aurrerago, mendebaldera gero, eta poliki poliki mendi-lerroaren hegia hartzen du. Hona iritsita ekialdera joan beharko dugu hegiari jarraituz eta Ainielleko herri abandonatua gordetzen duen sakanaren gainean norabidea berriro aldatuta San Benitoren baseliza pasata Eratako gailurrera iritsiko gara.  

Jazoera aipagarri gehiagorik gabe, azeri lotsagabe bat gurutzatu zaigula ezpada (lehenago errepidean eperra izan da gurutzatu zaiguna), iritsi gara abiapuntura bost orduko joan-etorria osatuz.

 

Txirrindularien zabarkeria.

Bizikleta oso garraiobide ekologikoa dela esan ohi da, eta horrela beharko luke fabrikatze eta garraioak behar dituzten lehengaiak eta eragiten dituzten zakarrak kontuan hartuko ez bagenitu, baina badauka alderdi ez hain ekologiko bat, hain zuzen, munduko lasterketa garrantzitsuenetan ikusten dugun hori, hau da, txirrindularitzaren munduak errepide eta bazter guztiak hondakinez beteta uzteko duen ohitura zabar hori.

Antza, beren idoloena egitea maite dute hainbat txirrinduzalek eta dozena bat jel-hontzi jaso behar izan ditugu itzulerako bidean.

Aurtengoan neska lirain musuemalieen parafernalia guztia ezabatu dute hainbat antolakundek emakumeen erabilera desegoki hau arazo barik baztertu daitekeela erakutsiz. Hondakinen gaira itzuliz eta esaten den bezala  zabor onena sortzen ez dena bada, edota sortu beste irtenbiderik ez dagoenean hondakin onena biodegradagarria dena egia bada, zergatik ez hasi dagoeneko  neurriak hartzen?

Mendian edo hirian  ez genuke  ezer bota behar lurrera, noski, baina  edukiontzi hauek bota beharra izanez gero ere, zergatik ez derrigortu iraungitze data bat izatera   barruan gordetzen dituzten elikagaiek duten bezalaxe?. Likidoak gorde behar dituzten edukiontzietan ez da hain erreza  izango noski, baina ezin al dira barra energetikoak edo jelak adibidez ontzi biodegradagarrietan bildu? Eta bereziki, zergatik ezin dugu kaleaz edo mendiaz gozatu sortzen ditugun hondakinak modu egokian kudeatu gabe?

dav 

Izango al da gurean inoiz tokirik gizarte zibilarentzat?

Txetx Etxeberrik  Berriari emandako elkarrizketa batean Gizarte zibilak Iparraldean duen  indarra eta Hegoaldekoaren dinamismo eza nabarmentzen ditu : “Argi dena da, eta modu orokorrean —ez dagokie soilik instituzioei—, gizarte zibilaren rola biziki modu desberdinean ikusia dela Iparraldetik ala Hegoaldetik. Iparraldean, azken 20-30 urteetako esperientziagatik —departamenduaren aldeko borroka, Batera, Garapen eta Hautetsien Kontseilua, Aurore Martinen eta beste euroagindu batzuen kontrako borrokak…—gizarte zibila, hautetsiak eta instituzioak elkarlanean aritzeko ohitura bat egon da, gaur egun Hegoaldean irudikatzea zaila litzatekeena, sektore batzuen aldetik bereziki, eta pentsatzen dut gure ekimenaren ikuskeran eragin ahal izan duela: ez zuen sinesgarritasun bera Iparraldean eta Hegoaldean, ez delako ohitura eta kultura bera, gizarte zibilak har dezakeen lekua, bete dezakeen rola, eta bere zilegitasunari dagokionez

Ez da denbora asko,  Caroline Phillips Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluko presidenteak Argiari emandako elkarrizketa batean ere, Iparraldeko eta Hegoaldeko demokrazia eredua eta kultura demokratikoaren artean ikusten zituen desberdintasunak azpimarratzen zizkigun Txetxek oraingoan dioena beste era batera azalduz:

 “Hemen (Iparraldean) edozein dela instituzioetan gertatzen dena, gizarte zibilak sendo izan behar du. Bestela, teknikariak politikarien alboan aritzen dira ideiak sustatzen, gizarte zibila alde batera utziz.”

“Ez dut esan nahi Hegoaldean demokrazia ez dagoenik, baina falta dute gizarte zibilaren ordezkaritza indartsu bat, poltikaren egituretatik, instituzioetatik deslotua.”

Gizarte Zibilaren dinamismoak egin du seguru asko posible armagabetze prozesuan alderdi guztiak (eskuin muturrak izan ezik) eta gizartea bera eskutik joatea pitzadurarik gabe, Etxegarai Baionako alkate eskuindar edo zentristak (kasuan ez du garrantziarik) instituzionalki prozesua lideratzea eta egin duenaz harro egotea, eta azken batean prozesua bera arrakastaz burutzea.

Jakina beste diferentzia batzuk ere badaudela Ipar eta Hegoaldearen artean, baina biziki interesgarritzat jotzen dut Iparraldeko bilakaera politiko-instituzionalean gizarte zibilak duen partehartzea politika bera baldintzatzerainokoa. Hurrengo ondorioa Euskarak lehenengoz lurralde estatutua izatea izan daiteke.

Nafarroa ere Erkidego dinamiko bezala azaltzen zaigu. Bazterketaren aurka egoera demokratikoagora eta justuagora bidea egiteko gai izan dira lau alderdi, euren arteko desberdintasunak (gurean gaindi ezinak) behingoz behintzat bazterrean utzita.

Batek baino gehiagok esango du gurean horiek guztiak aspaldi lortuta ditugula, eta egia da neurri batean, baina egia da ere, gure politika, errepikakorra, aspergarria eta atzera begirakoa ari dela bihurtzen. Iparraldean Gizarte Zibilari zaion errespetua eta Nafarroan bertako indarrek desberdintasunak gainditzeko agertu duten ahalmena gurean txertatuko bagenitu beste oilar batek joko liguke kukurruku.

Geroz eta gehiago amorrarazten nau, itxaropen oro galdu arte, hemengo lau-urtean behineko eredu politiko/demokratikoak.

Plagioak gurean?

Mikel Hernandez Abaituari  bere azken nobelari buruz Sautrelan egin zioten elkarrizketa ikusi nuenean irakurtzeko gogo bizia piztu zitzaidan gaia euskal literaturan izan den iruzur  handienaren ingurukoa zelako. Benetan gertatutako  plagio batez hitz egiten ari zenez, Interneten hasi nintzen arakatzen ea nor zen iruzurgile handi hori eta zein plagioa jakin asmoz. Donostiar erdaldun idazle baten plagioak baino ez ditut aurkitu. Alvaro Bermejorenak. Antza, Mujika Lainez, Marcos Crotto eta beste hainbat idazleren lanak kopiatu zituen eta sariak irabazi. Hain zen handia bere iruzurgile pasioa, euskaraz ere irabazi zuela sariketa bat euskara jakin barik beste idazle baten lana kopiatuz. Jakina, konplizeren bat  beharko zuen ekintza gogoangarri  honetan, ezin baitaiteke ulertu hizkuntza bat jakin barik beste batetik itzulpen itxuroso bat egitea. Baina hau ezin da izan gure pertsonaia.

Eleberria irakurri dut eta asko gustatu zait. Klasikoa da, lineala, kapitulu batekoak aurrekoaren ondoren gertatzen dira, eta betik dago sorpresarako tarte bat erraz irakurtzen den  liburu honetan.

Hala ere, ezin jakin nor den iruzurgilea. Nobelako pertsonaietako bat, agian garrantzitsuena, editore bat da. Bere neska-lagunak plagio bat aurkitzen du editorea euskal  poesiaz lantzen ari den bilduma batean, eta horren berri eman behar duela esaten dio, iruzurgilea salatu egin behar duela alegia. Editorea ez da ausartzen salaketa hori egiten hain da idazle horrek jasotzen duen miresmena nahiago duela isilik gordetzea.

Pista batzuk edo despista batzuk ematen ditu liburuak. Idazle aleman baten ia hitzez-hitzezko itzulpenak dira poesiak (batzuk). Poeta euskalduna  aktorea ere bada, eta gutxi balitz, argitaletxearen sortzaileetako bat. Horregatik agian ez da ausartzen gure editore kuttaua jendarteko salaketa  egiten.

Kontua da Mikel ere ez dela ausartzen (ulertzen dut), ezta bere editorea, eta ezta ere seguru asko honen berri  izango duten hainbat eta hainbat idazle, editore eta kultur eragile.   Hain bide dago zabaldua istorio hau, baten bat gaiari buruzko doktore tesi bat ere idazten ari dela. Orduan jakingo dugu agian zein den idazle tranpati hau, eta benetan poeta eta aktorea den, alemanetik itzuli duen bere poesia, ipuina edo dena delakoa, edota editorial baten sortzailea den ala ez.

Euskal literaturaren munduan, beste guztietan bezala, iruzurgileak ezagutzeko eskubidea du irakurleak. Irakurtzen ari dena edo ordaindu duena, idazlearen sorkuntza lana edo kopia bat den jakiteko eskubidea du. Erdal literaturako iruzurgile euskal herritarra zein den badakigu: Alvaro Bermejo du izena eta erdal hedabide bateko kolaboratzailea izan da urte askoan. Sariak ere irabazi ditu kopiatutako ipuinekin. Zein ote da euskal literaturako plagio egilea eta zein bere pekatua? 

75 asiar liztor erregina

Hirurogeta hamabost dira duela pare bat aste jarritako lau tranpatan erori diren asiar liztor erreginak. Argazkian daude eta banan bana zenbatu ditut.

Tranpak garbitu, likido berria isuri barruan eta bigarren tranpa jarri orduko liztor bat zegoen lehenengoan. Laugarrena prestatu orduko bi.

Oñatin aurtengo ehiza denboraldian ehundik gora basurde eta beste hainbeste orkatz ehizatu bide dituzte eginkizun horretan aritzen diren kuadrillak. Haiek sikiera jateko eta txorizoa egiteko balio dute. Hauek erlak jateko baino ez.

Tira! batzuk ez dute aurtengoan habiarik egingo eta ez dute milaka liztor berri sortzeko aukerarik izango.

 

 

 

 

Udaberria bikain dator. Aspaldi ez ditut sagarrondoak horren loratuta ikusi. Aurtengoa gauzak okertzen ez badira sagar urtea izango da gurean. Ihaz ezin izan genuen sagardorik eta sagar-zukurik egin. Ea aurtengo uztak botila hutsak betetzeko beta eskaintzen digun. .

erla sagar-lora bateko polena batzen.

Loraldiak erlak pizten ditu eta lanean ari dira oraingoz asiar liztorraren beldurrik gabe. Arazoak aurrerago etorriko dira erreginak habiak eginda liztor berriak sortzen hasten direnean. Bitartean euren lanarekin gozatzen ari dira erlak. Mugikorrarekin  argazkitan hartzea ez da langintza erraza izaten. Saiatu naiz baina ezin argazki onik egin.

Eusko Jela? bai!

Ez dut gustuko Euskal, Eusko edo erako hitzak izen komertzialen aurrizki bihurtuta  ikustea, guztion jabetzako izenak izanik  baten probetxuan erabiltzen direla iruditzen baitzait. Euskoauto, Euskalsofa, Eusko Jela dira horietako batzuk.

Heranegun  Eusko Jelaren furgoneta bat ikusi nuen Donostian iragarki polit bat albo banatan. Argazkian duzue. Hona ekartzen dut  ez delako ohikoa enpresa batek desberdinen eskubideak era honetan aldarrikatzea, gutxiago  eskuinetik eraso gogorrak jasotzen ari den kolektibo baten alde hain nabarmen egitea.

“Transexualitatea gizarteratzen jarraitu behar dugu, gorroto borroketan sartu gabe” Zioen Bea Severrek Puntua aldizkariak egin zion elkarrizketa batean. Ez dakit nola baloratuko duen gizarteratzeko era orijinal hau, baina nik nire ezjakintasunetik, esango nuke txalo bat merezi duela Eusko Jelaren konpromiso honek, gutxira arte halabeharrez ezkutuan bizi izan den kolektibo baten errealitatea eta eskubideak kaleratzen laguntzen duen heinean.

Eskultura bat toki okerrean.

Zubiaz beste aldean, zelaiaren ertzean ari ziren kokatzen eskultura.

Joan den larunbatean izan zen. Otaleko Ibarretik bueltan, Bujaruelora iritsi berritan bertako aterpetxeko kanpoaldean zerbeza bat hartzen ari ginela, zubiaz beste aldera jende multzo  haundi bat bularrean vive libre lema inprimatuta zeukaten kamiseta laranja-beltzak  soinean ikusi genuen, negu amaierako epeltasuna eta ariketa fisikoaren berotasunaren eraginez  kaltzontziloak baino ez zeramatzan gizon baten  inguruan zeina zulo sakon bat egiten ari baitzen lurrean.

Haietako bat gertutik igaro zenean zertan ari ziren galdetu genion. Erantzunak hanka sartu izanaren sentsazioa eragin zion galdegileari: “Vamos a poner una escultura en homenaje a mi hermano que murió aquí el año pasado”.  Ezin erantzun gaizki iruditzen zitzaigunik bere anaia maitatuaren omenez eskultura bat jartzea Bujarueloko zubia pasa eta Bucheroko eta Ara Ibarreko bideak  bereizten diren tokian, guztiona behar duen babestutako esparru natural batean.

Bertan zegoen bete oñatiar batek esan zuen bezala, hildakoak ere ez zukeen nahiko toki horretan bere omenezko eskultura bat.

Omendua joan den apirilean Ara Ibarrean desagertu zen zaragozar gazte bat izango zen seguru asko. Telefonoa aterpetxean utzita abiatu zen bakarrik antza denez, eta erreskate taldeak antolatu ziren arren inork ez zuen bere berri izan harik eta artzain batek Labazako Txabolatik aurrerago gorpu bat aurkitu zuen arte.

Duela gutxi, eskualdeko jatetxe ezagun bateko aparkalekura hainbat autotan iritsi zen  bazkaltzera  lagun talde bat. Ez dut haiei buruzko informazio gehiago. Kontatu zidatena da autoetatik jaitsi eta errauts batzuk aireratu eta sakabanatzen aritu zirela jantokira bazkaltzera sartu aurretik.

Ondo da gertuko hildakoak gogoan izan eta omentzea, baina bi gertaera honen aurrean norberaren askatasunaren mugei buruzko gogoeta ariketa bat egitea ez legoke batere gaizki.

Berriro eta azkenengoz Samantarekin.

Bikote guztiek irudikatu dute inoiz euren burua haurra leihotik behera botatzen dio Samanta Villarrek bere azkenengo irtenaldi mediatikoan.  Badaezpada, eta zalantzarik egon ez dadin garbi esan behar dut nik ez dudala inoiz tentazio hori izan ez seme-alabekin ez bilobekin.

Samantaren gaia berriro hartzen badut da aurreko “Puntuan” gai honetaz idatzi nuen iritzi-orrian akats ortografiko serio bat egin nuelako testua ez berrikusteagatik. Amaieran pasarte hau idatzi nuen edo idatzi nahi izan nuen: Presta bedi nerabezaroa, nota txarrak, gaueko irteerak eta beste hainbat etorriko zaizkionerako, eta bereziki ez dakiola ezer gerta bere seme-alabek amamatzen dutenean”.

Eta zer agertu zen? “ez dakiola ezer gerta bere seme-alabek mamatzen dutenean.”

Amamatu hitza ez da Elhuyar hiztegian agertzen baina edonork ulertzeko modukoa dela iruditu zitzaidan. Hasierako a galtzeak ekarri du esaldiak zentzu guztia galtzea, edo nik eman nahi ez nion zentzu desberdin batez irakurri ahal izatea.

Gertatzen diren gauzak!

Gaixotasun arraroen mundumailako eguna.

Gaur ez da salmenta berezirik espero hedadura handietan edota jostailu eta opari denda berezituetan.

Gaur ez da espero mila koloretako jantziak soinean eta kolore askotariko banderak eskuan gizon–emakumeak multzo alaietan desfilatzen ikusterik.

 Ezta musika eskoletako txarangak edota herriko abesbatzak kale eta bazterrak alaitzen aritzerik.

Gaur ez da Santa Klausen jantzi gorria edo Olentzeroren matraila gorriak kalera ateratzeko eguna.

Gaur egun arrunt bat da. Gaixotasun arraroen mundumailako eguna da soilik, eta hain dira arraroak euren egunean ere ez dutela merezi atentzio pixka bat edota hedabideetan titular bat. Are gutxiago Ihauterietako azken eguna bada eta arratsalde-iluntzerako liga norgehiagokak programatuta baldin badaude.

Ez dute laguntzen aldizkari gehiago saltzen edota ikusle-entzule gehiago izaten.

Williams sindromea, gaixotasun arraro ezezagun bat gaixotasun arraroen egunaren bezperatan.

Otsailaren 29a mundumailako gaixotasun arraroen  eguna da. Azken lau urtetako egun guztien papertxo bana poltsa batean sartuz gero, otsailaren 28a lau aldiz sartuko dugu baina 29a behin bakarrik. Zoriz bat aterata, otsailaren 29a izan dadin dagoen probabilitatea, bat da 1461 aukera posibleen artean. Egun arraroa izanik, zein hobea gaixotasun arraroen  eguna ospatzeko!

Gaixotasun arraroen artean Williams sindromea dugu. 1961ean identifikatu zuen  Williams izeneko Zelanda Berriko sendagile batek. Aurretik ere baziren sindrome horrekin jaiotakoak, baina  ordura arte ez zen jakin zer zen  eta nola eragiten zuen jasaten zuten pertsonengan. Garbi dago batzuetan izenik ez dagoena ere izan badela. Hainbat afekzio fisiko eta intelektual eragiten ditu 7. kromosoman material galera baten eraginez sindrome hau pairatzen dutenengan. Zainetan estuneak, giharretako tonu baxua, estrabismoa, eta atzerapen mental txiki bat edo ertaina (moderatua) izaten dira sindrome hau dutenek jasan behar izaten dutena, baina oso sinpatiko eta abegikorrak dira eta musikarekiko zaletasun ikaragarria dute. Kantuan eta dantzan ibiltzeko beti prest.  

Probabilitate kontuetara itzulita, sindrome honekin jaiotzekoa otsailaren 29a suertatzekoa baino askoz txikiagoa da. Bat zazpimila eta bostehun jaiotzen artean.  Euskal Herrian urtero 30.000 haur inguru jaiotzen badira, honek esan nahi du urtero lau jaio beharko liratekeela sindrome horrekin, eta hamar urtetik beherako haurren artean 40 inguru izan beharko luketela sidrome hori jasaten dutenak.

Hori da probabilitateek diotena,  baina ez dakit egia ote den. Nik behintza ez ditut asko ezagutu, eta  ez irakaskuntza munduan ibili nintzenan ez komunikabideenetan ere ez dut ezagutu sindrome honen berri zuen profesionalik. Ez dut psikologorik, ez irakaslerik, ezarreta gozitiarreko teknikaririk. Bere berri zuen pertsona bakarra aurkitu dut eta bere bidez jakin nuen Bizkaian bazela beste kasu bat. Gehiago ere izango dira noski.

Izenik ez duena ez dela existitzen esaten den bezala, ezagutzen ez dena ere ez da existitzen gure begietara behintzat. Existitzen denez, ezagutzera eman nahi dut aurten gaixotasun arraroen eguna otsilaren 28an ospatuko dela baliatuz, ezagutzatik onurak baino ez direlako etortzen nere ustez. Ez ekonomikoak edo materialak,  gehienak ukigarriak ez diren onurak izaten dire, baina onurak azken batean.

Zuretzat 28a egun arrunta bada, gogoan izan gure gizartean makina bat sindrome eta gaixotasun arraro daudela eta ona dela, sikiera egun batez, egitate horren kontzientzia hartzea.