Eskultura bat toki okerrean.

Zubiaz beste aldean, zelaiaren ertzean ari ziren kokatzen eskultura.

Joan den larunbatean izan zen. Otaleko Ibarretik bueltan, Bujaruelora iritsi berritan bertako aterpetxeko kanpoaldean zerbeza bat hartzen ari ginela, zubiaz beste aldera jende multzo  haundi bat bularrean vive libre lema inprimatuta zeukaten kamiseta laranja-beltzak  soinean ikusi genuen, negu amaierako epeltasuna eta ariketa fisikoaren berotasunaren eraginez  kaltzontziloak baino ez zeramatzan gizon baten  inguruan zeina zulo sakon bat egiten ari baitzen lurrean.

Haietako bat gertutik igaro zenean zertan ari ziren galdetu genion. Erantzunak hanka sartu izanaren sentsazioa eragin zion galdegileari: “Vamos a poner una escultura en homenaje a mi hermano que murió aquí el año pasado”.  Ezin erantzun gaizki iruditzen zitzaigunik bere anaia maitatuaren omenez eskultura bat jartzea Bujarueloko zubia pasa eta Bucheroko eta Ara Ibarreko bideak  bereizten diren tokian, guztiona behar duen babestutako esparru natural batean.

Bertan zegoen bete oñatiar batek esan zuen bezala, hildakoak ere ez zukeen nahiko toki horretan bere omenezko eskultura bat.

Omendua joan den apirilean Ara Ibarrean desagertu zen zaragozar gazte bat izango zen seguru asko. Telefonoa aterpetxean utzita abiatu zen bakarrik antza denez, eta erreskate taldeak antolatu ziren arren inork ez zuen bere berri izan harik eta artzain batek Labazako Txabolatik aurrerago gorpu bat aurkitu zuen arte.

Duela gutxi, eskualdeko jatetxe ezagun bateko aparkalekura hainbat autotan iritsi zen  bazkaltzera  lagun talde bat. Ez dut haiei buruzko informazio gehiago. Kontatu zidatena da autoetatik jaitsi eta errauts batzuk aireratu eta sakabanatzen aritu zirela jantokira bazkaltzera sartu aurretik.

Ondo da gertuko hildakoak gogoan izan eta omentzea, baina bi gertaera honen aurrean norberaren askatasunaren mugei buruzko gogoeta ariketa bat egitea ez legoke batere gaizki.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude