Etiketaren artxiboa: zalduondo

8 egun falta


Txapelketa egingo den
ingurua

Gasteiz izango du gune
nagusitzat ekainaren 26an ospatuko den Distantzia luzeko Europako
triatloi txapelketak. Ez da sekretu bat hiri honetan bizi izan dudan
denboran maitemindu egin naizela. Bere handitasunean zerbitzu eta
azpiegiturek daukaten hurbiltasunaz, hiriak inguratzen duten
paisaiez, unibertsitate inguruan bizi den giroaz… Onartu beharra
daukat Gasteizek unibertsitate lehenengo urtean harrapatu ninduela
eta ezin izan naizela korapilo horretatik askatu.

Igeriketa Landa lakuan izango
da. Hiruki formako ibilbide bati bi bira eman beharko diogu. Agian
gune hau izan da Gasteizen bizi izan ditudan urteetan gutxien zapaldu
dudana, hiritik 25 kilometrora baitago eta horra heltzeko
azpiegiturak oso eskasak dira kotxerik ez izanez gero. Baina hala ere
leku oso erakargarria udaberriko edo udako egun bat igarotzeko dituen
zerbitzuengatik eta dagoen tokiarengatik.

Bizikletako ibilbidea oso
laua da. Arabar lautadatik igaroko da. Landatik irten eta Zalduondoko
herrira joango gara, hortik Agurainera eta nazional zaharretik
Gasteizera. Hiriburura sartu gabe Buesa inguruan bira egingo dugu eta
Landara berriro bigarren bira hasteko. Bigarren bira horretan
bizikleta Buesa Arenako inguruetan utziko ditugu eta korrikako
zapatilak jantzi korrikako azken sektoreari aurre egiteko. Bizikleta
zirkuitua eginda daukat eta esan dezaket oso laua dela. Bataz besteko
abiadura altuak lor daitezke haizeak errespetatzen badu eta zailtasun
teknikorik gabekoa. Probako zatirik “errazenak” dudarik gabe
igeriketa eta bizikleta.

Korrikako ibilbidea Salburua
parkean izango da. Hamar kilometroko hiru bira eta Buesa Arena
pabiloitik barrenetik igaroko da. %50 pista eta % 50 asfaltoa. Bertan
korrika saioren bat edo beste eginda ditut. Eguzkia egiten badu
badaude itzalguneak baina ez dira ugari hauek. Jendearen animoak
inoiz baino beharrezkoagoak izango dira probako zati honetan. Amaiera
benetan polita izango da, Europa mailan dagoen saskibaloi talderik
onenetakoaren etxean eta hainbat gau magiko oparitu digun lekua.