Euskara salbatzeko dekalogo bat argitaratu zuen Pako Aristi idazleak Berrian igandean. Puntu horietako batean dio, aholku hauek fotokopiatu bitez, sartu Interneten, blogetan… Horrek lizentzia ematen duelakoan, testua osorik kopiatu dute Sustatukoek, nik berdina egingo dut Nire etxeko leihoan.
- Euskara politizatu beharra dago, alegia, alderdi guztiek sar
dezatela euren hauteskunde-programako lehen postuan. PPk promesa
itzelak egingo ditu bere zabalkundeari buruz; PNV, hori hausteko,
urrunago joango da; PSOEk, bere tradizio kaskarra ondu beharrez,
euskara ikastera bidaliko ditu politiko guztiak. Ikus ditzaket EAko
aseguru-etxeetako langileak besapean Saizarbitoria hartuta. Euskara
politizatuta balego boto asko legoke jokoan. Politiko guztiek ikasiko
lukete, eta boto-emaileak elkarren arteko konpetentzian sartuko
lirateke, zeinek gehiago eta hobeto hitz egin, zorioneko pelean. - Hizkuntzaren legitimazio ez-errebindikatiboa planteatu behar da.
Errebindikazioak ez daukagun zerbait eskatzea esan nahi du, eta guk ez
badaukagu, beste batek daukalako ari gatzaizkio eskean. Eta beti eskean
dabilenak bazter guztiak nazkatu egiten ditu, eta okerrena: bere
buruari ezer eskatzea eta exijitzea ahazten zaio. - Horrekin lotuta, identifikazio-modu berriak aurkitu behar zaizkio
euskarari. Hamarkada hauetan asko pobretu dugu gure hizkuntzari,
inkontzienteki, lotzen zaion iruditeria:
euskara=ikurrina=trikitixa=manifa. - Horretarako, infiltrazioa praktikatu behar da euskararekin, eta ez
zokoraketa. ETBk praktikatzen du hizkuntz-zokoraketa, euskara ETB1era
mugatuz, eta gaztelera ETB2ra, beti ere ekonomikoki euskara
diskriminatuz. Euskadi Irratia/Radio Euskadi binomioarekin ere halatsu
gertatzen da. Horrek bi bloke sortzen ditu, gero eta gehiago urrunduz
hizkuntz-komunitateak. Telebistak bi ibaiertz hurbiltzeko zubi behar du
izan. - Euskarari buruzko legeak betearazi salbuespenik gabe, lanpostu
publikoetan, jende aurreko lanpostuetan, maila guztietan. Ez dakien
jendeak ez dezala pentsa «ba, berdin dio, euskara ez jakiteari ez diote
garrantzirik ematen», «zu aurkeztu oposaketara, euskarak ez dio axola,
gero izango dituzu hamar urte ikasteko». Legedi zabala hor dago;
seriotasun itxura eman beza hori betearazi behar duenak. - Gune estrategikoak garatu, pertsona erreferentzialen konplizitatea
landu. Gizarte mediatiko honetan komunikabideak ispilu erraldoi bihurtu
zaizkigu, eta jende masifikatuak imitazioz osatzen du bere nortasuna.
Lan berezia egin behar du Jaurlaritzak komunikabideetan asko agertzen
diren sektoreekin: kazetariak, kirolariak, politikoak, sukaldariak,
reality show-kumeak eta abar. Telebista itzalitakoan gure
inkontzientean jaso dugun munduaren irudian euskara entzun beza gure
oroimenaren belarriak, jende famatuak euskara asko hitz egiten duen
sentipena nagusitu dadin. - Utzi korritzeari euskararen alde. Utzi maratoiak. Karrera ziztrin
bat prestatzen ematen duzuen denbora piloa, zientoka ordu horiek
euskarari eskaini ez zaizkion orduak dira. Susmoa daukat zuen alarde
fisiko eta jendetsuak benetako ardurari ihes egiteko amarruak baino ez
direla. Hizkuntza batekin lau gauza egin daitezke: hitz egin, irakurri,
idatzi edota produktuak erosi eta dastatu. Hori bakoitzak egin behar
du, bere bakardadean, bere etxean, bere baitako indar batez. Euskararen
alde korrika ateratzen zareten bakoitzean zeuon barruan dagoen
arduragabekeriari eta gezurrari ihes egiten diozue. Eman aurpegia; izan
ausartak. - Horretarako, psikomagiako ariketa bat proposatuko dizuet. Atera
leihora eta esan euskarari buruzko gauzarik nazkagarrienak:
euskara=koinazoa, euskara=ulertezina, euskara=astuna, euskara=tortura,
euskarazko egunkaria=urteko harpidetza hartu nuen eguna madarikatzen
dut. Orain heldu zure buruari, eta kendu lepo gainetik, metaforikoki
noski. Hartu baloi bat, adibidez, eskuetan, sartu dutxan, ireki ura eta
eduki hamabost minututan uretan garbitzen. Lehortu, kokatu berriro buru
garbia lepo gainean, eta leihoari bizkarra emanez esan euskarari
buruzko gauzarik ederrenak: euskara liluragarria da, beti hitz egingo
dut, edonorekin, esan behar dudan guztia euskaraz esaten bai baitakit,
Pello Lizarralderen azken liburua erosteko deseatzen nago, antzerkia
euskaraz ikusteko irrikan, zer zorte daukadan euskararen eskaintza
zabalarekin, zirraragarria da, emozionantea… - Madrileko gobernuak Berdintasunaren Ministerioa sortu duen bezala,
Jaurlaritzak sor beza Hizkuntzen Arteko Berdintasunaren Kontseilaritza,
Joan Mari Torrealdairen zuzendaritzapean. - Aholku hauek fotokopiatu bitez, sartu Interneten, blogetan, jarri
lantokietako iragarki-tabloietan, pegatinetan laburbildu, Gabonetan
herrietako megafoniaz errepikatu bitez etengabe, uhin espansibo baten
moduan gizarte osora irits daitezen.