Amaitu da jada 2009ko Frantziako
Tourra. Hiru astez munduko txirrindularitzarik onenarekin gozatzeko
aukera izan dugu beste urte batez zaleok. Azpimarratu behar dira
momentu eta pertsonai ugari. Horra ba laburpen txiki bat.
Alberto Contador
Tourreko erregea. Bigarren garaipena
lortu du Pintokoak. Berak aipatu bezala bi lasterketa izan dira, bata
errepidean (erraz eta nagusitasun osoz irabazi duena) eta bestea
hotelean (gogorragoa eta psikologikoki prestatuta joan zena).
Adituek diote Contador urte askotarako
izango dugula Tourrean. Nire ustez dena ongi joaten baldin bada
adierazpen horiek zuzenak dira baina esan beharra dago urte batean
euri asko egiten duela eta edozer gerta daitekeela. Hala ere gauzak
ongi badoaz ikuskizuna ziurtatuta dugu txirrindulari honekin eta
etorkizunean arerioak ere izango ditu gauzak zail jarriko dizkiotenak
(Andy Schleck gaztea eta datorren urtean Lance Armstrong amerikarra).
Euskaldunak
Atal honetan dudarik gabe aurtengo
Tourrean etapak irabazi duten bi txirrindulari euskaldunak aipatu
behar dira: Mikel Astarloza pasaitarra eta Juanma Garate irundarra.
Bost urte ziren euskaldun batek etaparik ez zuela irabazten Tourrean
(azkena Aitor Gonzalez-ek 2004ean) eta berriro gure herrialdeko bat
podiumaren goian ikustea zirraragarria izan da.
Bi garaipenak izan ziren ikusgarriak.
Biak ihesaldi batean ostean eta lan asko egin ostean. Biek zituzten
aukera gutxi helmugara lehenak iristeko baina azkenean errepideak
bakoitzari dagokion tokian uzten dio eta merezitako garaipenak lortu
zituzten. Pena Mikelek ezin eutsi izana sailkapen nagusian lehenengo
hamarren artean egoteari, baina etapa garaipenarekin gustura izango
da ziur gipuzkoarra.
Ikusgarritasuna
Aurtengo Tourrak gora behera asko izan
ditu ikusgarritasunari dagokionean. Lehenengo bi asteak aspertzekoak
izan ziren. Etapa batzuk salbu (Monakoko erlojuz kontrakoa, taldekako
erlojuz kontrakoa eta Pirinioetako lehenengo etapa) beste guztia
aspergarria izan da.
Tourmaletari ezin zaio egin aurten egin
zaiona. Etapako azken mendatea izatea eta helmuga 70 kilometrotara
kokatzea. Alde batetik txirrindulariek gero eta ausardia gutxiago
erakusten dute (salbuespenak beti egongo dira) eta beste alde batetik
pertsonak dira eta erronka zail eta gogorren aurrean patxadan
jokatzen dute.
Azkeneko astean kontzentratu zuten
antolatzaileek zailtasun handienak Alpeekin eta Mont Ventoux-arekin.
Izugarria izan zen azken honetako aldapak jendez lepo ikustea
telebistatik larunbatean. Portu bat horrela igotzea inoiz bizi izan
den bizipenik politenetakoa izan behar da.
Azpimarratu hemendik Juanjo Orozen
hitzak. Radio Euskadiko mikrofonoen aurrean aipatu zuen taldeak lan
handia egin zuela lehenengo bi asteetan etapa baten bila eta
beraiengatik ez balitz Tourra oso aspergarria izango litzatekeela.
Gaineratu zuen Euskaltel-Euskadi taldea izan zela ihesaldietan gehien
sartu zen taldea. Agian, nire ustez, hitz gogorrak dira horiek eta
txirrindulari batek egin behar ez dituenak oraindik ezer lortu ez
duen momentuan eta gainera guztiok jakinda Tourra ez zela ari izaten
ikusgarria inorentzat.
2010eko edizioa
Faborito nagusia dudarik gabe Alberto
Contador. Nork kenduko dion erregearen tronua batek daki. Hautagaiak
hamaika izando dira: Schleck anaiak, Armstrong, Sastre, Evans,
Menchov, Wiggins… Baina oraindik asko falta da eta txirrindularitza
denboraldia oraindik ez da amaitu. Aurretik proba garrantzitsu eta
politak izango ditugu: Donostiako klasikoa larunbatean, Espainiako
itzulia irailean eta munduko txapelketa besteak beste.
Segi gozatzen kirol eder honekin!!!