Hileko artxiboak: abendua 2011

Urtea amaitzeko/hasteko irakurketak

 

Gaur urteko azken eguna. Askok ohitura dute korrika egiten amaitzeko gure lurraldean ospatuko diren San Silbestre lasterketa desberdinetan (Hego Euskal Herriko datuak: 1 Araban, 9 Bizkaian, 19 Gipuzkoan eta 9 Nafarroan). Gaur ez dut parte hartuko inongo San Silbestretan medikuak aholkatua. Kontuan izanda ez daukadala gauza handirik irabazteko kasu egingo diot. Hori bai, 1ean goizean-goiz eta txintxo-txintxo entrenatzera aterako naiz kalera 🙂


Kontuak horrela gaur mesanotxean ditudan liburuak aipatuko dizkizuet. Eta aldi berean gomendatu. Urtea amaitzeko edo hasteko era ona izan daiteke liburu bat irakurtzearena.


Euskal literaturari dagokionez eskuartean Joseba Sarrionandiaren Narrazio Guztiak (1979-1990) eta Harkaitz Canoren Twist. Biak 2011. urtean argitaratuak. Lehena liburuaren izenburuak aipatzen duen bezala erbestean dagoen autorearen lanen bilduma bat da, egokitua edo berritua garai berrietarako. Hasiera eman diot eta pinta ona dauka. Canori buruz ze esan dezakegu? Orain dela bi urte baino gehiago istoriorik argitaratu gabe eta badakigu kalitate handiko lanak egiten dituela. Beraz sumatzen dut argitaratutako azken lana ere ona izan daitekeela.


Gaztelaniazko literaturan Adiós, Hemingway daukat, Leonardo Padurarena. El hombre que amaba a los perros liburua hartu nahi nuen baina ikusita autore orain eskuartean dudan liburua argitaratu zuela urte batzuk lehenago eta leku geografikoa berdina dela, erabaki dut idazlearen inguruko istorioa irakurtzea lehenago.


Irakurketa politiko bezala, eta Durangon ikusi ondoren, James Conellyren Klase Zapalduak Irlandaren Historian, Euskal Herria Sozialista eta Federico Engels Fundazioaren eskutik argitaratua. Alderdi Laborista fundatu zuena sindikatuen eta langile klasearen oinarriaren bermearekin eta XX. mendeko bigarren hamarkadako Irlandako uholde iraultzaileak hasi baino lehenago idatzia.


Hori da daukadana nire mesanotxean. Ze iruditzen zaizue? Espero irakurketa horiek interesgarriak izatea. Esan bezala, adibidez Sarrionandiaren liburuarekin, hasiera eman diot eta momentuz baikor sentitzen naiz nire iritzian.


Urte amaiera on bat izan eta hasiera ea hobeagoa izaten duzuen!


**BTR**

MEME bat urtea amaitzeko

 

Testu prozesatzailea irekitzea eta orria txuri amaitzea hau ixten duzunean… edozein idazleren amesgaizto da. Zorionez beti egoten dira komodinak diren gaiak. Blogetan idazteko gogo handirik edo inspirazio momenturik ez badugu MEMEak existitzen dira (artxibora jo dut eta soilik blog honen hasierako momentutan erabili nuen errekurtso hori – eta ez nintzen izan bakarra).


The Indezents-eri irakurri diot MEMEa. Bertan aipatzen du bere aurpegi-liburuko horman lagun batek idatzi ziola jartzeko bera jaio zen asteko arrasatzen zuen kanta amerikar listetan (nire aurpegi-liburuan lagun batek ere hori egin dit). Instrukzioak honakoak dira:


1) Bilatu ezazu estekea honetan jaio zinen egunean number one-an zegoen kantua zein zen.


2) Bilatu ezazu youtuben


3) Jarri ezazu zure horman inongo lotsarik gabe


Operazio hori gauzatu ostean nire kanta Princes & The Revolution taldearen Kiss kanta. Harrigarria badirudi ere, eta gaur egun youtuben dena egon arren, ez dut aurkitu!! (Bertsio modernoak omen daude…). En fin, batenbat atsegina izango balitz eta kanta hori lortu asko eskertuko nioke 😉


Besterik gabe kontatuko didazue zein den zuen kantua. Ondo amaitu urtea eta hobeto hasi!

Eguberria igarotzeko beste erak

 

Gaurko eguna berezia da. Egunkaria erosi ezin duzun eguna derrigorrean berezia izan behar du. Nola igaroko dugun galdetzen digute askok gure inguruan (eta ez soilik inguruan, aurpegi-liburuan izena emanda baduzue ikus dezakezue komunikabide ezberdinek galdera hori egingo dutela).


Zorionez anormaltzat* diren egoera ugari egoten dira egun honen inguruan. Urteak aurrera egin ahal zantzu erlijiosoa galtzen doa Gabonetako festen inguruan (urtetik urtera sinestun kopurua jaitsiz doa eta hori nabaritu egiten da). Baditut lagun batzuk horrela pentsatzen dutenak eta hala ere aipatzen dute ondo pasatzen dutela.


Beste egoera anormalak gaurko egunean lan egin behar dutenak izaten dira. Ezin dugu ukatu. Hamaika zerbitzu daude eguneroko bizitza normaltasunarekin jarraitzeko: ospitaleetan, autopistetako ordainsarietan, komunikabideetan, anbulantzietan, suhiltzaileetan eta abar luze batean lan egiten duten gizon emakumeak. Gainera zenbait tokitan sorpresa pozgarriak aurki ditzakezu eta adibidez gaur goizean Oñatin herriko irratia entzuteko aukera izan dugu. Ohitura bilakatu da eta oñatiarrok badakigu urtero abenduko herriko aldizkaria jasotzean programa honen berri emango digutela. Bi ordu oñatiarren egun honen gorabeherak entzuten: etxe desberdinetara joan eta Olentzerok zer utzi duen aipatuz, herriko farmaziara joan jakiteko ea zer nolako jende mugimendu egon den, eta beste hainbeste gauza egin dituzte.


Gustatuko litzaidake aipatzea azken egoera edo zeregin anormal bat egun honetan: kirola egitea. Aurten ez naiz animatu goizean jaiki eta ariketa fisiko pixka bat egitera (baina beste gauza batzuk egin ditut horren ordainez). Orain dela bi urte Kontxako hondartzara hurbildu nintzen igeri egitera eta badakit aurten txapelketa txiki bat ere antolatu dutela. Eta igeriketatik aparte, korrika lasterketaren bat ere egon da.(Getxon eta Iparraldean). Beraz, datorren urtera begira, espero dut etxean ez gelditzea eta kalera irtetea.


Besterik gabe, gogoeta txiki hauen ostean, oporrak dituzuenok igaro egun on batzuk. Ondo amaitu urtea eta ea hobeto hasten duzuen.


**BTR**


*Anormal hitza aipatu dut egun hauetan zehar komunikabide handiek saldu digutena da eguberriak familian ospatu behar dela, mahai baten inguruan, izugarrizko afaria eta janaria montatuz, derrigorrean Olentzerok zerbait jaitsi behar du menditik horrek suposatzen duen kontsumismo mugagabearen defentsa sustatuz… Baina aipatu bezala gauzak aldatuz doaz 😉

Larunbat gogorra Donostian

 

Atzo Donostiara gerturatu nintzen hainbat arrazoiengatik. Arrazoi nagusia: Igeriketa Entrenatzaile Nazional I maila titulua lortzeko azterketa. Gero arratsaldean Kontxako hondartzan Atletico San Sebastian taldeak orain dela urte gutxi errekuperatutako krossean parte hartuko nuen.


Udazken amaiera / Negu hasiera Euskal Herrian badakigu zer dakarren (hala ere izan urte honetako udazkena ez da “normala” izan). Txingorra, euria, haizea, mendi gailurretan elurra… horiek izan ziren atzoko eguneko osagaiak. Donostiak gainera baditu kanpotarrentzat hainbat faktore eguna gogortu dezakeena. Garrantzitsuena: aparkatzeko arazoak izatea Gune Urdina ordaindu nahi ez bada. Atzo Donostiako Ospitalean aparkatu behar izan nuen (bai, Anoeta goian – beste aukera Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Kanpusean) eta azterketa Grosen nuen. Bi aukerek eragiten zidaten ordu erdiko bidaia zentroraino, ospitaletik Boulevarreruntz autobusean joan nintzen zorionez.


Ikastaroak balio izan zait gauza berriak ikasteko eta nekizkien ezagutzak berritzeko. Azterketatik zapore gazi gozoa atera nuen baina badakit ez dudala suspenditu. 2012 urtean zehar praktikak egitea tokatuko zait azkenean eta ofizialki I mailako Igeriketa Entrenatzaile titulua lortzeko (bide ia erdia eginda daukat).


Han bazkaltzen gelditu behar nuen arratsaldean, goian aipatu bezala, Kontxako XXI. Hondartzako Krossean partu hartuko nuelako. Orain dela bi urte part hartu nuen eta lasterketa kuriosoa iruditu zitzaidan. Hondartzan lehen aldiz lasterketa bat egiten nuen. Oraingoan parte hartzeko arrazoi nagusia ditxosozko txip horia zen. Lasterketan parte hartzearekin bat, txip horia oparitzen zuten. Guztira 20 euro, kontuan izanda dendan 18 edo 20 euro balio duela, uste dut pena merezi izan zuela Kontxara hurbiltzea. Gainera berotan aldatzeko aukera eta lasterketa amaitzean dutxa beroa + salda + txistorra + anoa + sari ezberdinen zozketa (Loreak Mendiakeko arropak, kafetera bat, afari bat eta Andaluziara bi pertsonentzako bidaia). Zoritxarrez ez zitzaidan ezer tokatu. Horrek bi gauza adierazi dezake: gaztelaniaz esaten den bezala “Afortunado en el juego…” -honaino irakur dezaket- edo hemendik 4 egunetara zorte hobeago izan dezakedala.


Eguraldi aldetik aitortu behar dut hasieran zeuden osagaiak egon arren nahiko ona egin zigun korrikan aritzeko hondartzan. Gu hasi baino ordu laurden lehenago umeen txanda izan zen. Momentu horretan nagusiok Atletico San Sebastianeko egoitzaren barruan geunden. Handik atera ginenean Concha zurituta zegoen erori zen txingorrarengatik!!! Pentsa zenbat sufritu behar izan zuten umeek. Beraz, horregatik diot zortea izan genuela eguraldiarekin.


Oro har, atzoko egunarekin, gogorra izan arren, pozik amaitu nuen. Azterketak goizean eta lasterketa arratsaldean. Gauean afaria etxean goxo-goxo eta berotan eta gauerdirako ohera. Egun borobila 🙂