La librería

Liburuen garrantzia aldarrikatzen

Zuzendaria: Isabel Coixet

Aktoreak: Emily Mortimer, Patricia Clarkson, Bill Nighy

Herr.: Espainia (2017)

Puntuazioa: 2

 

Isabel Coixetek La librería-rekin Patricia Fitzgeralden eleberriaren egokitzapena egin du. Kontatzen zaigun istorioa joan zen mendeko 50eko hamarkadan, Ingalaterrako herrialde txiki baten kokatzen da. Alarguna den emakume batek herrian liburu-denda bat zabaldu nahi du. Horretarako, herrian erabiltzen ez den etxe zahar bat erosi du, han bere negozioa martxan jartzeko. Herrian botere handia duen andre batek kultura etxea ipini gura du leku berean eta ahal duen guztia egingo du bere helburua lortzeko. Hala eta guztiz, istorioaren protagonista nagusia alargun gaztea da. Negozioa martxan jartzen ikusiko dugu, baita liburu-dendan lan egiteko kontratatzen duen neskatilarekin eta herrian bizi den adineko gizon bakarti eta irakurle amorratu batekin dituen harremanak. Harreman horien azalpenean daude filmaren eszena onenak. Alderantziz, bere aurkari bihurtzen diren herritarrekin mantentzen dituen harremanek interes txikiagoa dute. Pertsonaia horiek ez dute bizitza hartzen. Hori horrela, La librería onaren eta txarraren arteko norgehiagoka nahiko arrunta da. Sentimendu oneko istorio bat da. Ez da derrigorrezkoa film bat originala izatea, izan daiteke askotan ikusitako istorio bat modu egokian eta xarmagarrian kontatutakoa izatea. Kasu honetan, filma ez dago gaizki, gustura ikus daiteke, baina ez digu ezer berezirik esaten.

The square

Arte munduko berezitasunak

Zuzendaria: Ruben Ostlund

Aktoreak: Claes Bang, Elisabeth Moss, Dominic West

Herr.: Suedia (2017)

Iraupena: 142 minutu

Puntuazioa: 3

 

Cannesko Zinemaldiko sari nagusia lortu zuen The square filmak. Arte munduan kokaturiko komedia satirikoa da. Istorioaren protagonistak lanpostu garrantzitsua du museo batean. Han The square izeneko obra bat erakutsi nahi du. Obrak gizakien balio onak aldarrikatzen ditu. Erakusketaren hasiera ezagutzera emateko, publizistek, Internetez bidez, kanpaina nahiko indartsua eta probokatiboa egingo dute. Istorioaren protagonistari, berak burutu ez duen kanpainak buruhauste galantak ekarriko dizkio. Hor agertuko da arte munduan dagoen alde artistikoa eta ausarta, eta barnean dagoen pentsaera kontserbadorea: benetako artea bereizteko zailtasunak, mundu horretan negozioak duen garrantzia, errealitatetik aldendua dagoen jendea, gertatzen diren harremanak eta sortzen diren egoera deserosoak. Hitzaldiko eszena edo festa-afariaren eszena oso adierazgarriak dira. Hori gutxi balitz, protagonistari kartera eta telefono mugikorra lapurtzen diote eta horri aurre egiteko hartzen duen joerak gehiago nahastuko du egoera. The square zatika mugitzen da. Gertakizun guztiak ez dira guztiz elkartzen. Hala, lotura bat falta zaiola ematen du. Ideia asko, momentu on asko, baina apur bat sakabanatuta geratzen da. Hala eta guztiz, Ostlundek bere ikuspuntu maltzurrarekin eta satirikoarekin filma erakargarri egiten du.

Handia

Erronka berria

Zuzendaria: Jon Garaño eta Aitor Arregi

 Aktoreak: Eneko Sagardoy, Joseba Usabiaga, Ramon Agirre

Puntuazioa: 3

 

Euskal zinemak, azkeneko urteetan, era desberdinetako filmak estreinatu ditu. Marrazki bizidunak, komediak eta zinemaldietan parte hartu izan duten lanak. Adibidez, Donostiako Zinemaldian, Loreak, Amama, eta aurten sari garrantzitsua lortu duen Handia. Badakigu oso zaila dela film bat finantzatzea, eta are zailagoa kontatzen den istorioak efektu bereziak erabiltzen baditu. Erronka berri baten aurrean gaude. Alde horretatik, Handia-rekin zuzendariek ez dute soilik film ikusgarri bat egin nahi izan. Efektu bereziek istorio barnekoia kontatzeko balio izan dute. Altzoko erraldoia-ren istorioa, hain zuzen ere. Bueno, erraldoiarena eta anaiarena. Eta egia esateko, garrantzi handiagoa ematen zaio anaiari erraldoiari baino. Agian, hori izan daiteke akats bat. Hasieran, euren arteko harremana ikusten dugu, aitarekin dutena. Baina, bietako bat gerrara doanean, baserriko istorioa desagertu egiten da. Ez dugu ikusten erraldoiak eta etxekoek nola bizi dituzten gertatzen ari diren aldaketak. Erraldoiak Espainian eta Europan zehar egiten duen ibilbidea kontatzeko denbora irabazte aldera, zati hori ez zaigu kontatzen. Zaila da ikusgarritasuna eta barnekotasuna bateratzea. Kasu honetan, Handia txukuna eta gustu onez egindako filma da, baina azken emaitza lau samarra da.

Blade Runner 2049

Zehaztasun gabeko tokian

 Zuzendaria: Denis Villeneuve

 Aktoreak: Ryan Gosling, Harrison Ford, Ana de Armas.

 Herr.: AEB (2017)

Puntuazioa: 2

 

Blade Runner film mitikoa da egun. Estreinatu zen garaian ez zuen arrakasta handirik izan. Urteak pasatu ahala, filmari buruzko iritzia aldatuz joan da. Ridley Scotten lanak gero eta jarraitzaile gehiago izan ditu, miretsitako filma izatera heldu arte. Istorioak indarra zuen, thriller-en alde kezkagarria eta bortitza zuen. Zuzendariak ederki lotzen zituen intriga, intentsitatea eta istorioaren alde poetikoa eta filosofikoa. Film sakona izateaz gain, oso entretenigarria zen. Generoaren gai sakonak ukitzen zituen, historiarako geratu den lanean. Normala da ikusleak istorioari jarraipena eman nahi izatea, edo pertsonaiekin zer gertatu den jakin nahi izatea. Baina egia da, orokorrean, gauza bat ondo dagoenean, horrela uztea dela komenigarriena. Denis Villeneuveren filmak ez du ezer berririk kontatzen. Jarraipenean ikusten dira lehenengo filmean ikusitako irudiak, paisaiak, eraikinak… eta badaude istorio originaletik ateratako adarkadurak. Irudi ederrak ditu, baina ez du lehenengo filmaren emozioa. Itxuran, lan dotorea da, ematen du sakontasuna duela, baina badu handinahi izatearen ukitua, eta hori ez zegoen Scotten jatorrizko pelikulan. Lehengo filmak entretenimendu filma gainditzen zuen lan handi bat izatera heldu arte. Oraingo honek, itxuran, zehaztasun gabeko tokian geratzen den lan handia izan gura du.

 

El muñeco de nieve

 Osotasunik gabeko ‘thriller’-

Zuzendaria: Tomas Alfredson

 Aktoreak: Michael Fassbender, Rebecca Ferguson, Charlotte Gainsbourg

Puntuazioa: 2

 

hainbat eleberri idatzi ditu Harry Hole polizia protagonista nagusi izanik. Tomas Alfredsonek El muñeco de nieve zinemara egokitu du. Zuzendari suediarrak azkeneko urteetan film bikainak egin ditu: Déjame entrar banpiroei buruzko film zoragarria zen; eta El topo, John Le Carreren izen bereko liburuaren egokitzapen bikaina. Hori horrela, normala da ilusio osoz itxarotea Alfredsonen hurrengo lana. Eta, egia esan, filmak gauzak onak izan arren, bide erdian geratzen da. Kontatzen digun istorioa thriller korapilatsua da. Garai desberdinetan gertatzen dena. Emakume batzuen desagerpenak egon dira eta ikertzaileek ez dute ondo bukatu. Desagerpen berriaz polizia gazte bat eta alkoholikoa den eta bizitzan galduta dagoen polizia bat arduratzen dira. Kasuan pertsonaia ugari nahastuta daude. Ikertzaileen bizitza pertsonala azalduko zaigu. Alfredsonek ez du eszena onak filmatzeko ahalmenik galdu. Dotoreziaz filmatutako eszena asko daude, baina, tamalez, ez du lortzen trama korapilatsuari sendotasuna ematerik. Ez dira elkartzen buru-hausgarriaren pieza guztiak. Istorioari dagokionez, amaieran, ulertzen da thriller-ak duen intriga, baina pertsonaien trama pertsonalek ez dute garapen egokirik. Horrela, filma gustura ikus daiteke, baina ez du behar zuen aurrerapausoa ematen.

Mother!

Ama maitea!

Zuzendaria: Darren Aronofsky

Aktoreak: Jennifer Lawrence, Javier Bardem, Michelle Pfeiffer, Ed Harris

Herr.: AEB (2017)

Puntuazioa: 1

 

Bikote bat hiritik aldenduta dagoen etxe baten bizi da. Gizona idazlea da, eta emakumeak buru-belarri dihardu aurretik erretako etxea bere gustura apaintzen eta egokitzen. Egun baten etxera gizon misteriotsu bat helduko da. Bi gizonek berehala konektatzen dute. Gero bigarren gizonaren emaztea agertuko da eta beranduago horien bi semeak. Istorioak ametsgaiztoen antza du. Heldutako bikotea konfiantza osoz sartzen da etxean. Nahi dutena galdetzen, etxeko gela guztietan sartzen… Ez diete jaramonik egiten etxean bizi den neskaren esanei. Era berean, horren senarra gustura dabil sortutako egoerarekin. Semeak agertzen direnean egoerak eztanda egingo du. Filmaren lehengo partea nahiko eroa izanik, eta pertsonaien portaerak logikatik kanpo egon arren, istorioaren bigarren zatia oraindik askoz zoroagoa eta basatiagoa da. Hasieran, gauzak bere onera datozela ematen du: seme bat izango dute, senarraren liburu berriak arrakasta izugarria izango du… Hortik aurrera idazlearen jarraitzaileak, etxera hurbildu eta sartuko dira. Etxeak, Marx anaien gela, bertsio basatian bihurtu arte. Istorioak Adan eta Eva; Cain eta Abel, bizitzaren zikloaren birsorkuntza… Horiek guztiak nahasten dira. Ez dut uste inor zurrunbilo horren barruan ezer ulertzeko gai izango denik. Eta azkenean, zinema-aretotik irteterakoan, “ama maitea!” oihukatu besterik ez dugu.

The disaster artist

Ametsak lortzeko borrokatzen

Zuzendaria: James Franco

Aktoreak: James Franco, Dave Franco, Seth Rogen

Herr.: AEB (2017)

Puntuazioa 2

 

The disaster artist komediak Donostia Zinemaldian Urrezko Maskorra eskuratu du. Hala eta guztiz, filmaren estreinaldia urtarrilaren 26an izango da. Tommy Wiseauk 2003an The Room filma estreinatu zuen. Batzuek esan dute zinemaren historian eginiko film txarrena dela. Dena den, filmak Ameriketako Estatu Batuetako zinema-aretoetako egunsentiko emanaldietan arrakasta izan zuen. Jendea festa giroan joaten zen, barre egin eta ondo pasatzeko asmoarekin. James Francok The Room-en jatorria, filmaketa eta estreinaldia kontatzen digu, istorioari komedia tonua emanez. Tommy Wiseauk eta Greg Sesterok aktore izan gura dute. Interpretazio eskoletan ezagutu dute elkar. Greg, Tommyren izaera bitxiaz eta geldiezinaz liluratuta geratzen da. Hortik aurrera, bien artean, leialtasunez eta etsipenik gabe, euren ametsak betetzeko borrokatzen jarduteko ituna egingo dute. Lagunen arteko harremanaren garapena azaltzen duten eszenak izango dira filmaren momentu onenak. The disaster artits film atsegina da, baina nahiko laua. Tommy Wiseau pertsonaia erakargarria izan arren, behin aurkeztu eta gero ez da honen garapenik gertatzen eta filmaketaren eszenek ez dute grazia handirik. James Francok, bizitzan, ilusioa mantentzeko eta ametsengatik borrokatzeko aldarrikapena egiten du.

 

Morir

Gaixotasunaren eraginak

Zuzendaria: Fernando Franco

Aktoreak: Marian Alvarez, Andres Gertrudix

Herr.: Espainia (2017)

Puntuazioa: 3

 

Fernando Francoren filmak proposamen latzak izaten dira. Bere lehen filmean, La herida-n, bordeline gaixotasuna zuen neska baten jarraipena egiten zuen. Orain, Morir-en bikote bat daukagu protagonista. Gizonak gaixotasun sendaezin bat du, eta euren harremanaren azken urtea ikusiko dugu. Gaixo dagoena bat izanik, gaixotasun horren ondorioak biek jasango dituzte. Min fisikoa eta psikikoa da. Egoerari aurre egiteko, bikotekidea mundutik eta beste pertsonengandik bakartu egiten da, baina bakartasun hori euren artean ere areagotuz joango da. Gaixoak, bere ahulezian, gero eta eskakizun gehiago ditu. Bestearen arreta eta bizitza ia xurgatzen ditu. Hori dena Morir-en ikusten da. Urte horretan zehar, elipsiekin ondo jokatuz, bikotearen harremanaren bilakaera ezagutuko dugu. Istorioan gaixoari garrantzia ematen bazaio, oraindik pisu handiagoa emango zaio emaztearen egoera psikologikoari eta bizi duen bizi itogarriari eta mugatuari. La herida-n kamerak denbora guztian pertsonaia protagonista jarraitzen zuen, gertuko plano askotxo erabiliaz. Euren atzetik dagoen ingurune lausotua agertzen zen, behin eta berriro. Zuzendariaren estiloa ez da aldatu azken film honetan. Ezaugarri horiek erabiliaz, pertsonaien begiraden eta keinuen bitartez, horien bakardade emozionala islatzea lortzen du.

Ana, mon amour

Elkarbizitzaren zailtasunak

 Zuzendaria: Calin Peter Netzer

Herr.: Errumania (2017)

 Aktoreak: Milcea Pastelnicu, Diana Cavalloti

Puntuazioa: 4

 

Errumaniako zinemak gizarteak bizi dituen zailtasunei buruz eta gizakiei buruz hitz egiten du. Pertsonen frustrazioak, beldurrak, momentu onak eta ez hain onak. Familia barruan izaten diren harremanak, bikoteen harteko harremanak… Egoera horiek herrialde guztietan gertatzen dira, eta erraz uler ditzakegu, sinesgarritasun handiz adierazita daudelako. Lortutako efektuan zerikusi handia dute aktoreen interpretazio bikainek. Ana, mon amour-ek bikoteen harremanak azaltzen ditu. Istorioa zatika eta saltoka kontatuta dago. Gizon bat psikiatraren kontsultan dago, bikotekidearekin izandako harreman korapilatsuei buruz berba egiten. Ideiak ordenik gabe agertzen zaizkio, eta neurri berean jasotzen du ikusleak. Elkar nola ezagutu zuten, beraien familiak nolakoak ziren eta zer-nolako eragina izan zuten euren seme-alabengan, semearen jaiotza, neskaren arazo psikologikoak, pertsonaiak ezkutuan gordetzen dituen sentimenduak, sentimenduak ez zabaltzearen arazoak eta sortzen dituzten mesfidantzak… Horrek guztiorrek garrantzi handi du eurengan, eta, denborarekin, bikotearen arteko harremanak higatu egiten ditu. Hori da pelikulak deskribatzen duena: bikotearen harremana, hasieratik bukaera arte. Baina pertsonaiaren korapila emozionala narratzaile moduan erabilita. Film aztoratzailea eta argia da.

La seducción

Taldearen indarra

 Zuz.: Sofia Coppola.

 Aktoreak: Nicole Kidman, Kirsten Dunst, Colin Farrell.

Puntuazioa: 3

 

Emakume talde bat da La seducción-eko protagonista. Istorioa Ameriketako Estatu Batuetako sezesio-gerran kokatzen da. Hegoaldeko etxe handi baten, adin desberdinetako emakumeak bizi dira. Neskatilak hezteko etxea da, eta, ikasleekin batera, irakaslea eta eskolako zuzendaria daude. Guda dela eta, taldea setiatuta dago. Gertu dute gerratea eta ez da komenigarria handik irtetea. Egun baten, zaurituta dagoen iparraldeko armadako desertore bat etxean sartuko dute, eta egoera horrek emakumeen bizi lasaia astinduko du. Ondo hezitako eta beti itxurak mantentzen dituzten neskak izan arren, euren portaera erabat aztoratuko da. Nork bere modura gizonaren arreta lortu nahi du, eta, bera jakitun denez, egoerari etekina atera gurako dio. Bi alderdien arteko sedukzio jokoa sortuko eta hasiko da. Gauzak nahasten joango dira, eta azken zatian, emakume guztiek indarrak batuko dituzte; hau da, talde bihurtuko dira, egoerari irtenbidea aurkitzeko. Sofia Coppola ondo moldatzen da emakume bakoitzaren izaera azaltzeko eta etxe barruan bizi den giro itogarria islatzeko. Emakume guztiek oso finak eta lasaiak ematen dute, baina bizimoduaren alde frustragarria antzematen da. Istorioak eta pertsonaien portaerek erakargarria den anbiguotasuna dute.