Paterson

 

paterson-2

Harmonia eguneroko bizitzan

Zuzendaria:  Jim Jarmusch

Aktoreak: Adam Driver, Golshifteh Farahani Jared Gilman

Herr.: AEB (2016).

Iraupena: 113 minutu

Puntuazioa: 3

 

Zazpi zatitan banatzen da Jarmuschen pelikula. Zati bakoitza asteko egun bat da. Egunero bikote bat ohean dago. Gizonak eskuko erlojua begiratzen du: 06:10-06:30 artean mugitzen da. Jaiki, eta, gosaldu ostean, lanera doa. Autobus-gidaria da. Hasi aurretik olerkiak idazten ditu. Arduradunarekin berba egin ostean eguneroko lanari ekiten dio. Lanetik bueltan emaztearekin afaldu, txakurra paseatzera eraman eta betiko tabernan garagardo bat edaten du, gero etxera bueltatzeko. Egunero, gutxi gorabehera, pauta berdinak jarraitzen ditu. Pentsa genezake bizimodu monotonoa eta aspergarria izan daitekeela. Baina bikotearentzat ez da horrela. Beste pertsonaia batzuk haserre edo gogogabetuak sentitu daitezke. Eurek, aldiz, harmonia eta oreka aurkitu dute eguneroko bizitzan. Gauzak egunero berdinak direla iruditu arren, ez dira berdinak. Antzekoak bai. Berdinak ez. Ideia hori azaltzeko Jarmuschek bikiekin jokatzen du. Bikiak diren pertsonaiak agertzen dira: berdinak dirudite, baina desberdinak dira. Adibidez, Patersonen moduan olerkiak idazten dituen neskatila. Beharrezkoa da izpiritu sortzailea piztuta izatea, eta, horrela, txikiak diruditen xehetasunetatik, bizitzarako energia lortu dezakegu. Jim Jarmusch zuzendariak xarma ematen dio, agian, minimalistegia dirudien istorioari.