¡Qué Dios nos Perdone!

que-dios-nos-perdone-foto

Thriller aztoratzailea

Zuz.: Rodrigo Sorogoyen

Aktoreak: Antonio de La Torre, Roberto Alamo, Javier Pereira

Herr.: Espainian (2016)

Puntuazioa: 3

 

Isabel Peñak eta Rodrigo Sorogoyenek Donostiako Zinemaldian gidoi onenaren saria lortu zuten. Que Dios nos perdone thriller aztoratzailea Madrilen gertatzen da, Benedicto XVI. hiriburura heldu zen garaian. Une hartan adineko emakume batzuk modu basatian erailak agertzen dira. Polizien artean bi buru-belarri inplikatuko dira kasuan. Biak oso desberdinak dira. Bata barnekoiagoa, hitzmotela eta besteekin harremanak izateko arazoekin. Bestea, odolberoa, iskanbilatsua eta indarkeria erabiltzeko joerarekin. Lanean eta bizitza pertsonalean arazoak izango dituzte. Filma aurrera doan heinean ezagutuko dugu hiltzailea nor den, eta bere bizitza eta hilketak burutzeko erabiltzen dituen moduak zeintzuk diren. Hori jakiteak indarra eta tentsioa emango dio istorioari. Sorogoyenek ondo bateratzen ditu pertsonaien deskribapena eta ikerketaren kontaketa. Interesgarria da ikustea polizien eta hiltzailearen artean dauden parekotasunak, batekin batez ere. Indarkeria eta pertsonaien alde atsekabetua euren izaeretan daude. Antonio de la Torrek eta Roberto Alamok bikain lantzen dute euren pertsonaien konplexutasuna. Lankideekin eta agintariarekin dituzten harremanak topikoagoak, ohikoagoak dira. Bada, euren arteko harremanak, biak oso bestelakoak izanda, joko handia ematen dio istorioari.