Los Siete Magníficos

foto-los-7-magnificos-cinemania

Fintasun txikiko bertsioa

Zuzendaria: Antoine Fuqua

Aktoreak:Denzel Washington, Chris Pratt, Ethan Hawke

Herrialdea: AEB.

Puntuazioa: 2

Aurreko astean Donostiako Zinemaldian estreinatutako pelikula gaurtik ikus daiteke zinema-aretoetan. 1954an Akira Kurosawaren Los 7 samurais filma estreinatu zen. Klasiko bat. Sei urte geroago, John Sturgesek haren bertsioa egin zuen. Jatorrizko filmean Japonian kokatzen zen istorioa AEBetara egokitu zuen western bat eginez. XVI mendeko Japonian zeuden samuraietatik Ameriketako pistolarietara aldatu zen. Sturgesek bertsio dibertigarria, sutsua eta sendoa egin zuen. Orain Antoine Fuquak beste bertsio bat egin du, eta, egia esanda, ez dakit zertarako. Istorio hori ikusi nahi duenak badu aukeratzeko bi bertsio eta orain estreinatu denak ez du ezer berririk ekartzen, ezta besteak hobetzen ere. Hollywoodeko bi bertsioak konparatuz, ikusten dugu Sturgesena Mexikon gertatzen dela eta Fuquarena AEBetan. Istorioek bide bera jarraitzen dute: kolpeak jasan dituzten herritarrek pistolari baten laguntza eskatzen dute euren bizitzak defendatzeko. Pistolariak beste sei pistolari kontratatuko ditu lana burutu ahal izateko. Pistolariek denbora gutxi dute herritarrak nola defendatu behar duten ikasteko. Filmaren bukaera esperotakoa da: norgehiagoka dago. Azken bertsioan, herriko neska bat sartzen dute – emakume bat ager dadin– eta baita arraza desberdinetako pertsonaiak: pistolarien agintaria beltza da eta badago taldean amerindiar bat, hispano bat eta ekialdeko beste bat. Ezaugarri hau agian ondo geratzeko da, baina ez du pisu handirik. Txarrena da Fuquak, Sturgesen sendotasuna eta gauzak ondo kontatzeko ahalmena, estilo zaratatsuan bihurtzen duela. Dena gehiegizkoa da, ikusgarria izan nahi du eta ikuslea txunditu, eta, azken finean, neurri falta horrek filmatzeko fintasun eza adierazten du.