Historia de una pasión

historia-de-una-pasion-2

Bizi itxia eta barnekoia

Zuz.: Terence Davies

Aktoreak: Cynthia Nixon, Jennifer Ehle, Keith Carradine

Puntuazioa:  4

Herr.: Britainia Handia (2016)

 

Terence Davies zuzendari oso pertsonala da. Oso sentikorra eta dotorea izaten da istorioetara eta pertsonaietara hurbiltzeko eran. Familiaren barruan egoten diren harremanak agertzen dira bere filmetan. Baita ere pertsonaien portaerak, gizarteak edo familiak ezarritako legeen aurrean. Emakumeak garrantzi handia du bere istorioetan. Azken hiru filmetan, The Deep Blue Sea, Sunset Song eta Historia de una pasion-en emakumeak dira protagonista nagusiak. Lehenengoan, emakume bat maitasuna osotasunean bizi guran; bigarrenean, bizitzaren zorigaitzei aurre egiten dion emakumearen borroka; eta, azkenekoan, Emily Dickinson poetaren bizitzara eta izaerara hurbiltzen da. Filma itxia eta barnekoia da: ia eszena guztiak etxe barruan gertatzen dira. Daviesek sentiberatasunez azaltzen du poetaren izaera. Bere garaiko gizarteak ez du Dickinsonen lanaren edertasuna ulertu. Era berean, protagonista, erlijioaren inposizioetatik aldenduz, zuzentasun moral handiko pertsona da. Besteei eta bere buruari asko eskatutako zorroztasunaren sufrimendua ere agerian geratzen da. Horri, idazlearen osasun hauskorra gehitu behar zaio. Daviesek oso ondo harrapatzen du giro itxi hori eta neurriz, Nixonen eta Ehleren interpretazio zoragarrien laguntzarekin, gerturatzen gaitu pertsonaiaren bizitzara.