Egonezin existentziala

Zuzendaria: Paul Schrader

Aktoreak: Ethan Hawke, Amanda Syfried, Michael Gaston

Herr.: AEB (2017)

Puntuazioa: 2

 

El reverendo oso film kriptikoa da. Paul Schraderren istorioetan pertsonaiak nahiko bakartiak eta atsekabetuak izaten dira. Beti munduarekin eta bere buruarekin borrokan daudenak. Zuzendariak kontatzen du txikitan izandako heziketa oso zorrotza izan zela. Horren ondorioz, idatzitako edo zuzendutako istorioetan, erruak, bekatuak eta erredentzioak pisu nabarmena izan dute. Idatzitako edo filmatutako lanen artean, Taxi driver, Toro salvaje, El placer de los extraños eta Afliction daude. Bere azkeneko filmean, zalantza erlijioso eta filosofiko asko dituen apaiz bat da pertsonaia nagusia. Guraso izan behar duen bikote bat ezagutuko du. Gizonak ez du haurra jaiotzerik nahi, klimaaldaketaren ondorioz mundua toki egokia ez dela pentsatzen duelako. Apaizak ondo ulertzen ditu gizonaren egonezin existentziala eta, aldi berean, emakumearen sentimenduak. Schraderrek oso modu latza erabiltzen du istorioa kontatzeko. 1:33 formatuan, kamera ia mugitu barik, eta bukaerako zatira arte musikarik gabe. Kontatzeko era oso hotza da. Pertsonaiak sufritzen ikusten ditugu, baina ikusleoi gustatuko litzaiguke eurei buruz gehiago jakitea, eta gurekiko hurbilagoak izatea. Filma bera eta pertsonaiak oso itxiak eta bereziak dira. Eta, batez ere, nahiko zaila egiten zaigu bi gizonek, aita izango denak eta apaizak, hartzen dituzten erabaki zorrotzak ulertzea eta sinistea.

Todos lo saben

Konpondu gabeko arazoak

Zuzendaria: Asghar Farhadi.

 Aktoreak: Penélope Cruz, Javier Bardem, Ricardo Darín

Herr.: Espainia (2018)

Puntuazioa: 3

 

Asghar Farhadi zuzendari irandarra azkeneko filmekin Europara hurbiltzen joan da. Aurreko filma, El Pasado, Parisen gertatu arren, bazeuden Irandik etorritako pertsonaiak. Orain, pauso bat gehiago emanez, Espainian gertatzen den istorioa kontatzen du; eta pertsonaiak espainolak edo argentinarrak dira. Farhadiren istorioetan pertsonaiei ezusteko bat gertatzen zaie. Egoera hori onartzea asko kostatzen zaie, eta horrek eragin hondatzaileak izango ditu. Normaltasunez bizi direla ematen badu, poliki-poliki pertsonaien alde ezkutua eta gordetako sentimenduak kaleratzen joango dira. Euren artean, konpondu gabeko arazoak dituzte. Ezaugarri hori Iranen egindako filmetan zegoen, eta orain mantendu egiten da Europan egindako lanetan. Dena den, Todos lo saben pelikulan, gauzak lotuagoak uzten ditu zuzendariak. Beste film batzuetan, azkenean, ikusleak ez daki zehatz-mehatz benetan zer gertatu den. Honetan, gertatzen den bahiketa argitzen da. Baina bukaerak badu bere ukitu bihurria: sekretuek eta gezurrek sekretu eta gezur gehiago dakarte atzetik. Agian, azken film honen aldaketa nabarmenena pertsonaiek euren sentimenduak azaltzeko duten moduan dago. Zuzendariak pertsonaien alde basatiena harrapatu eta islatu nahi du: negarrak, garrasiak… Asghar Farhadi zuzendariak lortzen du bere helburua eta bere zinemaren ezaugarriak mantentzen ditu.

El reino

Oihanaren legea

Zuzendaria: Rodrigo Sorogoyen.

Aktoreak: Antonio de la Torre, Jose María Pou, Barbara Lennie.

Puntuazioa: 2

 

El reino pelikularen hasieran, jatetxe batean, hainbat pertsona zaratatsu bazkaltzen ari dira. Negozio munduko pertsonak dira, eta barre eta garrasi asko egiten dute, bizitzan daukaten posizioa ospatzen. Duten portaera nahiko zakartsua da. Momentu horretan dena ondo doala, denak lagunak direla ematen du. Baina ez da horrela. Bizi diren munduan oihanaren legeak agintzen du. Hau da, biziraupen espiritua nagusi da, eta, duten bizitza arriskuan ikusten dutenean, edozer gauza egiteko kapaz dira. Une horretan, lagunak zirenak etsai bihurtzen dira. Mesfidantza ezartzen da beraien artean. Hori horrela, gerra giroa nagusitzen da. Antonio de la Torrek egiten duen pertsonaia zurrunbilo horretan harrapatuta sentitzen da. Sorogoyenek pertsonaiak sentitzen duena islatu nahi du, eta horretarako oso modu malkartsuak erabiltzen ditu: musika elektroniko nazkagarria behin eta berriz, oso bolumen altuan; kamera mugimendu handiak; une askotan oso gertuko irudiak; enkoadraketa bitxiak… Zuzendariaren estiloa gehiegizkoa da, eta, oraingoan, azalean geratzen da. Dena den, El reino interesgarria da eta kontuan hartu eta landu beharreko gaia garatzen du. Antonio de la Torrek lan ona egiten du Sorogoyenen pelikulan. Caníbal edo Que dios nos perdone pelikuletan erabilitako interpretazio barnekoia aldatzen du, interpretazio histrionikoagoa egiteko.

Las distancias

Noraezean

Zuzendaria: Elena Trape.

Aktoreak:  Alexandra Jimenez, Miki Esparbe, Isak Ferriz

 Herr.: Espainia (2018)

Puntuazioa: 2

 

Las distancias pelikularen hasieran, unibertsitatean egondako hiru lagun eta baten bikotekidea, ustekabean, Berlinera joango dira beste lagun baten 35. urtebetetzea ospatzeko. Istorioa aste bukaera batean gertatzen da. Teorian festarako eta alaitasunerako egunak direla dirudien arren, gauzak oker daudela ohartuko gara hasieratik. Filmaren gaia oso interesgarria da: urteen eragina lagunen harremanetan; egoerak aldatzen doazen heinean, lagunen artean sortzen den urruntasuna; bizitzak sor ditzakeen frustrazioak… Bada, azken emaitza ez da horren ona. Pertsonaiak galduta daude, noraezean mugitzen dira, eta ematen du filma pertsonaien ezaugarri horretaz kutsatzen dela. Zuzendariak ez dio puntu egokirik hartzen istorioaren azalpenari. Pertsonaiak hasiera-hasieratik ilusiorik gabe daude eta euren garapena nahiko laua da. Normalean, gaizki edo triste sentitu arren, itxura gordetzen edo mantentzen ahalegintzen gara. Ostean, benetako egia azaleratzen joaten da. Las distancias pelikularen kasuan, ez da igoera emozionalik gertatzen. Ez dago bilakaerarik. Badaude gatazkak, pertsonaien arteko istorioan beharrezkoak direlako, baina ez sinesgarriak egiten zaizkigulako. Zuzendariak ez du ondo neurtu gatazken sorrera. Hori horrela, egoera guztiak artifizial itxura ematen du. Oso behartutako istorioa kontatzen digu Elena Trapek.

La novia del desierto

Bidaia askatzailea

Zuzendaria: Cecilia Atan eta Valeria Privado

Aktoreak: Paulina Garcia, Claudio Rissi

Herr.: Argentina (2017)

Puntuazioa: 3

 

Literaturak eta zinemak bidaia baten istorioa kontatzen dutenean, bidaia fisikoarekin batera, hau da, egiten diren kilometroekin eta sortzen diren gertaeren azalpenarekin, pertsonaien bidaia emozionala agertzen da. Hori horrela, pertsonaiak ez dira berdinak istorioaren hasieran eta bukaeran. Hori gertatzen da La novia del desierto-n. Bizitza osoan etxe batean lan egin duen neskame batek, lanarengatik, urrun dagoen beste leku batera joan behar du. Leku itxi eta babestu batean bizi izan den pertsonak basamortu luze bat zeharkatu beharko du. Eta bi paisaia ezberdin horiek pertsonaiaren izaera eta bizitzari aurre egiteko duen modua aldatuko dituzte. Zuzendariak denbora osoan neskamearen pausoak jarraitzen ditu. Bera da istorioaren pertsonaia nagusia, eta horrela tratatzen du. Filmaren momentu askotan pertsonaia oso ondo fokuratuta agertzen den bitartean, bere ondoan dagoen paisaia edo pertsonaia gaizki fokuratuta daude. Ez dut uste nagusia ez diren beste pertsonaiek jasaten duten tratua egokia denik. Paulina García oso aktore ona da eta berezko argia du. Ez du halako laguntzarik behar pertsonaiaren izaera eta aldaketak azaltzeko. Dena den, La novia del desierto gustura ikusten den filma da. Apala eta laburra, baina polita. Ondo iristen zaizkigu pertsonaiaren aldaketa eta bidean sortzen diren harreman askatzaileak.

Happy End

Familia arazoak

Zuzendaria: Michael Haneke

Aktoreak: Isabelle Huppert, Jean-Louis Tringtinant, Mathieu Kassovitz.

Herr.: Frantzia (2017)

Puntuazioa: 3

 

Hanekek belaunaldi desberdinetako aktore ospetsu frantziarrak (Tringtinant, Huppert eta Kassovitz) zuzentzen ditu dirudun familia baten kideei bizia emateko. Burgesiako familia bat da, eta, gertaera batzuk tarteko, familiak Calaisen duen etxe handi eta eder baten bizitzeko elkartuko dira. Aita, semealabak eta bilobak elkartuko dira etxean. Pertsonaia askotxo dira eta bakoitzak bere istorioa dauka. Hori bai, istorio paraleloak dira; kasu askotan, ez dira elkartzen. Pertsonaien bakardadea nabarmena da. Pertsonaiek euren arazoak eta kezkak dituzte, baina ez dute lortzen elkarrekin konektatzea. Nahiz etxe berean bizi, isolaturik bizi dira. Zailtasun handiak dituzte ondokoarekin komunikatzeko. Hortaz, familiakoarekin lortzen ez dutena kanpokoekin lortzea askoz zailagoa da. Hanekek kapitalismoari buruz hitz egiten du, etorkinen egoerari buruz, eta komunikatzeko modu berrien alde, exhibizionismoari buruz. Happy End pelikulan pertsonaia eta gai asko daude. Hori dela eta, ez da erraza dena behar den moduan jorratzea. Isabel Hupperren semearen istorioa eta etorkinekin dituen harremanak, esate baterako, oso azaletik azaltzen dira. Dena den, zuzendari austriarrak mantendu egiten du beti erakutsi izan duen begirada hotza eta zorrotza gure gizartearen zikoizkeria azaltzerakoan.

Casi 40

Urteen eragina

 Zuzendaria: David Trueba

 Aktoreak: Lucia Jimenez, Fernando Ramallo

Herr.: Espainia (2018)

 Iraupena: 87 minutu

Betidanik entzun izan dugu 40 urtera heltzerakoan krisialdia sufritzen dugula. Ez dakigu zenbat urte biziko garen, baina kalkulua egiterakoan bizitzaren erdian gaudela pentsatzen dugu. Bizitzaren pisua igartzen hasten gara. Eta egoera horri buruzko hausnarketa egiten dugu. Egindako bidean galdu ditugun aukerak eta ilusioak; orain nola gauden eta iragana nolakoa izango den… galdetzen diogu geure buruari, besteak beste. David Truebaren filmeko bikote protagonista bizitzaren une horretan dago. Duela 22 urte, La buena vida-n, oso gazte zirenen bi pertsonaien bizitza erakusten zuen Trueba zuzendariak. Bikotea berriz elkartuko da egun batzuetarako, bira musikal baten parte hartzen dutenean. Neskak hiriburuetako liburu-denda eta taberna txikietan abestuko du, gazteetako girora hurbilduz. Bidaian, bikoteak berba egingo du: gizartea, kultura, euren bizitzak, eta elkarrekin izandako harremanak… Begiradek azaltzen dute oraindik euren artean estimazioa dagoela; baina, era berean, pasa diren urteek ere euren artean horma bat jarri dutela ikusten da. David Truebaren filmak tonu malenkoniatsua eta hurbila du. Modu egokian gerturatzen da pertsonaien artean sortzen den intimitatera. Aktoreen ahots tonuak, begiradak, oso ondo islatzen dituzte euren arteko sentimenduak.

 

Hereditary

Harrotasun pilaketa

 Zuzendaria: Aris Aster Aktoreak: Toni Collette, Milly Shapiro, Gabriel Byrne

Herr.: AEB (2018)

Iraupena: 126 minutu

Puntuazioa: 2

 

Beldurrezko filmetan, kasu gehienetan, behintzat, pertsonaia arruntei, ez hain arruntak diren gauzak gertatzen zaizkie. Normaltasuna apurtzen zaien pertsonaien bizitza ezagutzen dugu, batez ere, mamuen eta espirituen istorioetan, bizitza bera arriskuan ipini arte. Ikusleak beldurtu egiten dira, eta gozatu egiten dute gertatzen diren gorabeheren lekuko izaten. Aris Asterrek halako filmen eskema jarraitzen du. Presarik gabe pertsonaien bizitza ikusten dugu, antzematen da giroa arraroa dela, eta gero eta arriskutsuago izaten joango da, gertaerek eztanda egin arte. Hereditary-n ere hala da, baina aldaketa nabarmen bat dago. Aipatu dugu, gehienetan, pertsonaiak nahiko arruntak izaten direla. Kasu honetan, ez da horrela. Pertsonaiak –aita izan ezik– oso bereziak dira, eta gertatzen zaizkien gauzak askoz bereziagoak. Normaltasuna urratzen denean, pertsonaien ardura eta kezka sentitu daiteke, baina hasieratik dena hain arraroa denean, zailagoa izaten da pertsonaiekin bat egitea eta gertatzen diren gauza harrigarriak sinestea. Dena gehiegizkoa iruditzen zait: egoeren pilaketa, aktore batzuen interpretazioak… Dena den, filmak, orokorrean, kritika onak jaso ditu. Agian, ez nago halako filmekin gozatzen dutenen artean, eta niretzat aspergarria dena beste batentzat ikusgarria eta gozagarria izan daiteke.

 

Tully

Azterketa emozionala

 Zuzendaria: Jason Reitman

Aktoreak: Charlize Theron, Mackenzie Davis, Mark Duplass.

Herr.: AEB (2018).

 Iraupena: 94 minutu.

Puntuazioa: 2

 

Tully-ren protagonista nagusia 40 bat urte dituen emakume bat da. Ezkonduta dago, bi seme-alaba ditu eta haurdun dago. Semeak arazo emozionalak ditu, eta, alaba berria jaiotzean, emakumeari lana pilatzen zaio. Familia zaintzeko bizi da, eta horrek neke fisikoa eta emozionala sorrarazten dio. Pixka bat askeago egoteko, gauetan jaioberria zainduko duen neska gazte bat kontratatuko dute. Agerraldi berriak familiaren eta emakumearen bizitza aldatuko du erabat. Neska gazteak freskotasuna eta laguntza ekarriko ditu emakumearen bizitzara. Jason Reitmanek ederki islatzen ditu pertsonaia nagusiaren zalantzak, frustrazioa eta sentitzen duen bakardadea. Emakumeak bere buruari galdetzen dio ea bizitzan hartutako erabakiak egokienak izan diren eta gazteetako ilusioak bidean geratu ez ote diren. Charlize Theronek oso ondo azaltzen du pertsonaiaren nahasmena. Pertsonaia nagusia oso ondo marraztuta badago ere, filmeko beste pertsonaia batzuk, senarra, anaia eta koinata, adibidez, nahiko lauak dira. Bukaera partean, filmean, biraketa nabarmen bat gertatzen da. Eta biraketa hori sinesgarria izan zedin, gauza guztiek oso ondo lotuta egon beharko lukete. Tully pelikulan ez da horrela gertatzen. Ezuste efektuari sendotasuna falta zaio. Hori horrela, azken emaitza espero baino ahulagoa da.

 

 

En transito

Garai ezberdinak, antzeko moduak

Zuzendaria: Christian Petzold

 Aktoreak: Franz Rogwski, Paula Beer, Godehard Giesse

Herr.: Alemania eta Frantzia (2018)

Puntuazioa; 2

 

Christian Petzoldek bi garai ezberdin batzen ditu, historian gauzak errepikatzen direla eta gizakien portaera ez dela horrenbeste aldatu azaltzeko. En tránsito Marseillan gertatzen da. Europa konkistatu nahi duen Alemaniako armada Frantzian sartzen den unea. Babesa lortu nahian, Alemaniatik etorritakoek Ameriketara ihes egin nahi dute; baina han daude harrapatuta, beharrezko dokumentuak lortu arte. Istorioa aurreko mendeko 1940ko hamarkadakoa izan arren, agertzen diren jantziak, autoak… gaur egungoak dira. Hori horrela, Petzold zuzendariak unibertso paralelo bat sortzen du, etorkinen egoera nahiko antzekoa dela erakusteko. Ideia originala da. Ikusten da kontatzeko modu desberdin bat sortzeko gogoa duela zuzendariak. Istorioa kontatzen duen pertsonaia bat dago, eta bukaera arte ez dugu jakingo nor den. Eszena askotan, kontalariak ikusten ari garena azaltzen du. Eszena gehiago garatu beharrean, kontalariak laburtu egiten ditu iraupen handiagoa beharko luketen eszenak. Ez da ideia egokia. Zineman eskertzen dugu pertsonaien arteko harremanak ikusterakoan horiek nola garatzen doazen antzematea. Kontalariak erritmo hori apurtzen du. Horrela, filma nahiko hotza eta abstraktua da. En tránsito ahalegin txalogarria da, baina ahalegin berezi horretan zerbait galtzen da.