Sully

sully

Hari-harian zaudenean

Zuz.: Clint Eastwood

.Aktoreak: Tom Hanks, Aaron Eckhart, Lauran Linney

Herr.: AEB (2016)

Puntuazioa: 3

 

Ez da erraza izaten erabakiak hartzea, eta, are gutxiago, erabakia hartzeko denbora laburra dagoenean. Hari-harian zaudenean ezin duzu denborarik galdu. Erabakiak berehala hartu behar dira eta ez dago atzera egiteko aukerarik, batez ere, jendearen bizitza arriskuan dagoenean. Hori gertatu zitzaion Chelsey Sullenbergeri 2009ko urtarrilaren 15ean, Hudson ibaian, larrialdiko lurreratze bat egin zuenean. Gidatzen zuen hegazkinak hegazti batzuekin topo egin ostean hondatu egin zen. Pilotuak, bere esperientziaz, senaz eta sendotasunaz baliatuz, erabaki behar zuen aireportura itzuli ala Hudson ibaian lurreratu. Gertakariak Sullyrengan izandako ondorioak azaltzen ditu Eastwoodek. Pilotuak bere burua gaindituta ikusten du. Jende arruntaren miresmena, komunikabideen jarraipen nekagarria eta mandatarien susmoak eta mesfidantza jasotzen ditu. Inguruan sortutako giro itogarriak zalantzak sortzen dizkio. Gertatutakoari buruz dituen ametsak eta oroimenak, sortzen zaizkion zalantzak eta mantentzen duen zuzentasuna ezagutuko ditugu. Istripua bidaiarien eta pilotuen kabinan zeudenen ikuspegitik ikusiko dugu. Azkenean, Sullyk, herriaren ordezkariak, boterean daudenei aurre egiten die. Eastwood oso zorrotza da, eta, pilotuaren antzera, denbora laburra erabiltzen du bere lana behar den bezala egiteko.