La seducción

Taldearen indarra

 Zuz.: Sofia Coppola.

 Aktoreak: Nicole Kidman, Kirsten Dunst, Colin Farrell.

Puntuazioa: 3

 

Emakume talde bat da La seducción-eko protagonista. Istorioa Ameriketako Estatu Batuetako sezesio-gerran kokatzen da. Hegoaldeko etxe handi baten, adin desberdinetako emakumeak bizi dira. Neskatilak hezteko etxea da, eta, ikasleekin batera, irakaslea eta eskolako zuzendaria daude. Guda dela eta, taldea setiatuta dago. Gertu dute gerratea eta ez da komenigarria handik irtetea. Egun baten, zaurituta dagoen iparraldeko armadako desertore bat etxean sartuko dute, eta egoera horrek emakumeen bizi lasaia astinduko du. Ondo hezitako eta beti itxurak mantentzen dituzten neskak izan arren, euren portaera erabat aztoratuko da. Nork bere modura gizonaren arreta lortu nahi du, eta, bera jakitun denez, egoerari etekina atera gurako dio. Bi alderdien arteko sedukzio jokoa sortuko eta hasiko da. Gauzak nahasten joango dira, eta azken zatian, emakume guztiek indarrak batuko dituzte; hau da, talde bihurtuko dira, egoerari irtenbidea aurkitzeko. Sofia Coppola ondo moldatzen da emakume bakoitzaren izaera azaltzeko eta etxe barruan bizi den giro itogarria islatzeko. Emakume guztiek oso finak eta lasaiak ematen dute, baina bizimoduaren alde frustragarria antzematen da. Istorioak eta pertsonaien portaerek erakargarria den anbiguotasuna dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude