Elle

 

foto-elle-color

Babes-sarerik gabe

Zuzendaria: Paul Verhoeven

Aktoreak: Isabelle Huppert, Laurent Lafitte, Anne Consigny, Charles Berling.

Herrialdea: Frantzia

Puntuazioa: 4

Paul Verhoevenek eta Isabelle Huppertek arrisku-saltoak ematen dituzte babes-sarerik gabe. Urte pila bat daramate zinema munduan, eta ez dira egokitzen arruntasunera edo merkatuak eskatzen dituen baldintzetara. Beti pauso bat aurrera ematen dute. Arriskatu egiten dute istorioak eta pertsonaiak sortzeko. Eta biak elkartzen direnean, Elle film harrigarria, eroa eta maltzurra sortzen da. Verhoevenek erronka berrien bila, bere jaioterrian, Holandan, filmatu du; baita AEBetan, eta, azken bolada honetan, Europara bueltatu da. Alde batera eta bestera jotzen du bere zinema pertsonala egiteko. Parisen filmatuta dagoen Elle-n argi geratzen da zuzendariak ez duela galdu ikuslea harritzeko duen ahalmena. Hasieratik ikuslearen arreta lortzen du filmak. Michellen portaera hain berezia denez, ezin da jakin aurretik zer egingo duen, eta, pertsonaia, istorioaren ardatz nagusia denez, bere ekintzek zuzenduko dute filmak hartzen duen norabidea. Gurasoekin, semearekin eta bikotekide ohiarekin, eta horien bikotekide berriarekin, lankideekin eta auzotarrekin, eta bortxatzailearekin dituen harremanak ikusiko ditugu. Michelle ondo moldatzen da guztiekin jokatzeko. Adibidez, ia guztiak elkartzen ditu Gabonetan antolatutako festan. Pertsonaiaren eta Verhoevenen asmoek bat egiten dute. Elle joko maltzurra, kezkagarria eta oso dibertigarria da. Verhoevenek eta Isabelle Huppertek erabateko konplizitatea dute. Zuzendariak dotorezia ematen dio kontatzen duen istorio aztoratzaileari eta aktoreak sinesgarri egiten du hain enigmatikoa eta bihurria den pertsonaia. Michelle anbizio handikoa eta gaiztoa da, ez du kontzientzia arazorik. Pertsonaia zakarra izan zitekeen, baina Hupperten keinuek, begiradek, ahots tonuak, esaten duenari ematen dion intonazioak, erabilitako ironiak… lortzen dute Michelle pertsonaia liluragarria izatea.