El hombre de las mil caras

el-hombre-de-las-mil-caras-ancho

Garai bateko erradiografia

Zuzendaria: Alberto Rodríguez.

Aktoreak :Eduard Fernandez, Jose Coronado, Carlos Santos.

Herrialdea: Espainia

Puntuazioa: 3

 

Duela bi urte Alberto Rodríguezen La isla minima-k bi sari eskuratu zituen Donostiako Zinemaldian. Orain, El hombre de las mil caras pelikularekin Eduard Fernandezi aktore onenaren Zilarrezko Maskorra eman diote. Aipatutako bi filmak thriller generokoak dira. Hala ere, bien arteko diferentziak nabarmenak dira. La isla minima Espainiako demokraziaren lehenengo urteetan kokatzen zen. Garai hartan, oraindik, Franco garaiko portaerak eta pentsamoldeak desagertu barik zeuden, eta, aldi berean, bazeuden garai berriaren aurrean jokatzeko modu zuzenagoa eta zabalagoa zutenak. Oso desberdinak diren bi polizia neska batzuen desagerpena ikertzera doaz Espainiako hegoaldera. Han lurralde handien jabeen garrantzia igartzen zen eta jendeak beste alde batera begiratzen zuen horien azpijokoei aurre egin gabe. El hombre de las mil caras-en aldaketa argia ikusten da: lurrekin lotutako thriller batetik bulegoko thriller-era pasatzen gara, Francisco Paesaren bizitzan sartzeko. Istorioa joan mendeko 90ko hamarkadan kokatzen da. Agintariak ustelkerian sartuta daude, eta, egoera horri, etekina aterako dio Paesak. Trebeena da, eta trikimailu guztiak ezagutzeaz gain, sortzen diren ezusteak gainditzen maisua da. Filmak, Paesa eta Roldánen arteko harremanak kontatuz, garai hartako erradiografia egiten du. Ekonomia eta finantza mundua ulertzea ez da gauza erraza. Istorioan, oso erritmo bizian, aldaketa eta biraketa ugari izaten dira. Sortzen den nahasketan, ikuslea laguntzeko, pertsonaia batek narratzaile lanak egingo ditu. Zuzendariak ukitu ironikoa ematen dio thriller-ari: narratzailearen azalpenak, kapituluen izenburuak (El Algarrobo, El Cochero de Drácula…). Filmean ez dago arnasa hartzeko denborarik, eta Rodriguez ederki moldatzen da korapilatsua den istorioari arintasuna eta dotoretasuna ematen.