Morir

Gaixotasunaren eraginak

Zuzendaria: Fernando Franco

Aktoreak: Marian Alvarez, Andres Gertrudix

Herr.: Espainia (2017)

Puntuazioa: 3

 

Fernando Francoren filmak proposamen latzak izaten dira. Bere lehen filmean, La herida-n, bordeline gaixotasuna zuen neska baten jarraipena egiten zuen. Orain, Morir-en bikote bat daukagu protagonista. Gizonak gaixotasun sendaezin bat du, eta euren harremanaren azken urtea ikusiko dugu. Gaixo dagoena bat izanik, gaixotasun horren ondorioak biek jasango dituzte. Min fisikoa eta psikikoa da. Egoerari aurre egiteko, bikotekidea mundutik eta beste pertsonengandik bakartu egiten da, baina bakartasun hori euren artean ere areagotuz joango da. Gaixoak, bere ahulezian, gero eta eskakizun gehiago ditu. Bestearen arreta eta bizitza ia xurgatzen ditu. Hori dena Morir-en ikusten da. Urte horretan zehar, elipsiekin ondo jokatuz, bikotearen harremanaren bilakaera ezagutuko dugu. Istorioan gaixoari garrantzia ematen bazaio, oraindik pisu handiagoa emango zaio emaztearen egoera psikologikoari eta bizi duen bizi itogarriari eta mugatuari. La herida-n kamerak denbora guztian pertsonaia protagonista jarraitzen zuen, gertuko plano askotxo erabiliaz. Euren atzetik dagoen ingurune lausotua agertzen zen, behin eta berriro. Zuzendariaren estiloa ez da aldatu azken film honetan. Ezaugarri horiek erabiliaz, pertsonaien begiraden eta keinuen bitartez, horien bakardade emozionala islatzea lortzen du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude