Azaroaren 23ko Garak Erdoziaren artikulu zorrotza ekarri zuen. Euskaltzaindiaren eta Jaurlaritzaren inplikazioa eskatzen du Iruña-Veleiako korapiloa askatzeko.
Jose Luis Erdozia Mauleon Euskaltzain urgazlea Euskaldun den orok altxa beza burua!
Noizko euskal
gramatikaren arabera erabaki du zenbait adituk ezinezkoa zela horrela
idaztea halako hitza orduan? Gainera, Iruña-Veleiako grafitoak ez daude
pergaminoan, papiroan edota hilarrietan idatzirik.
23/11/2019
Atxagari entzun nion lehengo batean, Euskadi Irratian, jaso
berri duen sariaren eta Etxepareren lanaren arteko paralelismoa egiten.
«Heuskaldun den (gizon) orok altxa beza buruia» aipatu zuen, haren
argitalpenaren kasuan bezala, sariak eskuratzea, euskaldunen konplexuak
uxatzeko arrazoi dela ondorioztatuz.
«Debile principium, melior fortuna sequatur» esanda, harekin eta
ondorengoekin euskara hizkuntzen champions-era igoko zela erantsi zuen.
Baina ez dakit euskarak ordukotik “melior fortuna” izan duen, ezta
izanen duen ere, ahozko komunikazioan sekula santan.
Eta zergatik horren ezkor euskararen etorkizunarekin? Bada,
gehienbat, ez dudalako ikusten euskal gizartea konplexuak alde batera
uzteko tenorean eta benetako apustua egiten euskara Euskal Herriko
komunikazio hizkuntza nagusi bihurtzeko. Ez hizkuntza nagusi bezala
aldarrikatzeko, ez hizkuntzaren beraren historian sakontzeko,
objektibotasunez.
Aditu batzuek esandakoak irakurri eta gizartearen gehiengoak buruia
altxa beharrean, burumakur. Nola esanen zaie aditu horiei haiek
esandakoak baino berme gehiago eskaintzen duela zientziaren bidez
aztertzeak aztergaia? Pentsatu ere ez! Gizarte uzkur, herabetia!
Konplexua duena aditu horien aurrean. Eta konplexu horretan, bereziki,
dago murgilduta klase politikoa, arlo akademikoa, hezkuntza,
kazetaritza, kultura… Zein, hori ez bada, beste alde batera begiratzeko
arrazoia? Nola ulertu, bestela, Akademiak, esate baterako, euskararen
historiako garrantzitsuenetarikoa izan daitekeen aurkikuntzaren aurrean,
ezer esan ez izana oraindik? Akademikoek iritzi kontrajarriak
dituztela? Aizue! Akademiatik kanpo ere, beste aditu batzuek aurreko
adituek esandakoak ez duela oinarri zientifikorik esan dute.
Noizko euskal gramatikaren arabera erabaki du zenbait adituk
ezinezkoa zela horrela idaztea halako hitza orduan? Gainera,
Iruña-Veleiako grafitoak ez daude pergaminoan, papiroan edota
hilarrietan idatzirik. Ostraketan daude idatzita gehienak; beraz, ez
zituen idatziko garaiko idazle, idazkari edo eskribau batek. Idazten
ikasten ari ziren batzuek idatziko zituzten seguruenera, benetakoak
badira, horretarako Iruña-Veleian orduko hartan izanen zuten tailer,
akademia edo pedagogium batean, irudimenaren hegoak gehiegi astindu
gabe.
Orduan, adituen arteko talka hori, nola konpon daiteke? Laster eginen
omen den epaiketak bederen, ez du konponduko grafitoen
benetakotasunaren auzia, ez baita horretaraino ausartuko arkeologian edo
epigrafian tutik ere ez dakien epailea, eta, horregatik, berriz ere,
errepikatuko dut hainbestetan erabilitako leloa: ¡Contra facta, non
valent argumenta! Froga arkeometrikoak egitera bidaliz gero grafitoak,
afera konpontzeko bidean izanen da. Ezin da utzi Altamirako margoen
kasuan bezala beste hamarkada batean enkistatzen. Lehenago edo
beranduago era zientifikoan eman beharko zaio erantzuna, Arabako
Aldundiak grafitoak behar bezala zaindu baditu behintzat.
Eta, nire ustean, froga horiek egiteko ardura, Euskaltzaindiak eta
Eusko Jaurlaritzak hartu beharko lukete. Batak, ardura intelektuala,
euskara arloko mailarik goreneko instituzioa delako; eta, besteak,
ardura ekonomikoa, gaur egun bederen (ez dago Nafarroa unerik gozoenean
horretarako), euskaldun guztien ondarearen zaintzaile beharko lukeelako.
Horrela, Euskaltzaindiak gainera, mendeurren arrakastatsuari amaiera
ederrena emanen lioke eta, horretarako, afera argitu nahia baino ez da
behar.
Goitik buruok!