
Oso hunkigarria izan zen omenaldia. Txalapartaren ondoren, omenduen familiartekoak banan-banan igo ziren, eta gehienek hitz batzuk egin zituzten, benetan hunkigarriak. Eliseo Gilen eta Idoia Filloyrenak agian hunkigarrienak. Gero bisita gidatua bi taldetan. Ondoren bazkaria Olabarriko gizarte etxean. Dena giro ezin hobean. Ia 100 lagunek hartu zuten parte omenaldian eta bisita gidatuan, eta 70ek bazkarian.
Hona hemen omenaldian irakurri genuen testua:
OMENALDIA (2026-06-07). Iruña-Veleia 20. urteurrena
Milesker txalapartariei. Jesus Elortza eta Iñigo Urrutia dira. Hezurretaraino sartzen den txalapartaren soinuarekin eman nahi izan diogu hasiera gaurko ekitaldiari. Eta bisita gidatuaren aurretik, omenaldi xume bat egin nahi diegu joan zaizkigunei, Iruña-Veleiako auzi latz honetan ekarpenak egin zituztenei, borroka honetan lagundu zutenei. Kartelean ikusi duzuenez, zazpi dira.
Lehenik utzi gintuena, Henrike Knörr izan zen 2008an. Euskaltzaina eta unibertsitate publikoko irakaslea. Euskarazko grafitoen aurkezpenean mahaian egon zen eta poz eta emozio handiz aurkeztu zituen. Eta heriotzara arte grafitoen benetakotasuna defenditu zuen sutsu, tinko aurre eginez jasan behar izan zituen presio itsusiei.
Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” 2012an hil zen. Oso inportanteak izan ziren bidali zizkigun gutunak. Besteak beste zera esaten zigun: “Hori guztia ikusita, zalantzarik ez diat: “grafito” horiek benetakoak dituk. Eta hor somatzen den euskara euskalki arkaiko bat duk. Gorrotxategi eta Lakarra (hau batez ere) oker zeudek”.
Emilio Illarregi Santanderren jaioa zen eta 2018an hil zen. Arkeologoa, txostena idatzi zuen Lurmenen praxi arkeologikoa zuzena izan zela defendatuz, eta hitzaldia ere eman zuen Gasteizen, Lurmenen alde agertzea profesionalki oso arriskutsua zen garai batean.
Iñaki Aldekoak 2021ean utzi gintuen. Ingienari kimikoa eta politikaria. Biltzarkidea grafitoen auzia pil-pilean egon zen garaian. Froga fisiko- kimikoak exijitu zizkion bere talde politikoak Arabako Foru Aldundiari, eta haren jauregiaren aurrean Lurmenen alde astero egiten ziren agerraldietan parte hartu zuen sarri. “Yo acuso” izenburuko artikulu gogoangarri bat argitaratu zuen prentsan.
Jose Ignacio Vegas Aranburu, arabar arkeologo beteranoa, 2024an zendu zen. Oso gutxi izan ziren Eliseo eta Idoiaren alde agertu ziren arkeologoak, eta horietako bat Jose Ignacio. Izen handiko arkeologoa Araban, haren babesa oso inportantea izan zen guztiontzat. Berak grabatu zituen Nuñezek eskabadoraz 2010ean egin zuen sarraskiaren irudiak.
Gontzal Fontaneda 2024an hil zen. Irakasle, euskaltzale eta ekintzaile gasteiztarra. Ezagutu genuenok bere apaltasuna eta eskuzabaltasuna izango dugu gogoan. Asko lagundu zuen Eliseo eta Idoia babesten eta auzia ezagutarazten Babazorro izeneko blogaren bitartez.
Jose Antonio Villar 2026an zendu zen. Soinu-teknikaria eta musikaria, Ez dok Amairu mugimendu mitikoaren sorreran egon zen. Iruña-Veleiako auzira gogo handiz hurbildu zen azken urteetan eta modu askotara lagundu zuen, tartean artikuluak idatziz euskal prentsan.
Eta azkenik, Eliseo Gil eta Idoia Filloy ere omenduko ditugu, aztarnategiaren zuzendariak garai hartan. Horiek ez zaizkigu joan, gure artean ditugu zorionez, hogei urte penagarri duintasun handiz jasan ondoren. Eurek bakarrik dakite zenbat sufritu duten. Milesker egiaren banderari tinko eusteagatik eta gaur hemen egoteagatik.
Brevemente en castellano. Hemos querido empezar este pequeño acto con el entrañable sonido de la txalaparta. Como sabéis, homenajeamos hoy a personas que han fallecido en el transcurso de estos 20 años, a personas que colaboraron activamente en defensa de la verdad en este lamentable asunto. Nos referimos a Henrike Knörr, Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”, Emilio Illarregi, Iñaki Aldekoa, Jose Ignacio Vegas Aranburu, Gontzal Fontaneda y Jose Antonio Villar. También homenajeamos hoy a los ex directores del yacimiento Eliseo Gil e Idoia Filloy, a los que afortunadamente tenemos entre nosotros, después de haber soportado con gran dignidad estos 20 penosos años.
Vaya para todos ellos y ellas un sentido aplauso. Txalo bero bat guztientzat.
(Oroigarri eta larrosa bana eman zitzaien familiartekoei)

