Kategoriaren artxiboa: Sailkatugabeak

BERTSO JAIALDI MUNDIALA 2010

ALBEk zita bereziak izaten ditu udan zehar. Jaietako saioekin eta Balkoitik balkoirako ikuskizunaren ondoren, Bertso Jaialdi Mundiala izaten da beste bat.

Saio esperimentala, desberdina eta sorpresaz betea. ALBEko gai-jartzaile taldeak mimoz prestatzen ditu gaiak eta saioan zehar egoten diren une bereziak.

Gogo itzela duzula saioa ikusteko? Ez dakizula nortzuk diren protagonistak? Honako bertsolari hauek izango dira kantuan:

Maialen Lujanbio
Aitor Mendiluze
Xabi Paya
Andoni Egaña
Amets Arzallus
Jon Maia

Gaiak jartzen, Aitzol de Kastro.

Zita: Uztailaren 14an, Algortako Bihotz Alai plazan, 21.00etan.

BIHAR BAKOITIK BALKOIRA

Ekainaren erdialdean, zita ederra izaten dugu Portu Zaharreko Etxetxu plazan. Bi bertsolari, nor baino nor, librean abesten balkoi batetik bestera. antzinako erara.


Aurtengoan, bi neska izango ditugu kantuan: Jone Uria eta Miren Amuriza. Azken Txapelketa Nagusiko errebelazioak izan dira eta erronka handia izango dute bihar.


Beraz, zita: bihar, hilak 18, Portu Zaharreko Etxetxu plazan 22:00etan.


       

JONE URIA URIBE KOSTAKO TXAPELDUN

Hiru kanporaketa egin ondoren, larunbatean egun handia iritsi zen: Uribe Kostako finala. Sei bertsolari, nor baino nor gehiago, txapel preziatuaren bila eta Bizkaiko Txapelketarako txartela lortzeko asmotan.

Uribe Kostako Txapelketari buruzko historia oso ondo laburtu zuen Xabi Paya gai-jartzaileak:

Uribe Kostako lehen txapelketa 1994an egin zen, egunotan mende erdiko ospakizunetan dabilen Algortako Bidebitarte txokoan. Saio aitzindari hartan, Uribe Kosta, Uribe Butroe eta Txorierriko sei bertsolarik parte hartu zuten, tartean Unai Elorriaga idazle ezaguna. Txapela lehiakide txikienak eskuratu zuen, artean ilean marra egiten zuen ume ahotseko Fredi Paia, 13 urteko mutikoa. 

Ordutik gure eskualdeak Bizkaiko Txapelketarako baliagarri izan diren saio guztietan parte hartu izan du, Ipar Uribe eskualde multzoko lehiaketan bertsolari kopurua handiena eskainiz.

Hamasei urte geroago, Uribe Kostak bere bertso aberastasuna erakusteko aukera berreskuratu du. Izan ere, Uribe Kostak, ekonomia oneko eskualdearen fama izateaz gain, bertsolaritzan ere ezin oparoagoa izatearen ospea behar luke. Horren seinale, Bizkaiko eskualde guztietatik aurten lehiara bertsolari gehien aurkeztu duena izatea. Eta, zin dagizuet, kantitatearen neurrikoa dela kalitatea ere. 

Saioa bizi joan zen, aipatzekoa da Aitzol de Kastro eta Itxaso Payak eginiko ofizioa zortziko nagusian; ale politak utzi zituzten. Zortziko txikian, Arrate Illaro eta Joanes Igeregik, edo Jone Uriak eta Aitzol de Kastrok egindako ofizioek entzuleen artean barre algarak sortu zituzten.

Lehen puntuak erantzutea ez da lan erraza izaten, baina hemen ere ale politak entzun genituen. Bakarkakoan, Aitzol de Kastrok, tragikoa izan zitekeen gaiaren aurrean, buelta eman eta entzuleen txalo zaparrada jaso zuen.

Lehen fasea bukatuta, epaileek erabaki zuten nortzuk igaroko ziren buruz burukora: Itxaso Paia eta Jone Uria. Hamarreko txikian hiruna bertso osatu zituzten eta ondoren kartzelan hiruna bertso bota behar izan zituzten neurri eta doinu librean.

Hamarreko txikian, ale umoretsuak entzun genituen. Hegazkinean zihoazen biak, eta Itxasoren ondoan zegoen ezezagunak, Jonek, gogor besarkatu zuen paiatarra, ekaitza zela eta.

Kartzelan ale hunkigarriak entzun genituen. Biek sentiberatasun handia erakutsi zuten presondegira sartzen ari den neskaren paperean.

Kartzelaren ondoren, Jone Uria suertatu zen txapeldun. Hona hemen botatako azken agurra:

Jone Uria, Uribe-Kostako txapelduna

Trinok, Josebak ta Andonik
sortu zuten erresuma,
Miren, Goizalde, Xabi ta
Fredik orain lan astuna.
Nahikari ta Beñat, berriz,
bermatzen etorkizuna,
Geko eskolari esker
daukagu freskotasuna.
Itxaso, Arrate, Peru
lagun koadrila kutuna,
baita atzetik datorren
gazteagoen bilduma.
Nahiz ta bakoitzak daukagu
geure berezitasuna,
familia ederra da
denok osatzen duguna.

Hori baita ALBE, familia eder bat!

Ez dugu bukatu nahi, eskerrak eman gabe parte hartu duten bertsolari guztiei, gai-jartzaile taldeari, epaileei, Itzubaltzetako bertso-eskolari eta gaztetxeari, Txorimalo gaztetxeari, Ander Deuna Ikastolari eta saioetara inguratu diren bertsozale guztiei! Eskerrik asko denei!

Baten batek ezin izan bazuen hurbildu zapatuan finalera, edo berriz entzun nahiko balu saioa, hementxe du eskuragarri, www.ukberri.net webgunetik hartua:

Finala osorik entzuteko:

Txapeldunaren azken agurra:

HELDU DA URIBE-KOSTAKO FINALA!

Heldu da! Hiru kanporaketa egin ostean, Uribe-Kostako Bertsolari Txapelketako finalerako txanda heldu da. Finala, larunbatean izango da, hilak 12, arrastiko 18.00etan, Villamonteko Kultur Etxean. Xabi Payaren aginduetara abestuko dute finalistek:


Itxaso Paia
Arrate Illaro
Jone Uria
Joanes Igeregi
Aitzol de Kastro
Ekaitz Larrazabal “Katxo”



Gonbidatuta zaudete!

TXORIMALOKO KANPORAKETA, JONE URIARENTZAT

Ostiralean, Uribe Kostako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken  kanporaketa saioa izan zen Algortako Itzubaltzeta Gaztetxean. 75 pertsona izan ziren afaltzen eta 80 saioa entzuten.  Aurreko asteko baino giro apalagoa egon zen, baina gazte asko hurbildu ziren bertsoekin gozatzeko.


 


            Bertsotan Miren Loizaga, Jagoba Pereda, Aitzol de Kastro, Jone Uria, Joanes Igeregi eta Ekaitz Larrazabal “Katxo” aritu ziren, Arkaitz Gomezen aginduetara. Epaitzen, aldiz: Josu Arroyo, Peio Unzurrunzaga, Trino Azkoitia eta Nahikari Ayo.


 


            Jende nahikotxo hurbildu zen saiora. Aipatu beharra dago, saio guztietatik, saiorik onena izan dela. Puntuek gora egin zuten eta lan txukuna egin zuten. Saioa bizi-bizi hasi zen Miren Loizaga eta Jagoba Peredaren arteko ofizioarekin. Puntuak erantzuten oso ondo ibili ziren eta bakarkako ale politak entzun genituen.


 


                                Txorimaloko kanporaketa


           


               Jone Uria nagusitu zen saioan. Honakoa izan zen puntuazioa:


 


1. Jone Uria  251,5
            2. Joanes Igeregi  232
            3. Aitzol de Kastro 222,5


4. Ekaitz Larrazabal “Katxo” 218,5
            5. Miren Loizaga 202


6. Jagoba Pereda 185,5


 


            Azken kanporaketa izanda, badakigu nortzuk izango diren ekainaren 12ko finalean (beltzez daudenak sailkatua dira):


 


Jone Uria251


Arrate Illaro249,5


Itxaso Paia238,5


Joanes Igeregi232


Aitzol de Kastro225,5


Ekaitz Larrazabal – Katxo218,5


Josu Landeta217,5


Miren Loizaga202,5


Gabi Basañez192,5


Peio Etxebarria186


Jagoba Pereda185,5


Oier Iturralde – Atano185


Unai Angulo184,5


Peio Ruiz de Agirre184,5


Arkaitz Gomez180,5


 


            Kanporaketeei bukaera emanda, finala baino ez da geratzen. Zita, ekainaren 12an, Villamonte Kultur Etxean, 18.00etan.

ITZUBALTZETAN, ARRATE ILLARO NAGUSI

Ostiralean, Uribe Kostako Bertsolari Txapelketako bigarren  kanporaketa saioa izan zen Erromoko Itzubaltzeta Gaztetxean. 84 pertsona izan ziren afaltzen eta 110 saioa entzuten.  Giro beroa egon zen, bertsotan egiteko ezin hobea.


 


       


 


            Bertsotan Oier Iturralde “Atano”, Peio Ruiz de Agirre, Josu Landeta, Arrate Illaro, Gabi Basañez eta Peio Arondo aritu ziren(azken honek ez zuen puntuatu) Ekain Landa “Txispain”-en aginduetara. Epaitzen, aldiz: Josu Arroyo, Peio Unzurrunzaga, Trino Azkoitia eta Nahikari Ayo.


 


            Giroa bero zegoen, bertako bi bertsolari abesten zutelako eta koadrila asko hurbildu ziren. Ofizioka, orain arteko saiorik borobilenak entzun ziren, eta aipatu beharra dago Josu Landetak eta Peio Arondok egindakoa zortziko txikian. Bakarkako saioak azkarrak eta biziak izan ziren.


 


            Arrate Illaro izan zen saioko garailea. Honek ere itxaron beharko du Algortako Txorimalo Gaztetxeko kanporaketari jakiteko finaleko txartela lortu duen.


 


1. Arrate Illaro 249,5
            2. Josu Landeta 217,5
            3. Gabi Basañez 192,5


4. Oier Iturralde “Atano” 185
            5. Peio Ruiz de Agirre 184,5


 


Hurrengo saioa, ostiralean izango da, hilak 28, Algortako Txorimalo Gaztetxean, hau ere bertso-afari formatuan. Bertan izango dira kantuan:


 


            Miren Loizaga


            Joanes Igeregi


            Aitzol de Kastro


            Jone Uria


            Ekaitz Larrazabal “Katxo”


            Jagoba Pereda


 


            Saiora etorri nahi izanez gero:


 


            – Gaztetxean eman izena
            – Email bat bota albegetxo@gmail.com –era edo


            – SMS bat bota 605704385era.


 

TXORIMALOKO KANPORAKETARAKO SARRERAK SALGAI

Ostiralean giro ederra izan genuen Itzubaltzetako Gaztetxean! Txorimalo Gaztetxean berdina izatea espero dugu.


Ostiralean, Uribe-Kostako Txapelketako azken kanporaketa izango da. Egun horretan bertan jakingo dugu nortzuk lortuko duten ekainaren 12ko finalerako txartela.


Betikolez, saioa bertso-afari formatuan izango da eta honako bertsolari hauek abestuko dute:


Miren Loizaga
Joanes Igeregi
Aitzol de Kastro
Jone Uria
Ekaitz Larrazabal “Katxo”
Jagoba Pereda


     


Sarrerak lortzeko, betiko bidea:


– Emaila bota albegetxo@gmail.com -era edo
– SMS bat 605704385 zenbakira.


Barikurarte!

ITXASO PAIA GARAILE SOPELAN

Ostiralean, hasieran eman zitzaion Uribe Kostako Bertsolari Txapelketari. Lehen kanporaketa Sopelako Ander Deuna Ikastolan izan zen. 60 bat lagun batu ziren afaltzeko eta ondoren saioari eman zitzaion hasieran.


           Sopelako kanporaketa


Itxaso Paia izan zen saioko garailea. Saioa hasieratik goitik ibili zen algortarra, eta txiri-txiri joan zen puntuak batzen ariketa guztietan. Alerik onenak zortziko nagusian eta txikian entzun ziren. Bakarkako saioak motelagoak izan ziren, baina halare lan politak osatu zituzten bertsolariek.


Imanol Uriak eta Inazio Vidalek ez zuten puntuatu, baina saio txukuna egin zuten.


Honela geratu ziren puntuazioak:


1. Itxaso Paia        238,5
2. Peio Etxebarria 186
3. Unai Angulo      184,5
4. Arkaitz Gomez  180,5


Gogoratu hurrengo kanporaketa Itzubaltzetako Gaztetxean izango dela ostiral honetan, hilak 21.

ERROMOKO KANPORAKETARAKO SARRERAK SALGAI

Ostiralean Eskualdeko Txapelketako bigarren kanporaketa izango da Erromon, Itzubaltzeta Gaztetxean, hau ere bertso-afari formatoan. Bertan arituko diren bertsolariak, honakoak izango dira:


Oier Iturralde “Atano
Peio Ruiz de Agirre
Josu Landeta
Arrate Illaro
– Peio Arondo
Gabi Basañez


       


Sarrerak nahi izanez gero bi bide dituzue:


– Emaila bota albegetxo@gmail.com -era edo
– Sms bat bota 605704385 zenbakira.


Zita: ostirala 21, 21.00etan Itzubaltzeta Gaztetxean.


Animatu!