Maiatzaren 29an, Ondarrun jokatu zen Eskolarteko Txapelketarako kanporaketa eta gure eskolatik, Peio Arondo eta Imanol Uriak lortu zuten finalerako txartela.
Finala bihar izango da, Indautxuko El Carmen Aretoan, goizeko 11etan.
Egurra gazteok!
Ikasturtea bukatzear dagoela eta, aukera izan dugu Peio Arondorekin hitz egiteko, bertso-eskolako gazteen taldeko partaidearekin. Peioren lehen kontaktua bertsolaritzarekin San Nikolas Ikastolan izan zen, hezkuntza arautuko programaren barruan.
Hemen Peiok kontatu diguna:
– Noiz hasi zinen bertsotan?
Pasa den kurtsoan hasi nintzen bertso-eskolan, 14 urterekin.
– Zer ematen dizu bertsolaritzak?
Bertsolaritzak jendea ezagutzeko aukera bikaina eman dit: udalekuak, saioak, bidaiak,… etengabe jende berriarekin harremanetan egon naiz sartu nintzenetik.
– Zer egiten duzue bertso-eskolan?
Astean behin elkartzen gara bertso-eskolan, bertan hitz egin, kotilleatu, merendolak eta planak egiten ditugu. Bertsotan ere bai.
– Nola animatuko zenituzke gaztetxoak bertso-eskolara?
Nire ustez, gaztetxoek bertsolaritzari buruz duten ideia aldatu behar da: bertsolaritza ez da tripadun gizon bat baserriari buruzko bertsoak botatzen txapela buruan duela, ahots ozen eta aspergarri batekin. Bertsolaritza bat-batekotasuna, freskotasuna eta umorearekin lotu behar dute.
– Eta bukatzeko, bertso bat eskatuko dizugu.
Bertsolaritza sozialki dago
liburuetan gordeta:
bertsolariak jarrita dauka
txikitero etiketa.
Los Angelesko raperoa, berriz,
ei da kaleko poeta,
errimaz, doinuz, umorez eta
errebeldiaz beteta.
Hip-hop, Rap zein bertsolaritza
eginda konparaketa,
txapela eta raper-bisera
da dagoen aldaketa.
Eminemek ta Andoni EgaƱak
antza badaukate eta.
Milesker Peio!