Plus ultra

Sortaldekoak. Etxarte. Poesia.

Asko-asko-asko gustatu zait Hedoi Etxarteren sortaldekoak (Susa, 2021) poesia liburua. Uste dut goia jo duela orain arte idatzitakoarekin alderatuz, aberatsagoa baita ñabarduratan, sakonagoa gaietan eta ederragoa ahotsean. Izan ere, barka bekit txistea, batez ere ezkerretara begiratzen duen arren gora, behera eta eskuinetara ere luzatzen du pausoa. Heldutasunak, gurasotasunak, dolua eta engaiamendu politikoak arimari eta gorputzari utzitako arrastotik idazten du eta sentimendu horietan denok aurkitzen dugu gure ispilua.

Liburuko olerkirik onena 90. orrialdeko Dragoiak iruidtzen zait. Hasiera hori,

Enperadorearen lorategian lo egingo genuela uste genuen bezperan / Sahatsek ura tindatzen zuten / erresiñolak entzuten genituen / gurea zen errekaldea / dragoiak ginen, zerua eta sua.

ez esan magikoa ez denik. Nik olerki hau zuzenean entzuteko zortea eduki nuen Aitor Etxarteren omenezko ibilaldian, Hedoi berak emozioaren ikarak jota errezitatu zuen Maalako arrabaleko Plus Ultra taberna parean senidez inguratuta. Mikrorik gabe, eskenatoki gabe, dena birika eta maitasun. Iragana etorkizunez betea irudikatu genuen.

Eta halere iruditzen zait liburuko olerki ederrenak intimoenak egin zaizkidala. Ospitalekoak, sexu eszenak, maitaleei eskainiak edota institutuko urteei. Zaila da zintzotasun, edertasun eta interes handiagorik transmititzea lerro gutxitan. Eta hori da eskertzen duguna iraultzaile batengan, manifestazio edo greba orokorretik harago etxeko sutondoan egiten duena kontatzea. Bestea, Durrutik bere gizonei mantala soinean adierazi zien gisara “ezer ez ulertzea” da.

Azkenaldian han edo hemen Hedoirekin solasean aritzeko zortea eduki dut. Adierazi nion behin nire ezintasuna familiako minei buruz idaztekoa. Bere erantzuna ondo gogoan dut: guk ez badugu idazten nork?

Egia da, ez du beste inork egingo. Eta halere minek hor diraute, nahasian, sahatsez gain artadi, gaztainadi eta pinudi. Sentimendu bat norbere baitan hartu eta hari askatzea, uste dut Omar Navarrok horrela deskribatu zidala poesia zer den. Akaso ez hitz horiekin, baina uste dut ideia hori zela. Eta poesia egitea arriskutsua zela, momentuko eromenera eroan dezakeela bat. Ederrak ziren Arrasaten 1934an iraultza egin zutenen ametsak. Gaua zetorkien gainera haiek jakin ez arren, somatuko zuten zerbait dena dela, eta suzia piztu zuten laurogei urtean artean argia dariola. Oroitu ezin denean pertsona bat, borroka bat, akaso ez da amets konpartitua bera ahaztu zaigula besterik. Ametsetan bizi dira oroitu nahi ditugun horiek.

Andrezaharraren xerra

London. Esteban. Irakurle taldeak.

(2021eko azaroaren 5ean, Guy Fawksen egunean, Puntuan argitaratutako testua)

Oinatz Bengoetxeari buruzko albisteren bat entzuten badut irratian, penatu egiten naiz. Ez dut inoiz eduki pilotari gogokoenen artean, estimuan bai, baina pentsatze hutsa hemeretzigarren hau bere azken denboraldia izan litekeela profesionaletan etsigarria zait. Bat bere belaunaldiko kirolariak bezain zaharra baita, eta, akaso, bakarrik akaso, tristurak izan dezake zerikusia Jack London idazlearen Xerra baten truke ipuin ederraz akordatzearekin. Bertan, Tom King boxeolariaren azken lehia kontatzen da, eta gizonen zahartzaroari buruzko narrazio bikainenetakoa iruditzen zait, Hemingwayren Agurea eta itsasoa baino ilun eta gordinagoa.

Gizonen zahartzaroa diot orain arte, ez bada gaitzespenerako, ez kasualitatez ikusezin bilakatu baita literaturan andreen udazkena. Euskaldunok, gutxienez, Mari Luz Estebanen Andrezaharraren manifestua irakurtzeko zortea badugu, 2019koa. Bertan, Estebanek hiru zatitan banatutako liburuaren lehenengo atalean kontatzen du zer zen beretzat haurtzaroan emakume zaharra izatea; bigarrenean, nola zeharkatzen duen adinak gorputza; eta hirugarrenean, zahartze on baterako manifestua jaulkitzen du, feminismoz blaitua eta lerroz lerro aberatsa. Izenburutik bertatik neskazahar berba itsusiari buelta eman eta makina bat emakumeri ispilua eta adorea eman die manifestuak.

Azken hau ez diot alferrik. Aretxabaletako irakurle taldean aztertu genuen liburua urrian. Niretzako esperientzia bikaina izan zen hainbat emakumeren iritzia entzutea liburuari buruz, zahartzeari buruz, genituen eta ditugun erreferentziei buruz. Etxera joan eta berriro hartu nuen liburua, xerrari zaporerik ez hartzearen errua haragiak ez, batzuetan ahoak berak duelako. Begiradak, hobeto esanda, du zerikusia hemen. Nirea ez nuen aski landua, bistan da. Horregatik da ederra irakurketa bera beste lagun batzuekin konpartitzea; gidari on bat edukitzea, guk badugu, eta kideei entzutea. Oso gauza sinplea da inbentoa: borobila, hitza, errespetua, begirunea. Zahartzeko baino ontzeko modu bat.

Donostia

Karmelo C. Iribarren. Poesia. Hezetasuna.

Arrasateko Maala kaleko denda txiki batean sartu ginen abenduaren hondarrean bikotea eta biok. Senide batek gomendatuta, lehen haurren zapata denda zena orain lokal bitxi eta polita da. Sartzeaz bat kezkatu gara, “ederregia da Arrasaterako” esaldia telepatikoki elkarri igorriz. Halako dendentzat daude Gràcia, Gaztelu Plaza edota Easo Plaza. Bulgariako ehun nahiz mantak, Arrasateko artisau batzuen lana eta mimoz hautatutako liburu gutxi batzuk. Horien artean, Karmelo C. Iribarren poeta donostiarraren San Sebastián Blues (papelesmínimos, 2020) olerki antologia. Onena opa diet nire tristuran.

Iribarrenen olerkien bilduma honetan hiria agertzen da, San Sebastianago Donostiago baino, grisa eta dekadentea. Poetak ibaiertzari hitz egiten dio, zenbat maite dudan nik ere Urumearen zabala, Deba ibaiaren bailaratan amestu ezin litekeena, edota kale zein plaza hutsei. Gaztaroan dena eman dutenei gertatzen zaienaren antzera zahartzaroan atzera begiratzea besterik ez zaiola geratzen dirudi, izan zirenen eta itzuliko ez direnen preso. Deigarria da udazken edo neguak duten pisua, behin eta berriz urtaro bera diren edo bat baino gehiago da nire zalantza, baina esango nuke kanpotik heze bezain lehor dela barrutik Iribarren. Izan ere, bere olerkiak idazteko modua lehorra da, errealismo deritzonaren ortutik ateratako fruitua, otsaileko astearte batean Donostiako Alde Zaharrak eskaini dezakeen tristuraren parekoa.

Aurreneko aldiz duela ia hogei urte hitz egin zidaten idazle honi buruz, uste dut Paddy Rekalde izan zela. Borja Semperrek ere hamaika aldiz adierazi du egilearekiko bere miresmena. Poeta basatia deitzen dio El Mundok hemen. Gustura irakurri dut liburua tarteka, ale batzuek ezer esan ez badidate ere. Errekonozitzen diot liburuari, beste dohain batzuen artean, baduela antza behiala ezagutu nuen Donostiatik. Eason bizitan Amara Zaharra, Alde Zaharra, Egia edo Zentroa eskura nituen. Ikatz Kalea bazen ere gure antzoki nagusia, ohikoa zen Alboka, Akerbeltz edo Somara joatea. Arrasatetik mundua deskubritzeko nahia genuen, edo, geroago jakin dudan moduan, benetan maite dut jendeak guztiz ezagutuko ez nauen tabernatan kafea hartzea. Artean Rekalde ireki (eta tristeki itxi) gabea zen. Razzia polizial, tregoa hautsi eta su txikien urteak ziren. Lagun batek zirikatzeko asmoz ziostan Ikatz Kaleko maizterrok ezinbesteko genuela arnasa hartzea hango giro itogarriagatik aterata eta horregatik maite genituela Akerbeltz eta enparauak. Berak irlandako puben imitazioetan aurkitzen du bakea. Zer egingo diogu bada. Nik funtsean kresal usaina maite nuen portu alboko eskaileratan eserita, nahiz eta begiratuko ninduten akaso hango parrokianoek basque experience bat bizitzera Ikatzera sartzen ziren hango nahiz hemengo giriei antzera. Iribarrenek berak fantaseatzen du liburu honetako olerki batean ez dela bizitzeko hiriz aldatu hautagairik otu ez zaiolako. Denok pentsatu dugu noizbait hiriz aldatzea hiria bera gorroto dutenek ezik. Horiek dira, haien gorroto hautsiezinarekin, hiriaren beraren jagole handienak.

Ez da ageri turista hitza liburu osoan, deigarria bada behintzat.

Bukatzeko, bere Los Sueños olerkia, liburu honetan irakurri dudan onenetakoa:

Lo fueron todo,

y ya los ves,

ahora.

abatidos por los días

iguales,

como pasquines en los charcos.

Vivir

se reduce

a esquivarlos.

Gure kostaldeko bluesmanen artean Harkaitz Cano eta Karmelo C. Iribarren dira aipagarrienak nire uste arraroan. Ez da hitz joku trebeena, ados. Bigarrenak lehenengoari eskaintzen dio liburuan dagoen olerkietako bat. Olerki horren aurrekoa, Jon Juaristiri. Baliteke trago eta trago artean joan izana ametsak Iribarreni, baina, orduan ere, ez zion barra ertzetik idazteari utzi.

Putzua liburutegian

Estankona. Arrieta. Plisti-plasta.

Lagun on baten oparia izan da Igor Estankonaren Moskito, Susa 2020, liburua. Tarteka irakurri dut pandemia deritzogun garaiotan. Seaskako egutegiko izendegia eta Igorren olerkiek borroka egin dute ertzean pertzibitzen ditugun letren podiumen.

Gustatu zait? Bai. Horregatik dastatu dut gutxinaka. Horregatik bakarrik? Ez. Badu zerbait basa liburuak, hitzekin ondo deskribatzen asmatzen ez dudana.

Bideo bat ikusten ari naizela ematen du

behinola nirea zen herriarena:

zergatik sufriarazten didazu horrela?

Noiz hilko zara guztiz?

Zaila egiten zait barrunbeetatik datorren zerbait, poesia, deskribatzea. Gustatu zait “Minxoriak” atala, naturari egiten zaizkion erreferentzia negutiarrengatik ziur asko. Baina nola azaldu gustatze hau?

Hor sartzen da mesanotxean luzez izan dudan beste liburua, Agustin Arrieta Urtizberearen Gogoeta-bide irekiak lana, EHU 2019. Liburu honetan filosofia irakasleak eskuzabaltasun ariketa egiten du oso aktualak diren hamaika gairi buruz bere iritzi zuhurra eskainiz. Arrieta ondo ulertu badut, arteari kritika egin behar zaio ustez gustua dena egitateetara ekarriz. Horri men eginaz eta aurreiritziak albo batera utziz erdietsiko du arrakasta arte kritikariak.

Ez nago guztiz ziur. Egitate hitzak kirrinka eragiten baitio zuzenbidean lizentziadun honi, epaiketa batean egitateak eurak finkatzea baita auziaren muinetako bat. Eta halere, ustez egitateak auzittegiak finkatuta ere, ez dira argi geratzen batzuetan. Zer gertatu zen Koxka tabernan gau fatidiko hartan? Argi dago askok ikusten ditugun egitateak ez zituela bere egin auzitegiak, ezta Guardia Zibilak berak ere (jakina, interes handiz). Horregatik egitate hitzak suposatzen duen eztabaidarritasunari egoztea kritika on baten funtsa zalantzagarria zait.

Bestalde, ez dut uste aurreiritziak direnik kritikari batek zaindu beharreko galtzagorri bakarrak. Norbere interesak ere hor daude, are gehiago kritikari asko nor direnean (edo nor izan nahi dutenean) artea deritzogun gertakizun ekonomiko horretan. Karrera egiteko norbait zapaltzea ez ote den kritikari batzuen modua ikusgarritasuna lortzeko, adibideak aurkitzea ez da zaila.

Nik badut interesa, kasu honetan, bi liburu hauek gomendatzeko. Blog txiki batean izan arren hitzezko lekukotza uztearena. Igor Estankona poeta handia iruditzen zait eta bihotzetik idazten duela esango nuke. Agustin Arrieta Urtizbereak gai oso garrantzitsuak lantzen ditu bere azken obran. Biak ala biak irakurri beharrekoak, gogoeta bide irekietan moskito lainoen artean trabatuta geratuko ez bagara.

Ura erori zait liburutegiko zorura eta putzuakzorua kartografiatu du. Ura da bizia eta lizunaren sorburu. Eskerrak zelulosak ondo xurgatzen duen.

Oreina

Poesia. Sua. Bihotza.

Orein burezurra egongelan izanik hazi naizen mutikoa naiz. Haur izanik banbi ikusi eta ehizarekiko eta aita ehiztariarekiko distantzia emana. Urte batzuk igaro ziren Donostian ertzainei cervatillos hitzak entzun nienetik. Gugatik ari ziren, jakina. Garai hartan Arrasateko gaztetxera gindoazela ertzainek hormaren aurka jarri eta mendira eroan eta torturatzearekin mehatxatu gintuzten lagun bat eta biok. Nire telefonoa pintxatu zuten eta jarraipenak egiten zizkidaten, zizkiguten. Astelehenetan ez genuen lo ondo egiten. Sarekaden loteriako bonboaren kirrinka hor dago, apenas entzun daitekeen arren, ez da isildu. Isildu direnak dira torturak aldatu dituen lagunak, antsietate krisiek zartatutako ezagunak, espetxetik irten eta bizitza sozialetik aldendu direnak. Galdu dugun hori ikaragarria da.

Hau guztia jakinda indarkeria ez dudana gustuko, ez nik egitea ezta inguruan somatzea ere. Bi aldiz egin dut borrokan, biak haurra nintzela. Nigar handiak egin nituen borroka ondorenean etxera joan nintzenean, min eman nielako besteei. Nire arerioetako baten lagun handia naiz egun, besteari oraindik kolpe gehiago emango nizkioke baina ez nizkion eman. Borrokarako grina falta horrek ez nau santu egiten, jakina, eskubaloi jokalari orok baitaki non utzi belauna nabaritu gabe besteari min egiteko. Eta uste dut horretan datzala gure gizarteak, arbitroa begira ez den une horretan gertatzen denaz. Borroka agerikoak salatuz zangotraba zangotrabarekin kateatzeaz.

Indarkeria ez gustuko izanda indarkeria praktikatu duten lagun asko maite ditut. To kontraesana. Eta ez dut hori aldatzeko asmorik. Bestalde, indarkeria praktikatu duen beste askorekin, nire aurreko belaunaldikoak kasu, oso gogorra izan naiz. Horratx bigarren kontraesana. Horretaz jabetu naiz Mikel Soto Nolascoren Suak pizten direnean, Elkar 2020, poesia lan bikaina irakurri dudanean. Uste dut testigantza ezinbestekoa dela, literatura noblea. Orriok duten indarra, honestitatea, tristura eta alaitasuna, ez da kontraesana azken hau Joxe Ripiauk erakutsi gisan, ikaragarriak dira zentzurik onenean. Liburu hau etorkizunean irakurriko da, aztertuko da. Ikertzaile zintzoek, honestitatez jarduten dutenek, ijitoen hitzak zuzenean irakurtzeari ekiten diotenean Albako Dukesa ijitozalaleen txorradak albo batetara utziz.

Memoria mosaikoa da. Hori ikasi dut bizitzan. Memorian bakoitzak bere ekarpena egiten ez badu besteek ez diote egingo. Ez eskatu Patriari emateko prest ez dagoenik. Sandra Carrascok ez du nire testigantza entzun, nik berea bai, prime timean gainera.

Ez dut zerurik espero.

Mikel Sotoren lehen lan hau ez dut literarioki aztertuko, merezi duen arren. Kolpatu egin nau, irentsi egin dut, osotasunari bakarrik erreparatuko diot. Aurreko belaunaldien su eta ke anabasa ulertzeko gakoak eman dizkit. Orden beharrari buruzko nire uste batzuk kolokan jarri ditu, hunkitu egin nau.

Irudi luke gure baitan kabitzen zen

su guztia ari ginela metatzen

zetozen urte luze eta hotzetarako.

Aspaldi kendu zuten gurasoek orein burezurra. Orain koadro bat dago bere lekuan, historia tristea duen preso ohi batek egina. Ez dut hemen azaldu nahi baina kontraesan eta sinbolismoz betetako metafora da. Ez naiz ehiztari bihurtuko baina beste begi batzuekin behatzen dut ehiza.

Suak piztu ziren eta gure belaunaldiari errautsak tokatu zitzaizkion. Hor ere bada zer kontatu, albait gehiago kontatu hobe. Urte luze eta hotzak sutondoan irakurriz igarotzea kontsolagarri baita.