Oreina

Poesia. Sua. Bihotza.

Orein burezurra egongelan izanik hazi naizen mutikoa naiz. Haur izanik banbi ikusi eta ehizarekiko eta aita ehiztariarekiko distantzia emana. Urte batzuk igaro ziren Donostian ertzainei cervatillos hitzak entzun nienetik. Gugatik ari ziren, jakina. Garai hartan Arrasateko gaztetxera gindoazela ertzainek hormaren aurka jarri eta mendira eroan eta torturatzearekin mehatxatu gintuzten lagun bat eta biok. Nire telefonoa pintxatu zuten eta jarraipenak egiten zizkidaten, zizkiguten. Astelehenetan ez genuen lo ondo egiten. Sarekaden loteriako bonboaren kirrinka hor dago, apenas entzun daitekeen arren, ez da isildu. Isildu direnak dira torturak aldatu dituen lagunak, antsietate krisiek zartatutako ezagunak, espetxetik irten eta bizitza sozialetik aldendu direnak. Galdu dugun hori ikaragarria da.

Hau guztia jakinda indarkeria ez dudana gustuko, ez nik egitea ezta inguruan somatzea ere. Bi aldiz egin dut borrokan, biak haurra nintzela. Nigar handiak egin nituen borroka ondorenean etxera joan nintzenean, min eman nielako besteei. Nire arerioetako baten lagun handia naiz egun, besteari oraindik kolpe gehiago emango nizkioke baina ez nizkion eman. Borrokarako grina falta horrek ez nau santu egiten, jakina, eskubaloi jokalari orok baitaki non utzi belauna nabaritu gabe besteari min egiteko. Eta uste dut horretan datzala gure gizarteak, arbitroa begira ez den une horretan gertatzen denaz. Borroka agerikoak salatuz zangotraba zangotrabarekin kateatzeaz.

Indarkeria ez gustuko izanda indarkeria praktikatu duten lagun asko maite ditut. To kontraesana. Eta ez dut hori aldatzeko asmorik. Bestalde, indarkeria praktikatu duen beste askorekin, nire aurreko belaunaldikoak kasu, oso gogorra izan naiz. Horratx bigarren kontraesana. Horretaz jabetu naiz Mikel Soto Nolascoren Suak pizten direnean, Elkar 2020, poesia lan bikaina irakurri dudanean. Uste dut testigantza ezinbestekoa dela, literatura noblea. Orriok duten indarra, honestitatea, tristura eta alaitasuna, ez da kontraesana azken hau Joxe Ripiauk erakutsi gisan, ikaragarriak dira zentzurik onenean. Liburu hau etorkizunean irakurriko da, aztertuko da. Ikertzaile zintzoek, honestitatez jarduten dutenek, ijitoen hitzak zuzenean irakurtzeari ekiten diotenean Albako Dukesa ijitozalaleen txorradak albo batetara utziz.

Memoria mosaikoa da. Hori ikasi dut bizitzan. Memorian bakoitzak bere ekarpena egiten ez badu besteek ez diote egingo. Ez eskatu Patriari emateko prest ez dagoenik. Sandra Carrascok ez du nire testigantza entzun, nik berea bai, prime timean gainera.

Ez dut zerurik espero.

Mikel Sotoren lehen lan hau ez dut literarioki aztertuko, merezi duen arren. Kolpatu egin nau, irentsi egin dut, osotasunari bakarrik erreparatuko diot. Aurreko belaunaldien su eta ke anabasa ulertzeko gakoak eman dizkit. Orden beharrari buruzko nire uste batzuk kolokan jarri ditu, hunkitu egin nau.

Irudi luke gure baitan kabitzen zen

su guztia ari ginela metatzen

zetozen urte luze eta hotzetarako.

Aspaldi kendu zuten gurasoek orein burezurra. Orain koadro bat dago bere lekuan, historia tristea duen preso ohi batek egina. Ez dut hemen azaldu nahi baina kontraesan eta sinbolismoz betetako metafora da. Ez naiz ehiztari bihurtuko baina beste begi batzuekin behatzen dut ehiza.

Suak piztu ziren eta gure belaunaldiari errautsak tokatu zitzaizkion. Hor ere bada zer kontatu, albait gehiago kontatu hobe. Urte luze eta hotzak sutondoan irakurriz igarotzea kontsolagarri baita.

2 erantzun “Oreina” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude