Poligonoa

Belamuno. Industriala. Ipuina.

Gure zibilizazioa aztertuko dutenean, plastikoaren aroa deituko diote gure lotsarako, biribilgunea joko dute lorpen nagusitzat. Bidegurutzeek bide aukera handiagoak eskaini arren, bada Arrasaten Azuela edo Sietecaminos deritzon eremua, biribilgunea baino malguagoa da. Bidegurutzeak badu erabakimena atzetik eta garaiotan zer hobe biribilgunean bueltaka aritzea baino. Ez da metafora berria, badakit. Telesforok biziko balitz Ander Gortazarren artikuluak baliatuko lituzke Maltzagaz jarduteko. Biribilguneen erdiguneak dira gure artearen zulo beltza. Eta ez nabil Zornotzaz, bakarrik.

Biribilguneen ondoren industri poligonoak dira gure lorpenik handiena. Lana hirietatik atera ondoren etxebizitza espekulazioaren urrezko aroa ahalbidetu dutelako batetik, ekosistema oso berezia sortu dutelako bestetik. Poligonoetan daude alderdi politikoen egoitzak, argitaletxeak, pvc leihoak eta emakume nigeriarrak prostituitzen dituzten proxenetak. Eta, poligono hauetako giroa inork gutxik deskribatzea lortu du Julen Belamunok bezain ondo. Azpeitiar honek liburua argitaratu berri du Hotz industriala izenekoa (Susa, 2020) eta bertan jasotzen ditu bost ipuin eder. Hizkuntza oso aberatsa du, pasada bat Amaren errautsak ipuineko lorategiaren deskribapena (zer esanik ez bikote harremanaz), eta prosa dotorea. Honen adibide nola hasten den lehen ipuina, liburuari izena ematen diona, nire ustez borobilena dena:

Egurrezko banko batean eserita dago Lezeta, auzoko plaza bakarretako batean, inguruan dituen platano erdi biluzietatik eroritako hosto ihartuen zirimolei begira. Goiz-goizetik atera du gaur haizea, eta plazaren alde batetik dator indarrez, lurrean bildutako orbelak eta paper puskak astinduz eta orain alde batera eta gero bestera eramanez. Begirada altxatu du, eta argia piztu berria den lihora joan zaio, zerua argitzen hasi bada ere, oraindik ez du eguna zeharo zehabaldu, eta gero eta gehiago dira bistako adreilu gorriko fatxadetan ikusten diren argi zuri eta horixkak.

Ipuinen ongi garatzen ditu, mintzagaiei buruz informazio ugari eta aberatsa eskaintzen du, erudizio eta dokumentazio lanaren adibide, baina esango nuke, bainarik jartzekotan, lehertzen ez den galernak grazia egiten duela udan behin, baina, barren-barrenean, denok garela uretan plisti plasta jardun nahi dugun haurrak.

Hau esanda, liburu gomendagarria, bereziki onak hotz industriala, amaren errautsak eta ahaztutako pintoreak ipuinak. Bere beste liburuak irakurtzeko gogoa piztu dit eta igandea gozagarri bihurtu Belamunoren narraziotan murgiltzeak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude