EPIKOA

Bi aurpegi ezberdin izan ditu asteburuak. Larunbateko hego- haize epelari indarra bukatu zitzaionean sartu zen ekaitza itsaso aldetik. Euriz betetako lainoek ganoraz busti zituzten bazterrak; eta busti soilik ez, hotza ere ekarri zuten.

Ogitartekoak eta kantinplora motxilan sartu zituzten familiak ikusi nituen zapatu goizean Añarbe inguruko basoetan. Orientazio froga eder baten parte hartzen ari nintzela, asko ziren inguruko muinoetan izerdi tantak lehortzen ikusi nituen mendizaleak. Listorretako tabernan ateratako sagardo botila freskoak borobilduko zuen goiz ederra.

Igande goizak aldiz ez zuen larunbateko plana errepikatzeko gonbiterik ekarri. Ez bederen, ogitarteko, kantinplora eta sagardoa uztartzen duten plan marabillosorik. Euri tanta mardul eta ugariak erori ziren Añarbeko basoetan. Duten kolore berdea galtzeko beldur balira bezala jasotzen zituzten zuhaitzek hezetasuna. Eta han, blai eginda, baliza bila aritu ginen. Amildegi eta ibarbide pikoek mapan markatutako ibilbide traketsa are gehiago zailtzen zuten. Eroritako orbel multzoek leuntzen zituzten maíz ipurdikoak. Hor nonbait irakurri dut epikoa izan zela igande goizeko orientazio jarduna; adorea eta ausardia Añarbeko basoetan.

Aitzgorriko malda pikoetan, heroísmo erakustaldirik ere izan zen. Zegama herrian hasi eta bukatzen den mendi maratoia gogorra izan da urtengoan. Eguraldi txarra medio, korrikalari askok utzi behar izan zuten lasterketa. Manta termikoa oso oihal preziatua bilakatu zen atzokoan Urbia, Oltza eta inguruetan. Latza eta epikoa mendiko maratoia ere.

Eta traza epikoa hartzen ari da Alaves eta Osasuna taldeen saiakera. Lehen mailarako txartela lortzen badute, 6 talde euskaldun izango baitira gorengo mailan. Atzokoan biak ala biak irabazi zituzten euren norgehiagokak.

Azken ahapaldia gizaseme epiko bati eskaini nahiko nioke. Argider Isasti oñatiarrak beste behin bukatu du “El Soplao” edo “ Diez mil del Soplao” lasterketa gogorra. Bigarren lekuan helmugaratu zen Kantabriako lasterketan. Zorionak.

Goraipatzea merezi duen hori, balentria eta ausardia; hori ei da epikoa. Eta asteburuak izan du halakorik. Ondo izan.

IMG_20160521_183051

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude