Han da Luzia

2005ean Maiderrek eta biok Andaluzian bidaia eder bat egin genuen, ezkondu berritan. Granadan geundela, Pello semea mundura zetorrela jakin genuen, oso modu zinematografikoan jakin ere. Aliatar zinema aretoko komunetan egin zuen haurdunaldi-testa Maiderrek, “Obaba” (Montxo Armendariz, 2005) film estreinatu berria ikus-entzutera sartu baino lehen. Hurrengo egunean, Sierra Nevada aldera abiatu ginen, Poqueira aterpetxean lo egin eta Mulhacén eta Alcazaba gailurretara igo ginen, Pelloren enbrioia gurekin zetorrela.

Pasa den astean Granadara itzuli gara, eta egin genuen lehenengo gauza ia-ia Aliatar zinema zegoen lekura joatea izan zen. Eraikina kanpotik zegoen moduan dago, gutxi gora-behera. Barruan, berriz, perfumeria eta diskoteka bana daude gaur egun.

Pasa den astean, hiru proiekzioko errenkada izan dugu Espainiako hegoaldean, Sevillan, Granadan eta Malagan (ikus argazkia). Ez da lehenengo aldia emanaldi hirukoitza egiten dugula Euskal Herritik kanpo. Galizian bat egin genuen, José Ramón Monterroso aspaldiko lagunaren eskutik, Luz Iglesias eta Ourenseko Mendi Taldekoekin batera. Huescako probintziako iparraldean ere beste bat lortu genuen, Marta Sariñena lagun handiari esker.

María Escudero izan da azken hau aurrera ateratzen lortu duen pertsona, duela bi urte piztu zen ideia itzaltzen laga ez dugularik. Esan bezala, Granadara itzuli gara, 19 urte igaro ostean. Eta oraingo honetan, leku zoragarri batean, pelikula bat aurkezten. Nork esango zidan 2005ean? Nork esango zidan aretoa beteta egongo zela, eta beste proiekzio bat antolatuko zutela kanpoan gelditutako jendearekin? Harrigarria.

Bezperan, Sevillan ekin genion “birari”. Miguel García izan genuen anfitrioi, eta bisita laburra izan zen arren, denbora ondo aprobetxatu genuen. Eguraldia lagun (<25ºC eta euri txikia!), paseo atsegin pare bat egin ahal izan genuen kale labirinto hartan. Dokumentalarekiko erantzuna apalagoa izan zen arren, solasaldi mamitsua sortu zen. Baita ondorengo giroa ere. Oso gustura.

Malaga izan da hirugarrena, eta ustekabea da hoberen definitzen duen hitza. Emanaldi oso jendetsua gehi solasaldi bizia, konbinazio pozgarria. Hiri interesgarria, eguraldi leuna. SECPAL 2024 biltzarra bertan izan zen, pasa den astean, urtean behin leku hauetan ikusten dudan jendea topatu nuen, Masterreko ikaskideak izandako batzuekin halaber. Aurten heriotza aurreratzeko gogoaren inguruan izandako ponentzietan egon naiz bereziki, mugako kasu zail horiek, duintasunarekin bueltaka.

Rafa Gómez izan genuen lagun Cudeca-ko hospicea eta instalazioak bisitatzeko. Aspaldiko partez lekua ezagutu nahi nuen, Malagako kostaldean, eta bidaia honetan aukera izan dut azkenean. Han geundela, itsasoaz bestaldean, Afrikako iparraldeko mendiak ikusten ziren fondoan. Han da Maroko. Amaren jaiolekua, Rif-eko bazterrak. Bizirik zegoela, gogoekin gelditu nintzen berarekin Al Hoceima-ra bidaia bat egiteko. Ez zen posiblea izan, baina datorren urterako saiakera bat egingo dut anaia-arrebekin.

Lortuz gero, ikuspuntuak aldatu dira, Afrikatik Europako hegoaldea ikusi ahal izango genuke. Han da Luzia.

PD.- Han geundela, Kordoban ere MHHH emateko eskatu digute. Jaen-en, MHHH ez ezik, SB ere (hau bai ezustea!). Otsail aldean. Gora Luzia!

PD’.- Pellok egun 18 urte ditu, eta fisioterapia ikasketei ekin die aurreko hilabetean. Aiorak, bestela, 15 urte.

Erresistentzia

2017ko abenduko estreinaldia. Amaia Antzokia.

2024an “Prayers of the Mothers” (Amen otoitzak) bideoa ikus-entzutea, 2016an Yael Deckelbaum abeslari kanadar/israedarraren kanta batekin egindakoa, ariketa bitxia da. Hamas-ek 2023ko urriaren 7an Israelgo hegoaldean egindako aurrekaririk gabeko sarraskia eta gero. Israelgo Gobernuak ordutik hona Gazan egindako genozidioa eta gero, Zisjordania eta Libanora zabaldutakoa.

Itxaropena sarritan sinesmen eta emozio urrun eta helduezin bihurtzen da, Ekialde Hurbilean ez ezik Penintsula Iberikoan ere. Askoz errazagoa da etsipenean eta urdintasunean erortzea, panorama ikusita. Maitasun keinuetan sinestu nahi, baina gorrotoa besterik ez nabaritu.

Higatutako hitzak denborak are gehiago agortzen ditu, baina egia da denborak sendotu ditzakeela bestelako jarrerak, aldi berean. Bai, badago jendea eusten diona erresistentzia baketsuari. Badaude Brooklyngo judutarrak, kaos honen erdian Israelgo Gobernuari bakea esaten diona. Badaude israeldarrak euren gobernuari stop esaten diotena, euren armadan sartzeari ezetz esaten diotena, jende ausarta benetan.

Gertuago, badaude alabak, hilketaz aitak galdu zituztenak. Mendekua aukeratu ez dutenak, bestelako kontzeptuak erabiltzen dituztenak. Bakea, adibidez, edo maitasuna edo errukia. Amak, alabak. Munstroaren aurrean indarkeria hautatu ez duten emakumeak. Munstrokeriei begira, bestelako bide iraultzaile bat hartu dutenak. Ulertzeko zaila izan daitekeen erresistentziako jarrera.

2017an, goiko argazkian erdi-erdian agertzen diren Olatz eta Sandraren istorioekin eraiki genuen “S(u/a)minetik bakera” obra eszenikoa. Ordutik 22 aldiz aurkeztu dugu publikoki, gehien-gehienetan Gipuzkoan. Behin bakarrik Euskal Herritik kanpo.

7 urte pasa ostean, interesgarria iruditu zaigu Interneten ikus-entzungai egotea, egin duguna orain arte ezagutu ez duenak eskuragarri izateko. Horretarako lehenengo urratsa eman dugu, narratzaileen ahotsak grabatzea, Olatz eta Sandraren ahotsekin batera grabatuta gelditzeko, gure protagonisten irudiekin batera. Laster nonbait eskegita geldituko da, eta jakinaraziko dizuegu non.

Bitartean, oso bitxi bada ere, Penintsulako beste puntatik proposatu digute SB aurkeztea. Non eta Jaenen (Andaluzia). Dirudienez, badago erresistentzian sinesten duen beste norbait ere.

Distirak

Palais du Film. Liège.

Bizitzaren amaiera Zinemak behin eta berriz erabiltzen duen gai potoloa da, hainbat ikuspuntutatik begiratu daitekeena. Bizitzak azken fase horretan hauskortasuna ekarri ohi du, aldakortasuna, gora-beherak (beherantz gehiago gorantz baino). Eta hor, tartean, distirak.

Horixe da, besteak beste, “Los destellos” filmean islatzen dena. Gizon baten gainbeheran tarteka antzematen diren dirdirak, bristadak, konexioak. Eta nola berreskuratu daitekeen hori, definitzen hain zaila den hori, apurtutako bikote edo familia batean. Deitu gutxienezko errespetua, errukia edo maitasuna. Deitu zaintzearen artea.

Lehengo egunean ikus-entzun genuen Donostian Pilar Palomerok zuzendutako pelikula, Patricia López Arnaiz-ek eta Antonio de la Torre-k protagonizatuta eta Eider Rodriguezen ipuin batek inspiratutakoa. Lanean sarritan topatzen dugun egoera jasotzen du: Banandutako bikote baten kidea larriki gaixotzen denean, normalean gizona, normalean emakumea amaitzen da zainketetan parte hartzen. Gehitu ekuazioan alaba eta txakurra. Zalantzarik ez izan, aukera edukiz gero joan ikustera.

Bestela, emankorra izaten ari da aurtengo Zinemaldia bizitza eta heriotza jorratzen dituzten pelikulekin: Atzo Costa-Gavros greziar-frantziarrak (91 urte bete ditu!) aurkeztu zuen “Le dernier souffle”, azken arnasari buruzko elkarrizketa filosofikoa mediku eta idazle baten artean. Itxura oso ederrekoa.

Eta gaur, azkenik, Pedro Almodóvar espainiarrak “La habitación de al lado” ekarri du Donostiara. Zerrendan apuntatzeko beste harribitxi distiratsu bat. Gero eta luzeagoa den zerrenda hori

Gora zinema!

Heriotzaren aurka borrokan

Man fighting death

Hilezkortasunaren bila dabil gizakia noiztik, Antzinako Egiptotik , Santimamiñetik? Noiztik haren aurka borrokan? Magiaren bidez, zientziaren bidez. Zahartzearen aurka, Herioaren aurka.

“S(u/a)minetik bakera” obran, indarkeriarekin lotutako heriotzari buruz hausnartu genuen, zehazki. Betiereko desioekin, kontu ilunetatik ikastea, berriro ez gertatzeko. Bakea bortizkeriaren gainetik gailentzea. Heriotzen iturri handi bat ixtea. Hala ere, ematen du indarkeria Santimamiñeko garaietatik datorrela, Antzinako Egiptotik. Kontaezinak dira gudak munduan, mendez mende. Guda zibilak, Karlistaldiak, Munduko Gerra biak. Holokaustoa, Palestina. Itxura guztien arabera ez, ez dugu akatsetatik ikasten. Su bat itzali ostean berriro beste bat pizten da. Txingarrak hor azpian daude, haize egoki batek atzera piztu ditzakeena.

Bakea oso egoera ezegonkorra da. Baita osasuna ere. Ez da erraza gure hauskortasuna onartzea. Daukagun aukera bat da aurreikusitako egoerak edo esperotakoak prebenitzen saiatzea: Gaixotasunak orokorrean, suizidioa bera, istripuak. Edo behin agertuta, sendatzen saiatu, Minbiziaren aurkako borroka adibidez. (Borroka hitza egokia den al ez beste post baterako lagako dugu).

Neuri askotan etortzen zaizkit hondarrezko gazteluak eta hormak, txikitan itsas ertzean egiten ditugunak. Ahalegintzen gara gero eta hondar gehiago eramaten, marea goruntza datorrenean, hormak sendotzeko eta itsasoak haiek ez hondatzeko. Itsasoari irabazteko itxaropenarekin. Bukaeran, ikasten dugu zazpigarren olatuarekin edo hamazazpigarrenean itsasoak beti irabazten duela. Kantaurikoak behintzat.

Nahi eta ezin

Mendeetan medikuak, sendagileak, osagileak izan dira gizarteko norbait errespetagarri horiek. Apaizak, abadeak, erretoreak bezala. Alkateak, auzapezak, merak bezala. On Miguel, On Jesús, On Bernardo. Denak gizonak, onak edo txarrak izan. Berorika trataera eurekin erabiltzekoak.

Uste dut inoiz komentatu dudala, barkatu errepikatzen banaiz (horren sentsazioa gero eta handiagoa daukat): Arrasateko ospitalera iritsi berria, 30 urte inguru neukala, Uribarriko (Oñati) adineko emakume bat zuzendu zen niregana berorika erabiltzen. Bilbotik etorrita, lehenengo aldiz entzun nuen bizitza errealean errespetuzko molde hori, harrituta. Atzeraka begiratu nuen, ea norekin hizketan ari zen jakiteko.

Galtzen ari da ohitura hori, ziur aski zorionez. Zoritxarrez, aldiz, pasatu gara sasijainkoak izatetik oso gutxi errespetatuak ez izatera. Kontu hauek hiriburuetan gehiagotan gertatuko dira, ziur aski. Nik behinik behin apenas ezagutu dut Debagoienean.

Baina beti ez dudanez asmatzen, komunikazioa beti ez da nahi nukeen moduan. Nigatik, aurrean dudanagatik, edo biongatik. Zainketa aringarrietan dauden paziente edo senideak antsietate handiko uneak pasatzen ari dira, eta batzuetan zipriztintzen dituzte elkarrizketak. Eta tentsioa sortu daiteke, bideratzen zaila dena.

Gorka Urbizuk “Janela bat” abestian kantatzen duen bezala, aurrean dugunaren mina arindu nahi dugu, baina beti ez ditugu gauzak ondo bideratzen. Berri txarrak ematea da gure eginbehar garrantzitsu horietako bat, kontu handiz egin behar dena. Eta beti ez da erraza “heriotza” bezalako tabu hitzak transmititzea. Tabuei bizkarra emanda bizi baldin bagara, gor, itsu eta mutu, amaiera iristear dagoenean bonba bat bezala jausi daiteke pertsonaren gainean. Eta mezulariaren kontra egitea irtenbide posibleetako bat da.

Esan bezala, zorionez, azken 13 urteotan Debagoienean paziente larrien minak arintzen modu espezifikoan saiatzen ari naizenetik, oso bizipen txar gutxi izan dut, zentzu honetan. Baina komunikazioa ez da beti erraza, eta beti asmatzea ezinezkoa da.

Egin dezakegun hoberena da konturatzea, onartzea eta barkamena eskatzea, modu batean edo bestean. Hurrengoan asmatuko dugulakoan.

Elurraren desagerpena

Argazkia: Santi Mendiola. www.aloina.net

Ekaina, uztaila eta abuztua klimatikoki dotoreak eta atseginak izan dira gutariko hainbatentzat. Su-etena izan dugu, EHko zonalde batzuetan behintzat. Hala ere, ziurgabetasun garaietan bizi gara, eta ezin jakin uda noiz amaituko den aurten, azken 15-20 urteotan ikusitakoa ikusita. Ezin jakin udazkena izango dugun ala ez, eta nola etorriko zaigun. Berdin neguarekin. Ziurtasun batzuk baditugu, ordea: Elurraren desagerpenarena adibidez.

Klima aldaketak larrimina pizten digu gutariko hainbati. Beste hainbeste hizkuntzaren gorabeherek. Kontu existentzialak dira, identitatearekin lotutakoak, etorkizun lausotuaren aurrean sentitzen ditugunak.

Pasa den hilabetean, niretzat oso izenburu erakargarria zuen uda ikastaro batera joan nintzen: “Arantzazun bizi: iragana, orainaldia eta etorkizuna zer?”. Izan ere, Arantzazu epizentro gutxi horietako bat da, espiritualtasun, kultura eta naturari dagokionez. Oso puntu interesgarri jorratu zituzten jardunaldi hauetan, eta laburpen bat egiten saiatuko naiz. Aspaldiko partez ez nuen ezer idazten blog honetan, eta bazen garaia:

Joxe Mari Arregi frantziskotarrak santutegiaren aportazioa kristau humanismoan ardaztu zuen. Existentzialismoa eta espiritualtasunaren garrantziaz hitz egin zuen, hain zuzen ere.

Aitor Sorreluz, “Arantzazu” aldizkariaren arduraduna, bakardadeari buruz aritu zen. Bi liburu gogoraraziz: Bittoriano Gandiagaren “Hiru gizon bakarka” eta Melania Moscosoren “Soledades habitadas” (bertan Sorreluzek ere parte hartu zuelarik). Bakardadeak poliedrikoak dira, bihurgunean eta tolesdurak ditu, haren hitzetan. Itolarria ekartzen du, eta horren aurrean komunitate moral bat behar dugu, zainketen komunitatea. Ni-tik gu-ra. Eta galdera bi: Zerk egiten du espazio bat sakratu? Eta Salbatore Mitxelenarena: “Zuk zer dezu Arantzazu?”.

Ainhoa Becerra “Adinberri”-koak bide beretik jarraitu zuen: Hariak, bakardadeetatik harremanetarako bidaia. Bakarrik egotea eta bakarrik sentitzea kontzeptu desberdinak direla, azken hau maitasunik ez sentitzearekin uztartuta. Depresioa eta antsietatea ondorio moduan eta, kontrara, zorionaren faktorerik garrantzitsuena: Harremanak. Korale izeneko europar egitasmoa aurkeztu zigun, baita Adinberri-k egindako dekalogoa ere.

Paulo Agirrebalzategi frantziskotarrak lehen aipatutako Gandiagaren liburuaren 50. urteurrena aipatu zuen, 1974an idatzita baitago. Hutsunea – isiltasuna – bakardadea trinomioa, azken biak pairatu ez ezik gozatu ditzakegula azpimarratuz. Arantzazuko santutegiak historian zehar erakutsi duen erresilientzia nabarmendu zuen, izandako suteekin eta oraingo gainbeherarekin. Aportatutako berrikuntzen artean, gaztagintza modernoa, euskara batua bera eta identitate berriak (Euskozenoa egitasmoa). Bestela, Joxe Azurmendik “Azken egunak Gandiagarekin” liburuan (2009), Arantzazu definitzen du pobreen unibertsitate moduan. Fundamentalismoari dagokionez, Paulok gogoratu zuen teista eta ateista izan daitekeela, bietara.

Juan Ignacio Perez Iglesias sailburu berriak lankidetzaren garrantziaz jardun zuen, nitik gura. Ahaidetasuna, elkarrekikotasuna eta altruismoa (errukia). Gizabere kooperatiboa kontzeptua, Azurmendirena. Eta prestigioaren garrantzia, hizkuntza dela-eta.

Arantza Etxeberria EHUko irakasleak komunitate heterogeneoetan bizi garela ohartarazi zigun. Piotr Kropotkinen “Mutual aid: A factor of evolution” liburuaz (1900) solastatu zen. Izaki holobionteak garela, Lynn Margulisen hitzetan, likenak bezala, besteen laguntza behar dugunok. Joxe Azurmendi berriro ekarri zuen: Gizakia abere hutsa da, gizaberearen bakeak eta gerrak eta gizabere kooperatiboa, berriz ere. Muturreko nitasunetatik urrun. Bioaniztasunaren garrantzia. Zientziaren filosofia: Zientzia eta humanitateak (medikuntza narratiboa, adibidez, gehituko nuke).

Lorea Agirrek (Jakin), gure lurreko sinbolo handien artean, Arantzazuko Ama Birjina, Aralarreko San Migel eta Gernikako Arbola zerrendatu zituen. Indar telurikoa kontzeptua Arantzazurekin lotu zuen. Hizkuntzaren transmisioa dela-eta, “politikaren” aurreko garaietatik datorrela gogorarazi zuen. Pertsona bilatzaileak daudela (gaudela), zentzuaren bila daudenak (gaudenok), gose espiritualarekin.

Xabier Euzkitzek lekuaren humanismoa azpimarratu zuen: Isolatutako tokia izan arren, irekia; Frantzisko Asiskoaren balio erakargarriak; Erlijioaren gainbehera orokorra; Balizko susperraldirako gunea etorkizunean, euskalduntasunarena bereziki (Arantzazuko amildegia hegaldatzeko lekua izan daiteke).

Jon Sarasua abiatu zen Herri zatitua eta menperatuaren errealitatetik. Indibidualismoak eta kapitalismoak jota, nahiz eta komunitate bat garen. Orekarik (sosegurik) ez dago espiritualtasunaz hitz egiteko gaur egungo jendartean. Elkargune espirituala (ekumenikoa: Laizismoa, kristautasunaren txingarrak, budismoa, Islama…) + lurraldetasuna + hizkuntza.

Gorka Espiau (Agirre Lehendakaria Center) Lankidetzazko gobernantzak. Disrupzio berriak (Ibarretxe Plana).

Urko Aiartza (Telesforo Monzon lab) Arrisku existentzialak. Naziogintza eta ekologismoa, estatus politiko berria.

Mireia Zarate (Sabino Arana Fundazioa) Aberrigintza. Diaspora (Zortziak bat).

Naiara Goia (Arantzazulab) Demokraziaren krisialdia. Gobernantza berriak, lankidetzakoak. Herriaren biziraupena. Migrazioa. Zainketak.

Olatz Ibarretxe Euskozenoa Aro berrirako ikuspegiak. Mundu globalizatuan euskal nortasuna. Euskal berpizkunde urbanoa, nahasia, garaikidea. Diasporan, zer da nortasun hori? Etorkinak. Ertzetako identitateak, aniztasuna errealitatea da. Periferia (Araba adibidez), hizkuntzaz gain zer? Hizkuntza, sonoritate bereizgarria. Euskara mistoa, nahastuta, kaleko hizkera. Espiritualtasun berriak. Aktibismoa, ekologismoa. Zama kendu nortasunari, biziberritu, helduleku berriak (babeslekuak).

Dimas, Benita…

https://www.bergarakoartxiboa.eus/eu

Debagoienean baino bizi naizen eskualdean lan egingo banu, Urola Kostan, edo Lea-Artibain, desagertzen ari den belaunaldi bateko arrantzaleei buruz idatziko nuke. Herenegun irratian adineko arrantzale batzuk elkarrizketatu zituzten, gaur egungo belaunaldiei buruz hizketan, gaztetxoen nekeen gainean zehazki. Elkarrizketatuek gaztetan ez zirela nekatzen esaten zuten, ez behintzat gaur egungo gazte nekatuek esaten duten moduan.

Nekea zer den deskubritzeko denborarik ez zuten izan, ziur aski, belaunaldi bateko gizon eta emakume horiek guztiek. Adibidez, argazkian agertzen den herriko Dimas eta Benita guztiek. Argazkia atera zuten garaiko horiek denek.

Eneko Barberenak idatzitako eta Pettik kantatutako abestia da Azken aetzaren balada. Azken artzaina. Azken almadiazaina. Azken mugalaria. Araozko azken ikazkina, Arantzazuko azken fraidea, Santa Anako azken lekaimea…

Astelehenean eta asteartean Arantzazuko etorkizunari buruzko uda ikastaro interesgarri batera joango naiz. Bidegurutze zoragarri hartan zer egongo da hemendik 15-30 urtetara, 500 urtetik gora duen santutegia hutsik geldituko denean? Erdigune espiritual haren hutsunea nola beteko dugu? Nekez topatuko dugu Penintsulan, edo Europa osoan, horrelako leku gehiagorik. Askoz gehiago, behintzat, nekez.

Arantzazutik oso gertu, Duru aldetik gora, Artzanburu mendia dugu. Benitaren tontor kuttuna ez dakit zein izango zen, baldin bazegoen baten bat. Dimasena bai, Artzanburu bera zen. Gizon dotore hura gogoratzeko gailur dotorea, nekerik gabe ezin dena igo. Baina goitik behera merezi duen nekea. Gugan bego.

Estigmak

Diasporan bizi ginenean urtero birritan etortzen ginen Euskal Herrira, uda pasatzeko eta Gabonetan. Lekeition udatiarrak ginen, urte osoan nolabait udaren zain egoten ginelarik. Urte ederrak izan ziren haiek. Orduko udetan, bestela, bageneukan ohitura bat: Hondartzara joateko moduko egunik ateratzen ez zenean, hodeitsua, freskoa edo euritsua, Lesakara joaten ginen, aitaren herrira. Hango izeba batekin egoten ginen, batik bat, eta berarekin batera misterio handi bat sumatzen nuen.

Asuntoa da izebak adineko osaba bat zaintzen zuela, Lesakan hor nonbait zegoen etxe zahar batean bizi zena, ezkutatuta. Ezkutatuta niretzat, noski, baina egia da solas egin gabeko kontuak zeudela hor airean. Dementziaren bat omen zeukan gizon hark, edo osasun mentaleko bertze zerbait. Jakinmin itzela pizten zidan, sekula ez nuen ezagutu senide hura.

Beran, halaber, dementziadun bertze senide bat geneukan, bisitan joaten ginena udako egun euritsu eta hodeitsu haietan. Tia Joxepa. Hain ezkutatuta ez zen bizi, inkluso behin edo behin ikusi ahal izan genuen. Ohean zegoen, eta burua erabat joanda. Txikitan beldurra ematen zidan, nahiz eta guri gailetak emateko arduratzen zen eta guzti. Gure amatxi ere, Pilar Iturria, dementziak jo zuen. Eta orain izeko Pepa, Leioakoa, momentuz nahiko egonkor dagoena.

Hau guztia kontatzen dizuet oso pelikula gomendagarria ikus-entzun genuelako lehengo egunean, “Memory”, Jessica Chastain (Sylvia) eta Peter Sarsgaard (Saul) aktore nagusiak dituena. Saulek dementzia goiztiarra du, eta Sylvia hasiko da berataz arduratzen zaintzaile moduan. Estigma handia dute biek ala biek, emakumea alkoholikoa baita. Gaixotasunen atzean pertsonak daudela ezkutatzen diguten estigma horietakoak.

Hain zuzen ere, maitasuna pizten da bi protagonista nagusien artean, Saulen familia aberatsak onartzen ez duen maitasuna, bateraezina omen Alzheimerrarekin. Ez da ahaztekoa beste film hura, “Still Alice”, Julianne Moore-ek interpretatuta, dementzia goiztiarra ere duen emakumearen rolean. Gai bera plazaratzen dute.

Beste klabe batean, “The Sessions” pelikula gogoangarrian sexua eta desgaitasuna uztartzen dituzte. Protagonistak beste gaixotasun mota bat dauka, baina hemen, fondoan, kontua ez da gaixotasunetan (estigmetan) gelditzea, bata edo bestea izan. Hemen kontua da pertsonak ikusi ahal izatea horien atzean, euren behar, desira, grina eta borondateekin.

Bihar, San Fermin egunean, hondartzara joateko moduko eguna ez da aterako, diotenez. Lesakara joanen gara beraz, aitaren herrira. Gezurra badirudi ere, zubigaineko dantza ospetsua ez dut sekula ikusi, eta bada garaia. Hango hilerrian, amatxi Pilar, abuelo Salva, aita eta ama lurperatuta daude.

Bakoitza gaixotasun batek eraman zuen bestaldera, guraso biak tumore gaizto mota banak. Egia da aurrera egiten ari garela eta minbiziak jada ez daukala lehen zeukan estigma hura, dementziekin ere hor nonbait. Baina osasun mentalarekin, oro har, gauza handirik ez dugu aitzinera egin. Eta bada garaia.

Master

Master Cures Pal.liatives 2023-24. Ikasleok irakasleen eta teknikarien ordezkaritza batekin. 2024ko ekaina. Vic (Osona).

Azken hilabeteotan bloga gutxi atenditu ahal izatearen arrazoia hauxe da. 2023ko urrian ekin nion, azkenean, aspaldi luzean desiratutako asmoari. Familia kontuengatik ezinezkoa izan zen asmoa, hala ere, seme-alaba txikiegiak eta kokapen geografikoa urrunegia zirelako.

Bizitzan kontu garrantzitsuak laster edo berandu iristen dira, normalean. Deitu patua. Baina heldu da “Champions League” honetan jokatzeko aukera, eta pozik heldu diot abaguneari. Unibertsitatera itzultzeak gaztetzen badu ere, argi dago denborak markak lagatzen dituela, zurruntasunak. Eta 30 urte ingurukoek, benetako gazteek, beste freskura bat daukatela. Pentsatu nahi dut beteranook bestelakoak aportatzen ditugula, esperientzia hain zuzen ere. Eskarmentua deitzen dena.

Tarteka, estutasunak ere igaro ditut. Bizitza errealean bezala. Baina eguneroko bizitzan ez bezala, talde-lana izan da Master honetan behin eta berriz landu izan duguna, 55 ikasle inguruko ekipo honetan (ikus argazkia). Egunerokora eraman beharreko dinamika interesgarriak, bestela.

Eta Master Amaierako Lana, MAL famatua (gazteleraz eta katalanez, TFM). Honek orduak eta orduak eskatu dizkit, gustuko lekuan aldaparik ez dagoen arren. Ia-ia amaituta daukat, azken minutuak gelditu dira soilik. Hirukoitza izan da erronka, 3 dokumentalen ikerketa, 3 hizkuntzatan eginda. Aurreko astean, atariko aurkezpena egin ahal izan nuen. Epaimahaiaren ordez, ikaskideak, tutorea eta irakasle batzuk izan nituen aurrean, baita Vic-era ustekabez Zarauztik etorritako Maider eta Itziar ere.

Hurrengo asteetan tontorrerainoko tartea egingo dut, amaiera hortxe bertan dago. Irailean aurkezpena epaimahaiarekin, eta bakea. Aspaldiko egitasmoak aurrera eraman ahal izatea kontu ederra da. Eskertuta sentitzen naiz urritik honako bidelagunekin, baita 8.000ko honetara iristeko lagundu diguten luxuzko “xerpa” hauekin. Moltes gràcies! Namaste!!

Altsasun

Aspaldiko partez, dokumentalaren emanaldia izan dugu. Garai honetan oso sakabanatuta ditugu, eta batik bat Euskal Herritik kanpo gabiltza. Asteburu honetan hemendik atera gabe izan dugu, Sakanako herriburuan. Izarra tanatorioen eta Altsasuko mendigoizaleen elkartearen eskutik, Mikel Idoateren partez Garbiñe Petriati anfitrioi.

Maiatzaren 23an 16 urte bete dira Iñaki Ochoa de Olza hil zenetik, Annapurnako tontorretik gertu. Hortik abiatu ginen, alpinista nafarra gogoan. Irakurtzekoak dira haren aitak orduan idatzitako testua, egun hauetan berriro argitaratuak.

Gogoan izan genuen Xabi Ormazabal ere, asteburu honetan haren omenezko festa Urretxun egin dutelarik. 20 urte dira Xabi hil zela. Bizitza ospatu, oroimena oso presente edukita. Orainaldia eta iraganaldia uztartuta. Hori da MHHH-en hari nagusietako bat, hain zuzen ere.

Atsegina da solasaldietako bizipenak berritzea, aretoa utzi behar duzulako amaitu behar duzula jakitea, ziur aski publikoak apur bat gehiago geldituko zen arren. Txaro Otxandorena erizaina ikus-entzuleen artean egon zen, mendizalea eta Baltistan fundazioan ibilitakoa. Hango emakumeekin proiektu ugari aurrera atera ditu, eta horretan jarraitzen du.

Laurent Richard espeleologoa ere bertan egon zen, eta opari batekin itzuli nintzen etxera, berak idatzitako “Montañas embarazadas” liburuarekin. Lur azpiko munduak beti txunditu izan nau, kobazuloetan sartzea oso gustukoa izan dut txiki-txikitatik. Santimamiñen lehenengo aldiz sartu ginenean zerbaitek gatibatu ninduen betirako. Sekula ez naiz sartu espeleologoen moduan, neoprenoekin eta horrela, baina jarduera hau erakargarria suertatzen zait.

Lur gainean nabil ni, oraingo honetan Urbasa aldean. Urte hauetan Aralarren bereziki, baina baita Andian eta Entzian ere ibili izan naiz. Urbasa da ezezagunen dudana, eta larunbatean paraje berriak ezagutu ditut, aspaldiko lagun batzuen konpainia bikainean.

Bizi gara!