Disfrutona bixi

Argazkia: Ternua-ko webgunea.

Andere Arriolabengoa aramaixoarrak bertso hauek jarri zizkigun lehengo egunean egunkarian, abuztuaren amaieran,”Hil artean bizi” izenburuarekin.

Doinua: Mendian gora haritza


Bulto bat bular tartean
sentitu dut dutxapean
nire burua galduta dago
zalantza artean.
Ta medikura joatean
erantzun baten eskean
nola aldatu leiken bizitza
segundo batean.
 

Metastasia dudanez
sendagairik ez da berez
ezin liteke, ez dut ulertzen
azaldu mesedez
Beteta nago beldurrez
onartzen ez daukat errez
bizitzen zerbait ikasten dugu
hiltzen ordea ez.

Malko gazien umela
bizipozaren kartzela
errezena da gaur bizitzea
hil banintz bezela.
Erabaki dut bestela
eraikitzea ahal dela
bizigarria den bizitza bat
hiltzen nabilela.

Naiz señora ipurtarin
umoretsu ta atsegin
beti kantuan, dantzan, pandero
ta gitarrarekin.
Ta jarraitu nahi dut berdin
etxean zein lagunekin
maite nautenek oroit nazaten
irripar batekin.



Familia, lagun talde
eta alaba nerabe
zuek zarete bizitzan eusten
nauzuen zutabe.
Nire altxor ta ondare
nire armiarma sare
hamaika aldiz erori neike
lurra ikutu gabe.
 

Ustekabeko minbizi
nahiz sentitu injustizi
bihur gaitezen beldurrik gabe
“disfrutona” bixi.
Guk bihurtzen dugu krisi
izan leikena gutizi
ikasgai bat ta bakarra da
hil artean bizi.

Hirian hil. Mendian hil.

MHHH dokumentalaren fotograma.

Egunkarian sekulako elkarrizketa irakurri nuen lehengo egunean, Aritza Monasterio andinista euskalperutarrari Jon Artanok egindakoa. Sigma fabrika, Karakate, EH, 1980ko hamarkada, heroina, Pirinioak, Peru, istripuak, … Hemen pasarte interesgarri batzuk.

1980ko hamarkadaren hasierakoak urte konplikatuak kalean, eta parrandan, hainbeste ibiltzeko…

Bai, heroina asko sartu zen.

Izan al zenuen horretan erori zen lagunik?

Mordoa, gertukoak ere bai. Nola ez ba? Elgoibar izan zen gogorren jo zuen herrietako bat. Hiltzen ziren, eta zerk eraman zituen ez genekien ongi… Hiesa zen, noski. Urte latzak ziren oso. Estatu politikarekin zerikusia du hainbeste heroina sartu izanak.

Probatu al zenuen?

Bai.

Zein izan zen mendekotasunean ez jausteko gakoa?

Ez dakit… Zortea izan dudala uste dut, beste batzuek baino gehiago behintzat.

Nola atera zinen krisi hartatik?

Kostata, luze jo zidan. 20 urte nituenetik-edo gurpil horretatik irteteko ahaleginean hasi nintzen, alkohol dezente edaten nuelako eta horrela jarraituz gero zulora nindoalako. Garai hartan, herriko lagun batzuk eskalatzen hasi berriak ziren. 23 urte neuzkan, sekula ez nuen aurrez probatu, baina estetikoki beti erakarri izan ninduen. Ihesbidea izan zen.

(…)

Jazoera oso larri bat izan nuen Zeelanda Berriko azken egonaldian… ez daki jende askok.

Gidatzen ari zinela gertatu al zitzaizun?

Bai. Eta hori eraman egin behar da.

Norbait hil al zen?

Bai. Bi pertsona. Soka… eten egin zen.

Soka ondo al zegoen?

Bai. Istripua izan zen. 2019ko azaroa zen, eta bi pertsona neramatzan, ezagutzen nuen sarritan egina nuen bide klasiko batean. Dena normal zihoan. Elkargune batean, erlaitz batetik segurtatzen ari nintzen, bezeroek zeharkaldi labur bat egin zezaten. Inguru hartako harkaitza oso zorrotza da… bietako batek labain egin izango zuen, eta erortzean bestea eraman… pendulua egin zuen, eta elkarguneak tentsio kolpeari eutsi zion bestela, neu ere ez nengoke hemen, baina istantean tentsioa askatu egin zen, arrokak soka moztu zuen…

Nola ematen zaio buelta horri?

Oso gogorra izan zen lehen hilabeteetan. Gogorra da gaur egun ere. Fisikoki ez zitzaidan ezer gertatu, baina, emozionalki, zerbait hautsi zait barnean. Hori beti hor egongo da, bizi osorako zama. Gainera, oroitzapen oso argia dut, detaile guztiak gogoratzen ditut… Hamaika buelta ematen dizkiozu; beste era batera egin banu hura edo bestea… baina ez duzu ziurtasunik gertatu zena eragotziko zenuenik, erantzun argirik ez.

Ezagutu al dituzu mendizale horien familiak?

Baten emaztea eta bi alabak etorri ziren. Jakin nahi zuten beren senarrak, aitak, nola pasatu zituen azken egunak, zoriontsu izan ote zen. Mesede egin zidan haiekin hitz egiteak.

Laguntza psikologikorik izan al duzu?

Bai, profesional batekin bildu nintzen zenbait astez. Tarte baten ostean, egin nezakeen onena gidatzen jarraitzea zela pentsatu nuen, eta halaxe adostu nuen agentziarekin. Perura itzuli izan banintz, ez dakit hura gainditzeko gai izango ote nintzatekeen. Beste gidariekin berriz mendian topo egitean, eupada bat eman, eta ni ikusteaz pozten zirela esaten zidaten. Haiek badakite… Mendian arriskua kudea dezakezu, baina ezin duzu desagerrarazi.

Itzuli al zara istripua gertatu zen mendira?

Bi aldiz egin dut ibilbide hori bera bezeroak eramanez. Aurrenekoa oso gogorra izan zen, baina aldi berean terapeutikoa. Bezeroetako bat laguna dut: nirekin joan nahi zuela esan zuen agentzian.

Ezbeharraren gunean bertan izan al zineten?

Bai. Aurre egin nahi izan nion. Eta jausitako bi mendizaleetako baten makila zati bat jaso nuen.

Elkarrizketa osoa: Aritza Monasterio Bilbao: «Mendian arriskua kudea dezakezu, baina ezin duzu desagerrarazi» | Kirola | Berria

Isiltasunaren soinua

Bilboko kale batean topatuta.

1964an kaleratutako abesti famatua da Simon and Garfunkel newyorktarren “The Sound of Silence” (“Kaixo iluntasuna, lagun zaharra; etorri naiz zurekin berriro hitz egitera…”). 1960ko hamarkada hura mugimendu handikoa izan zen arlo kultural eta soziopolitikoan, eta kantu hau ereserki modukoa ere bilakatu zela esan dezakegu.

Izan ere, Askapenaren Teologia urte haietan sortu zen, testuinguru hartan. Eta gogoratzen naiz txikitan entzuten nuela parrokian kantaren bertsioa, gazteleratua, Eliza gorri eta hippy haren otoitz bihurtua. 30 urte inguru zituzten gurasoek orduan, eta saltsa haietan oso sartuta. Oroitzapen onak gordetzen ditut garai hartatik. Oso onak.

Euskal Herritik kanpo bizi ginen orduan, eta udan Lekeitiora etortzen ginen. Isiltasunaren neure lehenengo bizipenak ordukoak izango ziren, adibidez Santimamiñeko kobazuloan. Lurraren azpian sartzea zerbait oso solemnea izateaz gain, isilik egonez, ur tanta horiek erortzean entzun zitekeen bakarra zen. Geroxeago joan nintzen deskubritzen mendian ere isiltasuna antzeman dezakezula, baita itsasoan ere, apur bat hondartzatik urrundu eta barrurantz sartuz gero.

Hain zuzen ere, Lekeitioko abesbatzak “Itxas Soinua” izena dauka. Baina zein(tzuk) d(ir)a itsasoaren soinua(k)? Gutariko gehienok gutxi batzuk baino ez ditugu desberdinduko, baina egon, hor egongo dira.

Gaur amak 81 urte beteko zituen. Eta pasa den abuztuaren 14an, aitak 80. Urtero gogoratzen ditugu eta bizitza ospatzen dugu, Lekeition. Isiltasunaren soinuarekin.

Bidaiak eta berpizkundeak

https://www.strava.com

Euskal Herritik kanpo bizi ginenean, urtero bazeuden bi momentu bereziki desiratuak eta gozatuak denontzat: Bata Gabonak ziren, familiarekin Leioan batzen ginenean. Eta bestea, udako oporraldiak, familiarekin ere igarotzen genituenak. Bidaia luze haietan, soinu-bandan nabarmentzen zen musika mota bat besteen gainetik, loaldiak laguntzen zituena edo leihotik begiratzean paisaiaren beste elementu bat zena: Musika barrokoa.

Gurasoak falta zaizkidanetik, beraiekin konektatzen nauten doinuak dira musika barrokoarenak, baita orokorrean musika klasikoarenak ere. Edozein tokitan nagoela, sarritan propio ipintzen ditut entzungai konekzio hori eragiteko, orain bezala. Udako opor hauetan, momentu horietako bat bakarka bizi izan nuen Pragan (argazkian), josulagunen elizan atenditu nuen kontzertuan. Ordubeteko bidaia hartan, abstraitu ahal izan nintzen jendetzatik, berotik eta beste kontu batzuetatik. Orduko hango errepideetara itzuli nintzen, Burgosera, Leioara eta Lekeitiora.

Musikak hegal eginarazteko gaitasuna ezaguna da, eta Europan badaude musikarekin partikularki lotuta dauden hiriak. Horietako bat bisitau ahal izan dugu aste hauetan, Alemaniako Ekialdean: Leipzig. Johann Sebastian Bach musikagile barrokoa, eta Felix Mendelssohn eta Robert Schumann konpositoreak bertan bizi izan ziren, XVIII. eta XIX. mendeetan.

Leipzig, bestela, XX. mendeko gertakari garrantzitsu batzuekin estekatuta dago. 1989an, Nikolaikirche (bertako musika zuzendaria Bach izan zen berrehun urte lehenago) protestaldi baketsuen erdigune aitzindari bihurtu zen, orduko Alemaniako Errepublika Demokratikoaren (DDR) erregimen komunistaren aurka. Otoitzaldiak eta Asteleheneko Manifestazioak (Montagsdemonstrationen) luzatu ziren 1991a arte. Gerorako “Bakearen Eliza” izena emango zioten.

1989ko azaroan, azkenik, Berlingo Harresia behera bota zuten, hurrengo urtean DDR desagertu zen eta Alemaniako bateratzeari ekin zioten. Paris eta Europako hiriburu guztiak interesgarriak direla esan dezakegu, eta Berlin ere bisitatzeko eta ezagutzeko modukoa da. Gerra Hotzeko orduko gertakariak dira batik bat erakargarriak, baina badaude noski beste hainbat jakingarri. Esate baterako, Alexander Von Humboldt naturalista eta esploratzaile berlindarraren anai gaztea, Wilhelm, hizkuntzalari ospetsua izan zela eta euskara ikertu zuela sakonki XVIII. eta XIX. mendeen artean.

XX. mendera itzulita, beti pentsatzeko eman didan asunto bat da gerra bat irabazteak (eta galtzeak) zein kostua dakarren. Zenbat zibil hiltzen diren, zenbat betirako zaurituta gelditu. Eta horren adibideak izan daitezke Gernika, Hiroshima, Sarajevo edo Dresden. Saxoniako hiria akaso ikur handiena da Alemania osoan, zelan suntsitu zuten aliatuek amorru bereziarekin, berez Bigarren Mundu Gerra naziek galduta zeukatenean ordurako. Gizakiengan eragindakoaz gain, arkitektura ondarean ere sortutako kalteak kontuan hartzekoak dira. Gerra bat irabazteak liburutegi garrantzitsu bat hondatzea ekar dezake, antzinako eraikin batzuk edo orain gogoratzu ditzakezuen horiek guztiak. Dresden, halaber, adibide ona da hondamenditik berpiztutako hiri moduan.

Udazkenean, “S(u/a)minetik bakera” obra eszenikoa ere berpiztuko da. Bakeolaren eskutik, badaukagu lehendabiziko data bat: Urriaren 25ean, Orion. Urte batzuk igaro dira azken emanalditik, hautsa kendu beharko diogu eta apur bat moldatu. Sekulako gogoz berriro martxan ipintzeko.

Mediku udatiar baten makabrokeriak

Argazkia: Zarauzko Hitza.

Pedro González Velasco Madrilen bizi zen mediku segoviarra zen, hango Medikuntza Fakultateko museo anatomikoetako zuzendaria zena. Horrek esan nahi du gorpuen artean ibiltzean ohituta zegoela, giza hezurrekin eta abar.

Asuntoa da Velasco doktorea hasi zela Zarautzen etortzen uda garaia pasatzera, eta bertan eraiki zuen haren jauregia 1860 inguruan, gaur egun “Villa Munda” deitutakoa (edo “Zeleta Berri”) eta udal musika-etxea dena. XIX. mendean, lur sail horretan hilerria kokatuta zegoen, eta Velascok juxtu leku horretan etxea altxatu izanak susmo txarrak piztu zituen zarauztarren artean, haren nekrofilia kontuan hartuta.

Hain zuzen ere, jakinmina zegoen euskal arrazaren inguruan, burezurren ezaugarri berezkoak, besteak beste. Paul Broca antropologo eta anatomista akitaniar ezaguna laguna zuen Velascok, eta garai hartan ohikoa zen hilerrietan ibiltzea hezurrak ateratzen, hilobietatik baino hezurtegietatik. (Egia esan, geure garaian ere Medikuntza ikasleen artean normala zen burezurrak lortzea handik edo hemendik, auskalo nondik. Buruko hezurrak, izan ere, anatomikoki konplikatuenak dira ikasteko, eta asko laguntzen du kaskezur bat eskura edukitzea, buelta guztiak eman ahal izateko, leku guztietatik begiratu, eta zirrikitu guztiak aztertzeko).

Bestela, Conchita bere alaba gazte hil zen, tifusak jota, eta gorpua aitak berak baltsamatu zuen. Liburuaren pasarte batean esaten dute hilkutxatik atera eta etxean erakusgai izan zuela irakur daiteke (!).

Velasco doktorearen inguruan beraz legenda bat sortu zuten geure herrian, haren praktika ilunei buruz, eta aste hauetan argitaratu dute hari buruzko liburuxka bat, udal liburutegian eskuragarri daukazuena, dohainik. Halaber, hor goian lehenengo paragrafoan bere izenean klik eginez gero, berari buruzko info zabala iarakurri ahalko duzue.

Udako irakurketa arinak.

Uztaila

2016-07-06, Iruñea, 2016 Sanferminak, Txupinazoa. “Naiz”

“Uztaila, sentimendu kontrajarriak agertzen diren hilabetea: poza nire bi alabengatik eta tristura nire aitarengatik”. Maria Jauregiren lehengo eguneko txioa da, Twitterren.

2000. urteko uztaila hondarretan zegoen, eta Zugarramurdiko kobazuloetan kontzertu sorta bat antolatu zuten Euskaldunon Egunkariaren 10. urteurrena zela-eta. Gurasoekin joan nintzen, eta Senperen lo egin genuen. Uste dut igandea zela, ospakizun haiek igaro eta gero, eta Dantxarineako mendatea igotzen ari ginen kotxean. Irratian, Juan Mari Jauregiren erailketaren berri eman zuten.

Nork esango zigun 7 urte geroago, egun haien inguruan, aita hilko zela minbiziak jota, 64 urterekin? Osasunez hain ondo zegoen gizona, 2007ko uztailaren 22an etxean hil zitzaigun, Donostiako euren etxean. Alberto Peña Iturria. Errenteriako Madalena jaien hasiera.

2019ko uztailaren 6a. Hainbat pertsonarendako, Iruñean eta Nafarroan, eta munduan zehar ere, egun seinalatua. Amaitezina den pandemia hau hasi baino lehenagoko azken San Ferminak izan ziren. Egun hartan ere, Jexux Zufiriaren bihotzaren taupadak eten egin ziren. Ehundaka paziente eta familia ezagutu ditut lanean, euren bizitzaren amaieran, bereziki azken 12 urte hauetan. Jexuxena beste zerbait izan zen, ni ez nintzen bere medikua, bizilaguna baizik. Haren bizitzaren amaieran ezagutu nituen bera eta familia. 6 hilabete trinko izan ziren, ahaztezinak. Inoiz egin dudan akonpainamendurik ederrena, lanetik kanpo. Liburu bat idazteko moduko bizipenak izan ziren. Haren ordez, bestela, “Mendian hil. Hirian hil” dokumentala Jexuxi dedikatu nion, epilogoan ikusi dezakezuen moduan.

Gaur, San Ferminak ohiko formatura itzuli dira, koronabirusak ezpatadantza eta arin-arina dantzatzen jarraitzen duen arren, aldaera berri batzuen formatuan. 3 urte dira Jexux hil zela, eta familiarekin oroitzeko eta omentzeko bilduko naiz. Bihotzak eskatzen didana da.

Sentimendu kontrajarriak.

Maitasunean hil

Herrietako jaiak hasi dira nonahi, udan sartu gara eta ikusi nahi ez duguna are ikusezinago bihurtzen da. Errealitatea, alabaina, bestelakoa da. Herioak ez ditu oporrak hartzen, eta bakean hiltzen saiatzeak garrantzi berbera dauka.

Izan ere, Cristina Llagosteraren liburua irakurtzea aringarria izan daiteke udako hilabete hauetan ere. Lehengo egunean irribarre egiteaz hitz egiten bagenuen, gaur maitasunaz egingo dugu berba, kontzeptua modu zabalean hartuta. Zaintzea maitatzea da, alboan egotea. Etxea maitasuna da (edo izan beharko litzateke). Errukia maitasuna da.

Cristinak hasieratik idazten du hiltzeaz meditatzea kontrakulturala dela gure garaian. Izutzen gaituela, baina baita liluratu ere. Beldur existentzialak direla, ezerezari, desagertzeari. Geure beldurrek ez dutela herioa etenarazten, bizitza baizik. Heriotza ez dela bakarrik gertakari biologiko bat, bizitzaren ibilbidea ixtea ere badela. Osasungileok konfort fisikoa gehiago baloratzen dugula, eta familiek nabarmentzen dituztela ezaugarri psikosozialak. Gure biografiak etengabeko bilakaeran daudela jaiotzatik heriotzara, eta aldi berean hiltzen garela izan garen moduan. Barrurantz begiratzea, geure barneko balioak eta nahiak aztertzea. Eta ez itxarotea azken unea arte oinarrizko kontu hauei aurre egiteko.

Heriotza ona dela pertsona bakoitzak nahi duen modukoa. Bakea dela inolako liskarrarekin edo jarrerarekin asaldatuta ez dagoen norbaiten egoera. Amore emateak prentsa txarra duela, borrokatzeari uzteak (hau nik gehitzen dut: Rafa Nadalek sekulako kaltea egin duela). Erresilientziaren garrantziaz. Gauzak datozen moduan onartzearen garrantziaz. Zainketa aringarriak eskubidea direla, bai eta agindu morala ere. Transzendentzia argitsua dela, heriotzan argia pizten dela.

Cristinaren liburuak daukan erakargarritasun zati handi bat hamalau testigantzak dira. Hamalau zortzimilakoak: Odina. Arnau. Mía. María Teresa. Mari Luz. Margarita. Alba. Carles. Gloria. Enric. Antonia. Lluís. Joan.

Ohoratu nahiko nituzke laster urteurrena beteko duen Jexux, ikastolako aita eta auzokidea zen Asier eta ondoko atean bizi zen Miren bizilaguna ere, Zarauzko jai hauetan. Hirurak maitasunean hil ahal izan ziren. Baita Debagoienean alboan izan nauten eta bakean hil diren paziente guztiak. Eta lortu ez dutenak ere.

PD.- Hemen liburuaren aurkezpena Gasteizen martxoan.

Mallorcatik postala

Uharte honetan egon ginen aurrekoan ez genuen seme-alabarik oraindik. Garai hartan, Antònia Font ordurako ezagutzen nuen, duela 16 urtetik gora. Euririk ez zuen egin, baina ez dakit inoiz egingo duen, hango mendilerroak elurra ere tarteka hartzen duela esaten duten arren.

Urte dexente geroago Eivissa bisitatu nuen lehendabiziko aldiz nire bizitzan, trilogiako lehenengoa aurkeztera joanda, “Cadires buides“. Mallorcako beste bisita honetan, aldiz, hirugarrenarekin joan naiz, “Morir a la muntanya. Morir a la ciutat“.

Bidaiaren zergatia SECPAL 2022 biltzarra izan da berez, baina hasteko bezperan topaketa ederra izan nuen Palma Compasiva taldekoekin asteazkenean. Pelikula ikus-entzun eta lasai komentatu genuen publikoarekin, nahiko beteta zegoen aretoan. Gozamena izan zen (baita kongresuan bertan izan ahal nuen tartea trilogiaren nondik norakoak azaltzeko ere).

Klima eta paisaiak desberdinak ditugu Palman eta Zarautzen, Tramontanako bazterrak edo Pagoeta eta Ernio aldekoak. Kantauriar kostaldea edo mediterranearra. Eta bistan da erronka diferenteak dituela 400.000 biztanleko hiri batek eta 25.000ko herri batek. Agerikoa da, halaber, errukia balore unibertsala eta komuna dugula munduko toki guztietan. Eta esperanto modukoa hitz egiten dugula han eta hemen heriotza, zaurgarritasuna, bakardadea edo doluari buruz gabiltzanean. “Zergatik?” galdera ere berdina da.

Proiekzioaren hurrengo egunean, indartsu ekin genion kongresuari, Julio Gómez-ekin izandako tailerrarekin. Heriotzari beldurra edukitzea bizitzari ere edukitzea dela gogorarazi zigun. Ars moriendi dagoen moduan, ars vivendi ere badagoela. Ezin dugula pertsona bat lagundu sartzen ausartzen ez garen leku batera. Sufrimenduak alde negatiboa daukan bezala, positiboa ere badaukala. Horma edo atea izan daitekela. Arlo transpertsonalean traszendentzia, intrapertsonalean zentzua eta interpertsonalean konexioa direla hiru gakoak.

SECPALek espiritualtasunari buruz argitaratutako monografian, 139. orrialdean topatuko duzue GES galdetegia, 8 puntukoa. Lantzean behin egitea merezi du, gaixotasun larririk diagnostikatuta izan barik ere. Bidean egindakoa errepesatzea eta onarpena lantzea. Bizitza-sufrimendua-itxaropena-harremana ibilbidea. Norbere egoera aztertu eta bertan sakondu. Zeren zain nago? Zeren beldur nago? Zer espero dut besteengandik? Nor naiz eta nor izan nahi dut? Non ditut mugak?

Izan ere, itxaropena beldurra baino indartsuagoa da. Sufrimendua jasangarria izan daiteke. Barneko gunea sortuz: Umorea, isiltasuna, bertutea, emozioak, gorputza eta tradizio espiritualak. Pertsona sufrimendua baino gehiago delako. Autoerrukia, desira eta sormena. Kontrola eta amore ematearen arteko oreka. Joaten uztea. Iraganaldira begiratzea epaitu barik eta errukiaz: Izan ere, lehenaldiak ez du esanahirik izan behar orainaldian.

Oso zinematografikoa izan zen Julioren tailerra, normalean egiten duen moduan, eta M. Night Shyamalan-en Time filmaren gomendioa egin zigun (aukera baduzue, ikusi).

Diego Gracia handiarekin jarraitu genuen ostegun arratsaldean. Ordu batzuk lehenago kalean agurtzeko zortea izan nuen, Complutense Uniberstitateko Medikuntza fakultatean haren ikaslea izan nintzelako Madrilen, eta haren irakasgaiarekin izugarri gozatu nuelako, Medikuntzaren Historia. Palmako hitzalditik, puntu hauekin gelditu nintzen: Balioek mugitzen gaituztela, balioak eta gertakariak kontu desberdinak direla, etika eta Giza Eskubideak ez direla beti bat etortzen eta bizitza ez dela balio bakarra, eutanasiari buruz gabiltzanean, norberaren autonomia ere errespetatzeko balioa delako.

Autozainketari buruz, Ainhoa Bidegain-ek (Fundació Galatea) profesionaloi COPING kontzeptua aurkeztu zigun: Commencing, Own vulnerability, Profunding, INtegrative eta Grounding youself. Taldelana, autozainketa intentzionala eta lanagatiko pasioa. Autoezagutza. Eredu biomedikotik eredu humanistara igarotzea. Burn-out gutxitzeko eta autoerrukia areagotzeko meditazioaren praktikak, Stanfordeko CCT (Compassion Cultivation Training) ikastaroan bezala (berriki Izaskun Andonegiren eskutik egin ahal izan dudana). Tolerantzia leihoaz: konexioa eta maitasuna. Hiru eskubideez eta interdependentziaz: Besteak zaintzeko, norbera zaintzeko eta besteak gu zaintzeko.

Osteguna amaitzeko, gunea egon zen komunitate errukitsuei buruz aritzeko. Silvia Librada Sevillatik zainketen sarearen garrantzia azpimarratu zigun eta compassionate community guztietako lau esparruak gogoratu: Sentsibilizazioa, trebakuntza, interbentzioa eta ebaluazioa. Osasungileak izan gabe, gaixoen alboan egotea, mendeetan jendeak egin duen moduan, enpatia eta errukitik. Palma Compasiva taldetik kontzeptu eta ekimen interesgarriak konpartitu zituzten, “núcleo compasivo de barrio” eta “divendres en companyia” (irakurketak, karta jokoak,…).Bakarrik daudenei telefono deiak maiztasunez egin. Baita boluntarioen bertako elkartearen lana aurkeztu ere.

Postal luze honetan, ostiraleko apunteekin jarraituko dut. Javier García Campayo-k saioa eskaini zuen mindfulness-en inguruan. Sufrimendu bitan sailkatuz: Primarioa (saihestezina, adibidez gurasoen heriotza) eta sekundarioa (saihesgarria, pentsatzen dugunean “sekula ez dut burua altxako” edo “inork ez nau maite izango euren moduan”). Sufrimenduaren beste bi isurialde: Jende maiteagatik jasaten duguna (banaketarena) edo arerioengatik (gorrotoarena). Kristin Neff eta zutabe nagusiak: Autoerrukia eta partekatutako gizatasuna.

Eutanasiari buruzko mahaia ere emankorra izan zen. Tayra Velasco erizainak aipatu zigun Belgikan eta Herbehereetan erizainak direla azken farmakoen administratzaileak soilik %15ean. Gogoratu zigun erizainen rola hasierako harreran eta akonpainamenduan. Menpekotasu funtzionala dela faktore nagusietakoa pertsona batek eskaera egitean. Kontzientzia eragozleen aldetik lekukoa pasatzeko beharraz, eta pazientea ez abandonatzeaz. Albert Tuca medikuak gogorazi zigun gizartearen zati handi baten eskaera izan dela lege hau espainiar estatuan. Ikuspuntu laiko, pluralista, sozial eta posibilista batetik. Bizitza ez delako bakarrik fenomeno biologiko bat. Zainketa aringarriak eta eutanasia ez direla ekar baztertzaileak. Pertsonen eskubidea eta profesionalon inperatibo etikoa dela. Katalunian 2.5 eskaera jaso dituztela orain arte batez beste, Bartzelonan eta Gironan batik bat, %65a patologia neuroendekatzatileagatik.

Konpontzeko zaila den oinazearen aurrean, Mónica Dones-en galdera: Zer egin behar dugu terapeutikoak izateko? Sufrimendu okadak jaso, eta arazo saihestezinekin, alboan egon eta misterioa onartu. Esker ona adierazi bizitzari eta Sakratuari. Umiltasun terapeutikoaz ere jardun zuen, emaitzari bakarrik ez lotzea.

Ostirala borobiltzeko, Eduardo Bruera handiak opioideen krisialdiaz hitz egin zigun (batez ere AEBetan pairatzen dutena). Morfina eta deribatuak beharrezkoak direla minbiziarekin lotuta, baina ez hainbeste bestelakoegoeretan. Mina tratatzea ez dela helburu bakarra, faktore gehiago dagoela inguruan. Plazebo eragina bilatzeaz. Errotazio gehiago egitea eta metadonaren aukera.

Larunbatean, Maria Arantzamendi Iruñetik esker onaren inguruan ibili zen, “nik bakarrik nire lana egin dut” ohiko esaldi hori saihestea. Geure lanaren aitortza eta balidatzea. Eskerrak eman eta hartzearen jarioaz. Asertibitatea eskertzeko eta jasotzeko. Betetasun sentsazioaz. Gaixoen bizitzen parte garelako. Aurrera jarraitzeko gasolina.

Espiritualtasunaz lehen aipatutako Mónica Dones eta Enric Benito handia (bere liburuarekin itzuli nintzen Mallorcatik, baita Cristina Llagosterarenarekin ere). Konektatzen eta transformatzen gaituen ankopainamenduaren eredua. Zientziak ezin duelako azalpenik aurkitu gai potoloetarako (heriotza, maitasuna, gorrotoa…). Materia baino askoz gehiago garelako. Ospitalitatea, presentzia eta errukia. Eta Cristina Puchalski-ren lana.

Biltzarra eta egun trinkoak amaitzeko, mahai inguru mediko itzela aurkeztu zigun Iñaki Saralegik, erabaki terapeutiko partekatuaren gakoarekin: Miren Begoña Salinas neumologoak, Bilbotik, Biriketako Fibrosi Idiopatikoari buruz hitz egin zuen. Noiz arte tratamenduak (Pirfenidona eta Nintedanib?) Noiz hasi morfinarekin? Fentaniloa partxean eta transmukosoa krisialdietan. Alberto Alonso paliatibistak Madrildik, bestela, Alboko Esklerosi Amiotrofikoari buruz (ELA). Noiz arte tratamendua (Riluzol)? Segimenduaren hasiera goiztiarraren beharra begirada aringarriarekin. Zainketen aurretiazko planifikazioa. Depreskripzioa. Espektatiba nutrizional handiegirik ez egitea. Bentilazio mekanikoarekin, kontrol sentsazio subjetiboa kontuan hartzea. Eta Helena Garcia psikologoak, Madrildik ere, Giltzurruneko Gutxiegitasun Kronikoaz. Noiz arte dialisia? Sostengu psikoterapeutikoa. Erizainekiko lotura terapeutikoa. Duintasuna – Koordinazioa – Pertsonalizazioa – Gaixoaren paper aktiboa. Gaixotasuna -> Gaixoa -> Pertsona.

Moltes gràcies, especialment, a Marian Garcia i Mercè Llagostera.

Balio erantzia

Perlak dira itsaso literario honetan topatuko dituzunak, Ekaitz Goikoetxea idazle, bertsolari, irakasle eta sortzaile beasaindarrak argitaratutako “Balio erantzia” aforismo bilduman.

Orain dela gutxi eskuratu ahal izan nuen azkenean, Literaturiaren azken itsasontziari esker. Piztiak baino perlak arrantzatuta, nolabait ordenaturik, hemen ale batzuk:

“Hitzaurrea: isiltasuna”.

“Osorik erditu gintuzten”.

“Orain beti da gaur, baina gaur ez da beti orain”.

“Isiluneak ere sortzaileak dira, esatekoak elikatzen dituzte”.

“Hor dena kaosa da”.

“Ispiluak geure burua aurpegiratzen digu”.

“Uda amaieran, argindar konpainiek bakarrik ez, eguzkiak ere faktura pasatzen die askori”.

“Bizitzari zu eman nahi diot”.

“Lepoak burujabetza aldarrikatzen”.

“Plazer hutsa, zorion betea”.

“Besteen lekuan jartzeko mugitu egin behar”.

“Entzuten ikasten dugunean, adituagoak izango gara”.

“Inoiz iritsi gabeko tokietara iristeko bide bakarra beste bide bat hartzea da”.

“Kontra ditudanek alde egiten didate”.

“Hitzek eta armek hitzarmena sinatu zuen”.

“Gehitzeko bada, kontatu nirekin”.

“Minari erreparatuz erreparatzen da mina”.

“Isil-isilik dagoena isilik dagoena baino isilago al dago?”.

“Mutuek ere izango dute zer isildua”.

“Denbora ez da pasatzen. Denbora geldi dago gu noiz pasako”.

“Oraina etorkizunean iraganeko kontua izango da”.

“Denborak esango du, baina guk ez dugu entzungo. Ikusiko duzu”.

“Denbora galtzen duenak espazioarekin konformatu behar”.

“Esan gabe doa, isiltasuna”.

“Zozoak beleari ipurbeltz. Eta belea isilik geratzen da?”.

“Euskara, agerikoa ala agirikoa?”.

“Irakurtzen ez ditugun egunkariek ez dute prentsa onik izaten”.

“Leialtasunari adarretatik heldu behar zaio”.

“Triste bizi naiz, baina hilko ez banintz hobe”.

“Bizitzan arrastoa uztea baino zailagoa da arrastorik ez uztea”.

“Lur azpian baino lurra azpian hobe”.

“Hiltzerik ez dudan pentsatzen? Jaiotzerik ere ez nuen pentsatzen eta begira non nagoen”.

“Mailuak esana: Iltzeak ez dit beldurrik ematen”.

“Hogeita hamarrekin jo ta su, berrogeita hamarrekin jo ta ke, hirurogeita hamarrekin jota”.

“Gure hiletetara joango diren lagunak egiten pasatzen dugu bizitza”.

“Mehatxua: nire hiletetara etortzen bazara, ez naiz zureetara joango”.

“Hiltzen naizenean, han egon nahi dut”.

“Isiltasunak azken hitza bere”.

“Epitafioa: Nago ez nagoela”.

Ekarri asko, Ekaitz!

PS.- “Erantzi hitzak eta erantzi atzaparrak, jantzi denak ahantzi “erantzi” hitza jantzi“.

“Erramurik gabeko gauak” (H.Cano / Petti).

Irribarre egitea bizitzaren amaieran

Huescako egunetatik beste opari hau ekarri nuen (gracias Marta!!). Egia esan, irentsi egin dut, eguneroko kontuak zaizkit plazaratzen dituena Jose Maria Doria egileak, baina beti ondo dator beste ikuspegi bat.

Liburua indartsu hasten da, idazleak haren arrebaren amaiera baketsua kontatzen duenean zehaztasun guztiekin: gauzak argi edukitzea, bizitzarekin gogobeteta egotea eta norekin eta nola hil aukeratu ahal izatea. Bake horretatik dator sosegua, eta sosegutik irribarrea. Non sinatu behar da, ezta?

Hurrengo ataletan kontzeptu jakinak edo ez hainbeste errepasatzen ditu, ondo osatuta dago liburua egia esan, bilduma ona da:

  • Bizitzan zehar behin baino gehiagotan hiltzen garela.
  • Beste garai batean hildakoei argazkiak ateratzea normala zenean (eta osasuntsua dolurako).
  • Bizitza duina zer den.
  • Nia desagertzeko beldurraz.
  • Txanponaren bi aldeak.
  • Egoaren ajeak.
  • Zelan nahi dut hiltzea? Gabi Herasen 4 puntu gakoak.
  • Arretaz eta prest bizitzea.
  • Bihar hiltzera joango bagina bezala bizitzea.
  • Heriotza, ospitaleko gertakaria?
  • Hospizioak. Bruce J. Millerren lana San Franciscon (“End Game” dokumentalean jasota).
  • Simón Lordak zerrendatutako 12 eskubideak hiltzear dagoen pertsona batenak.
  • Gian Domenico Borasioren 12 puntuak medikuarekin komunikazio ona izatearen inguruan.
  • Perspektiba filosofikoak heriotzaren inguruan.
  • Suizidioaren inguruko sinesmenak. Idazlearen anaiaren suizidioa.
  • Heriotzatik hurbileko bizipenak.
  • Beste bizitza bati buruzko sinesmenak.
  • Ondo hiltzeko jarrerak.
  • Alboan egoteko artea.
  • Isiltasuna erreminta moduan.
  • Misterioaren aurrean.
  • Meditazioaren onurak.
  • Eutanasiaren aldeko eta aurkako argudioak.
  • Agur esateko otoitzak edo formulak.
  • Zeure hileta propioa sortzea.
  • Hilezkortasuna?

Azken hilabete hauetan oso oparoa izaten ari da literatuta zainketa aringarrien inguruan, liburuak pilatzen ari zaizkit: Cristina Llagosterarena (“Morir con amor”), Montse Esquerdarena (“Hablar de la muerte para vivir y morir mejor”) eta Enric Benito berarena (“Una vida de coratge i compassió”).

Mallorcatik aste honetan zeozer ekarriko dut ziur aski, dena ez dira izango ensaimadak.