Bost urte ziren ez ginela biltzen aurrez aurre, Gasteizko SECPAL 2018 hartatik Bilboko Arinduz 2023 hau arte. Eta hasi ginen galderari erantzun nahian: Begirada aringarria hezi dezakegu?
Jose Pereira hegoafrikar eleanitz zoragarriak ekarri zigun Pallium (2000tik) egitarau kanadarraren barruan martxan dituzten LEAP ikastaroen berri: Learning Essential Approach to Palliative Care. Zainketa Aringarrietarako funtsezko hurbilketa ikasten, ingelesez eta frantsesez eskuragarri dauden ikastaroak. Beste hitz batzuetan, lehen mailako zainketa aringarrietako gaitasuna eraikitzen. Oinarrizko jakintza hedatu nahi diete lehen mailako mediku eta erizainei bezala bestelako espezialistei ere (neumologoak, nefrologoak, zirujauak eta are osasun buruzagiei ere). Gaixoen identifikazio goiztiarra eginez gero aurretiazko plangintza egin ahal izango dugula badakigulako.
Beste galdera bat egin zigun, behin landuta, ikasleek praktikan ipintzen dute ikasitakoa? Kanadako formakuntza hartan 4 hilabeteetara ezartzen dituzten konpromezuak. Helburuetako bat da gainkargatuta dauden eta baliabideak ez dituzten profesionalak jakitun eta ondo formatuta egotea. Baita lanean gogobetetasuna areagotzea eta, zergatik ez, sistemari dirua aurreztea ere. Elkarlanaren garrantzia azpimarratuta.
Bigarren tarte batean, Bilbon aztertu genituen begirada aringarri horren zailtasun, erronka eta aukerak, mahai inguru batean bost ikuspegi jasota. Leire Gonzalez erizainak (Durangoko Joxe Migel Barandiaran egoitza) opiofobiaz eta paliafobiaz egin zigun berba, tamalez tarteka gertatzen direnetaz. Koordinazioaren beharraz ohartu zigun, geriatriatik egindako ikuspuntu horretatik. Gina Larrieta mediku primaristak (Okondoko osasun zentroa) Lehen Mailan ematen duten luzetarako den arreta abantaila moduan aurkeztu zigun, irisgarritasun eta integraltasunarekin lotuta. Erreferentziazko medikua egoteak lotura klinikoa indartzen duela eta, kontrara, medikuen gehiegizko aldaketak egotea eta burn-out sindromea arazo larriak direla. Mari Jose Almaraz mediku paliatibistak (Arabako Unibertsitate Ospitalea) akutuen ospitaleen ajeak gogorarazi zizkiguna, neurri handi batean Arrasateko geure ospitale txikian nabaritzen ditugunak. Zelan hainbatek gaixoak baino organoak ikusten dituzten. Zelan urgentea denak garrantzitsua dena ordezkatzen duen. Egotea baino egitea lehenesten dela. Eta horren aurrean, kasuak indibidualizatu behar ditugula, sufrimenduaren “elefantea” lankideei ikusarazi behar diegula eta pazienteei bestelako itxaropena eman behar diegula, sendatzearena baino bizitzaren amaiera ona eduki eta ondo hiltzearena. Iñigo Espert mediku paliatibistak (Gorlizko Ospitalea) egonaldi ertain eta luzeko ospitaleen egoera islatzen ekin zion. Bera izan zen begirada aringarri hura definitzeko sentiberatasunarekin lotu zuena, eta komunikazioaren kalitatearekin. Hiru maila desberdindu zituen: Begirada, arreta eta zainketa aringarriak, txikitik handira. Mahaiarekin amaitzeko, Irati Unamuno medikuak (Donostiako Etxeko Ospitalizazioa) euren zerbitzua daukaten banaketa azaldu zigun, onkologikoak eta ez diren pazienteen artean, mugan daudenekin ditugun erronkak tartean. Talde lanaren ardaztasuna ondo islatzen du etxez etxeko jarduerak, egia esan.
Juan Pablo Leiva ere, SECPALeko presidentea, gurekin izan genuen. Balear Uharteetatik geurera etorri da bizi et alan egitera, Bilbora zehazki. Gaiari helduta, jorratzen ari garen begirada hau enpatiarekin uztartu zuen. Koordinazioa hizkuntza berean hitz egitearekin. Arlo klinikoa eta sozialaren arteko orekari buruz mintzatu zen. Komunitate errukitsuen aportazioari buruz. Onkologikoak ez diren pazienteak orokorrean hartu ordez, paziente nefrologiko, neumologiko edo neurologikoak diren zehaztu. Eta arratsaldeko saioaren gai bat aurreratu zuen: Heriotza aurreratzeko desioa.
Huraxe aukeratu nuen nik, aspaldian interesatzen zaidalako lantzean behin jasotzen dugun hil nahi hori. Nerea Alonso psikologoak eman zigun honi buruzko tailerra. Nola erantzun hil nahi duen pertsona bati, gaixotasunaren testuinguruan eta bizitza mehatxatzen duen egoera batean. Gaixo larri eta sendaezinen artean heren batek horrelako desioak adierazten dituzte, espontaneoki %10ak, eta galdetuta %30ak. Desio dinamikoa da, gora eta behera doana, eta anbibalentea da. Bizitzeko gogoa daukate, baina ez edozein modutan, ez sufrimenduarekin, bakardadean, tristura sakonarekin. Ondo aztertu behar dugu egoera, depresioa da? Zergatik dago horrela pertsona? Laguntza oihua da, suizidioan ere oso antzekoa da. Zama ez izatea berarentzat, burujabetza mantentzea amaiera arte, kontrol sentsazioa berreskuratzea.
Profesional moduan, ataka zail hauek aurreikusi beharko genituzke, eskuragarritasuna erakutsiz. Rol play bat izan genuen tailerrean, eta esaldi batekin gelditu nintzen, medikuarena egin zuenak “gaixoa”-ri galdetu ziona: Badago zerbait berreskuragarria zure bizitzan? Zerk ematen dizu bizipoza? Fondoan, ez dago esaldi magikorik. Entzutea eta errespetatzea, isiluneak baliatzea, zintzotasuna eta apaltasuna gakoak dira, lotura terapeutikoa lortuko badugu. Bizitzan aurrera, bihotzak irabazten du eremua burmuinaren aldean. Segurtasuna bilatzen dugu arlo kognitiboan hasieran, baina denborarekin “ez dakit” esaten ikasten dugu. Elkarrizketaren amaieran, garrantzitsua da laburpen bat egitea, jasotakoa borobiltzeko.
Geure atzoko jardunaldiaren bukaeran ere, borobiltze bat izan genuen, umorearen bidez hain zuzen ere. Jose Ignacio Ricarte Eivissatik etorri zen. Umorearen zentzua, denok daukaguna, baina landu behar duguna. Eta zabaldu, besteei kutsatu. Badakigulako “uhin txarrak” zein erraz transmititzen diren. Kexatu ordez, eskertu. Itxaropena transmititu (lehenago aipatu duguna). Eta animaliak alboan izatearen onurak. Bizitzaren gauzak, Jose Ignacio duela ia 30 urtetik ezagutzen dut, beste honetan ere elkarrekin egon gara. Eta, bere aholkuari jarraituz, banoa txakurrarekin mendira. Hurrengoa arte!