Juan Gelman.

Asteon zendu zaigu Juan Gelman poeta argentinarra. Jasotako sariak, bere militantzia politikoa, eta seme-errain eta bilobari milikoek egindakoak aireratu dituzte bateko eta besteko hedabideek

Juan Gelmanenganako zubia beste Juan batek eraiki zidan 70eko hamarkadan: Juan Cedronek hain zuzen,  Gelmanen poemak  maisuki musikatu zituenean.

Argazkitan bakarrik ikusi dugu. Aurpegi argal zimurrez betea, asko ikusi eta bizitza gogorra egokitu zaionaren begirada sakona, eta sufrimendua azaleko  ildo bakoitzean. Galdutako biloba aurkitu izanaren poza, ete  diktadurak lapurtutako seme-errainen galerak eragindako pena gaindi ezinaren tristura, biak batera  islatzen duen aurpegia.

Cedronek  Gelmanen poemak musikatu zituenean, anabasa eta oinazea ziren nagusi euren jaioterrian. Musikariak eta poetak bat egin zuten hainbat erronketan, eta argitaratutako  doinu eta hitzetan  iraultzailearen aldarria aurkitzen dugu. Kupida gabe kolpatu eta urperatzen duen tsunamiari aurre egiten  dio duintasunez montonero militanteak. Hizkuntzaren iraultzaile eta iraultzaile sozialak; iraultzaile globalak.

70. hamarkadako Gelman militanteak bizirik dirau  hainbat poema eta  kantetan. 1976an  Argentinako matxinada militarreko urtean, berak idatzi eta Juan Cedronek musikatutako Cantata del gallo cantor  grabatu zuen Frantzian Cedron laukoteak.

Hirurogeita hamaseian  Argentina eta Espainiak bide politiko kontrajarriei ekin zioten.  Batean milikoak (Videla eta lagunak) boterera, bestean diktadore militarra lurperatu berri. Bi herrialdeek abiatutako bideak desberdinak izanagatik hainbat parekotasun aurkitu daitezke aipatutako kantatan. Ez ditut egoerak parekatuko Argentinan desagertutakoek, lapurtutako umeek eta bidegabekeriek ez dutelako parekorik mundu zabalean, baina Cedron laukoteak Paco Ibañezekin batera abestutako kanta hau (Cambios) entzuten baduzu, ikusiko duzu zein gertukoa egiten zaizun Eugenioren historia,  eta ze parekotasun gordetzen dituen Itziarren semearenarekin adibidez. Seguru Kantata beraren Cartas izeneko garrasi mingarri eta tragikoak ez dizula urrutiko egoera sinestezin bat ekarten gogora.

Juan Gelmanek narrutik ordaindu zuen talde politiko-militarraren kide izana. Zorrak kitatuta hainbat sari jaso ditu bere poetikaren aitortzea moduan. Tartean Cervantes eta Reina Sofia sariak.

Espainiako erreinua talde politiko-militarreko kide ohiari sariak ematen! Handiagoak ikusiko ditugu!

Joan zaigu Juan Gelman, bere poemak, bere tragedia eta bere historiarekin.

Agur betiko.

Sefiní

basta por esta noche cierro
la puerta me pongo
el saco guardo
los papelitos donde
no hago sino hablar de ti
mentir sobre tu paradero
cuerpo que me has de temblar

Urtarrilaren 11ren bezperan.

Gurean ia ezerk ez gaitu harritzen espainiar estatuaren jokamoldeei dagokionean, eta gutxiago  Ezker Abertzalea tartean dagoenean.

Urtarrilaren 11ren bezperatan osasun arazoek ohera  lotuta izan naute eta lanetik ezin izaten dudan bezala jarraitu ahal izan dut Velasco epailearen manifestazio  debekua eta inguruko gora behera guztiak.  Aurrez mila bider ikusitako film bat eskaini digute hedabideek: Guardia Zibilak bururik ere ez duen txosten bat egiten du (Egunkaria, Nafarroako D eredua eta beste askok osatzen dute zerrenda), Entzutegi Nazionalean izen eta ospe egarria duen, edo agian botere politikoarekin  zorretan dagoen epaile bat (Velasco, Del Olmo,…) aurkitu, eta operazioa martxan dago.

Politika distantziatik jarraitzen dugunontzat ez da erraza izaten analisi sakonak egitea.  Ez dakit koiuntura bati erantzuten dion Velascok hartutako erabakiak, hau da urrutiegi joan dira presoak eta estatuak kolpe bat eman beharra dauka bere agintekeria garbi uzteko, ala Ezker Abertzalearen aurkako estrategia sakonago baten aurren gauden, presoak etxetik urruti bahituta edukiaz Sorturen estrategia politikoa edo independentzia nahiak lotzeko estrategia alegia.

Arratsaldea aurrera joan ahala nire baikortasuna eta ilusioa piztu duen albistea iritsi da: Andoni Ortuzar eta Asier Arraizek prentsaurreko bat emango dute arratsaldeko 7etan. Edukiak ezagutu gabe, argazkiak izugarrizko balioa du eta bide berriak urratzeko balio beharko luke.

Ez diet eskatzen  Sorturi eta EAJri beren ideologiei uko egitea, baina bai herri honek dituen herri-arazoei aurre egiteko gutxieneko batzuk adostea. Ez dut uste erabakitze eskubidearen egikaritzarik ikusiko dugunik epe laburrean, baina iruditzen zait, bitartean, euskal errepublikaren oinarriak sendotzeko lan asko egin dezaketela arazo garrantzitsu askoren aurrean jarrerak adosten. Duda barik presoen gaian, baina baita ere herritarren parte-hartze prozesuak arautzen, Euskal Curriculumari bultzada ematen, euskararen erabilpena sustatzen e.a.

Zorionak, eskerrik asko biei, eta ea aurrerantzean bide beretik jarraitzen duzuen ahal dela oraingoan falta izan diren batzuk dinamika honetara biltzen.

Orain prentsaurrekoa ikustera.

Etorkizun hobeago baten esperantzatan

IMG_0497

Gabonez eta gabon oporrez guztia esanda dago.  Aldeko iritziak adina  dira  aurkakoak.  Argudioak ere ezagutzen ditugu. Hor konpon!. Aurkakoek eta aldekoek ospatzen ditugu jaiak. Bakoitzak bere eran.

Aurten Piriniotako aterpetxe bat aukeratu dut urte amaieraren ospakizunetatik ihes egiteko, izan ere  ez dut alde handirik ikusten abenduaren 31 eta urtarrilaren 1aren arteko mugaren, edota otsailaren 28 eta martxoaren 1aren artekoak alderatuz gero. Segundu bat, edo gutxiago segun eta nola neurtzen dugun.

Aterpetxean egon naizenez ezin izan dizuet opa izan bizitza hobeago eta zoriontsuago bat etxekoei, gertukoei, lagun eta lankideei. Hori ere egin beharra dago.

Elurretatik jaitsita, 2013 negargarria (horrela izendatzeko arrazoi asko daude)  baino zerbait hobea opa dizuet denei etorkizun hurbilerako. Askoz hobea.

Eta zuri ere bai, ohituraz edo kasualitatez blog honetara sartu zaren horri, etorkizuna iragan hurbila baino dezente hobeto joan dakizula. Benetan.

2013-12-30 17.30.40

 

Belatxaren bidaia.

Musikak bidaiatu egiten du. Airez  zentzu hertsian, baina baita kulturatik kulturara edota herritik herrira zentzu metaforikoagoan. Euskaldunok ere jakin izan dugu maileguen merkatu horretara jotzen besteen doinuak hartu eta gureak eskaintzeko. Bi adibide aipatzen dira behin eta berriro: Geuria da ta geuria aspaldi kantatzen genuen euskal kantaren doinu israeldarra, eta Uso xuria errazu kanta zoragarria, Europaren erdialdeko haur edo sehaska-kanta baten doinuz egina.  Berriagoak dira Benito Lertxundik eta beste batzuk zeltiar doinutegitik maileguan hartutakoak.

Ez gara inportatzaileak soilik izan, eta gogoan dut gure osaba Anbrosiok kontatzen zigula Rimski Korsakov-ek konposatutako Scheherezade poema sinfonikoaren mugimendu bat (buruz nabil baina uste dut hirugarrena dela), Agate Deunaren kantetan oinarritzen zela. Antza Rimski Korsakov  merkantzia ontzi bateko kapitaina izanik, Pasaiara egindako bidaia batean entzun zituen Agate Deunaren bezperako kantak eta liluratuta beretzat hartu zuen hain gurea den doinua.

Bidaiak, kultura beraren osatzaile desberdinen artean ere gertatu izan  dira, eta euskal elizak gure kantutegi herrikoia erabili duen bezalaxe, musikariek eliza doinuak erabili izan dituzte. Adibide bat, Hona bildots eztiaren musika harturik Oskorrik kaleratutako Guretzat berdin dira.

Gehiago ere aurkituko genituzke baina duela urte batzuk atentzioa eman zidan bat aipatu nahi dut, Ximun Haran zendu berriari omenaldi xume gisa. Gauza jakina da 50eko hamarkadan Ximun herriz herri ibili zitzaigula magnetofoi zahar bat hartuta kanta zaharrak biltzen. Horrela zioen Elkar argitaletxeak Xiberoko kantüak izenarekin 2003an argitaratutako CD batean Ximun Haranek berak.  Queheille Altzürükü-koak Belatsa kantatu zuen gau batean, letrarik gabeko kanta benetan ederra, gabirai baten hegaldia imitatzen duena. Queheilleri entzuten genion bitartean Michel Eppherrek ahopeka esan zidan: bera da kantatzen dakien bakarra, berarekin batera desagertuko da kanta ere. Entzundakoak kezkatu egin ninduen, eta horrela, Frankfurt-era joatea erabaki nuen Grundig bat erostera.

Belatxa, Belatsarena bezala ere ezagutu dugu, eta doinu eder bezain zirraragarria izan arren ez da gure artean oso ezaguna egin, agian hitzik gabea delako.

Baina gure herriko mugak zeharkatu dituen horietako bat da. Jan Garbarek saxofoi jotzaile norbegiarrak The Hilliard Ensemble ahots laukote britainiarrarekin grabatutako Mnemosyne CD bikoitz batean Mascarades izena duen inprobisazio bat aurkitu nuen (… puisque nous improvisons tous et qu´aucun de nous ne sait ce qui va se passer ensuite). Eta zein uste duzue zela izenburu horren pean inprobisaziorako erabili zuten doinua? Bada horixe: Belatxa edo Belatsarena.

Bai urruti egin dreuela hegan, hiltzear egonik Queheille eta Haranen artean berpiztu zuten Euskal Herriko gabiraiak!

Asko asko pozik nago!

Lau t´erdiko finala hastear dago eta butakan eseri naiz zirraragarria dirudien partida ikusteko asmoarekin. Ez dut plan hoberik aurkitu larunbat iluntzerako. ETB sat-en saskibaloi partida bizi bat ari dira ematen Ilunbetik. Unicajakoek aurrera egin dute markagailuan arbitroen laguntzarekin. Horrela ulertzen dute behintzat Ilunbeko ikusleek, eta baita neuk ere nire jarlekutik zaleen txistu eta orroek kutsatuta.

Ezin biak batera ikusi eta tarteka ETB1era jotzen dut berehala saskibaloikora itzultzeko kirol zapinga eginaz. Magia kontua behar du, baina markagailua parekatzea lortu duten gureek.

Berriro pilotara Mz. De Irujo agintzen hasi da, baina Aimarren huts bati beste batekin erantzuten dio Juanek. Hala ere gehiago dira oraingoz Aimarren hutsak.

Gipuzkoa Basketek aurrea hartu dio Unicajari eta amaiera bero baten eskaintzari ezin uko egin. Katetik katera keinuka, biekin batera jokatzen dut saskibaloiari kasu gehiago eginaz orain.

Amaitu da partida gureen garaipenarekin. Zoramena Ilunben. Kazetariak Doblasi egin nahi dio elkarrizketa, eta nire harridurarako ea euskaraz ausartuko den galdetzen dio pibot kantabriarrari. Galderak euskaraz egiteko erantzuten dio eta horrela hasten dira. Kazetariak euskaraz digante kantabriarrak gazteleraz. Eta kanpotarra euskara ikasten saiatzen ari dela ikusirik, burura datorkit sasoi batean pilotalekutan ikusten genituen pilotari euskaldun bik, euskara transmititzeari uko egin, eta gaur beren seme pilotari erdaldunak pilotalekutan ikusten ditugula eskerrik asko edo gabon triste bat esateko gai ere ez direla, edo are okerrago, jarrera konsziente batez euskaraz hitz egiteari eta jakiteari uko egiten diotela ez dakit zeren izenean.

Azkeneko galdera egin behar diote Doblasi eta unea nola bizi duen  galdetu dio kazetariak. Asko, asko pozik nago erantzun dio Doblasek.

Handia! Behin egonda nago Ilunben duela urte dezente. Granadaren aurkako partida bat zela uste dut. Andy Handia! Irakur zitekeen pankarta batean Andy Panko aipatuz. Doblas Handia! atera zitzaidan. Lehen mailako jokalari kantabriarra kazetariari galderak euskaraz  egiteko gonbitea eginaz eta ahal duenean ahal duen moduan euskaraz erantzunaz.

Eta pentsatzen dut ostikoka ibilitako txakurrak baino gutxiago behar izaten dugula euskaldunok gustura egoteko.  Gure hizkuntzarekiko, eta beraz gurekiko, errespetuzko jarrera sotilena aski dugula solaskidea miretsi eta txalotzeko. Horrela izanda ere, eskerrik asko Doblas.

 

Etakideak D ereduan doktrinatzen

Herri honetan oso uste zabaldua da Espainiako eskuinak ETAren beharra duela askatasunen murrizketen bidean azken muturreraino egiteko. Denbora bat da ETAk bere jardun armatuari uko egin ziola zorionez, baina etsai bila jarraitzen du bere zigor politikak gogortzeko legitimazio bila; izan  kartzela politika,  izan zigor kodea, izan herritarren ziurtasunerako lege berria.

Guardia zibilaren laguntza ordain ezinaren bitartez jakin dute Nafarroako D eredua etakidez erabat kutsatu zaiela UPNko gobernuek arazo txikiagoei begiratzen zieten bitartean. Orain arte Nafarroako Gobernuek, bertako gizarteak, D ereduko ikasleen gurasoek edota Pisa azterketek ikusi ez dutena, Ahumadako dukearen seme-alabek ikertu eta frogatu dute.

Eta nola lortuko zituzten frogak? D ereduan matrikulatutako guardia zibilen seme-alabak izango ote ziren abisua etxera eraman zutenak ? ala D ereduko irakasleen zerrenda hartu eta  hau LABeko ordezkari sindikala denez, lista beltzera; honek jardun politiko ezagunik ez daukanez  libre; beste hau herriko hauteskundeetan koalizio independente baten izenean aurkeztu zen, beraz zerrenda grisera; bestea ezker abertzaleak aurkeztutako hautagaitza horietako baten 25. postuan agertu zen zerrenda beltzera beraz, eta horrela banan bana irakasle guztien bizitza publikoan aurki zezaketen arrastoak ebidentzia bihurtuaz osatuko ote zituzten infiltratuen zerrendak?

Nire lagun nafar batek esan dit, nire ustearen aurka, guardia zibilek ez dituztela beren seme-alabak D ereduan matrikulatzen. Beraz bigarren bidea erabiliko zutela pentsatu behar.

Bidea edozein dela, beste inork ikusi ez duena frogatzea lortu dute: D ereduko irakasleen %5a ETAren aginduetara ari dela geletan doktrinamendu lanetan. Aitzakia perfektua gizarteak errefuxatzen duen eskuineko Gobernuak arnasa har dezan, euskara sustatzearen aurka populazioaren %34,5a duen gizarte nafarrean.

Ez du axola azkeneko PISA azterketak Nafarroako hezkuntzaren emaitzak (eta emaitzak oso garrantzitsuak dira) Estatuko maila gorenean eta Europako eta OCDEko estatuen artean lehenengo hamarren artean kokatu izana zientzia eta matematikan, eta hamabigarren irakurketa gaitasunean. Kontua da euskara eta euskal irakaskuntza politizatzea  eskuinaren politikak justifikatu eta  UPNren Gobernuari arnasa emateko.

Oraintsu jakin dugu PPko parlamentari batek esanda txosten hori ez dela existitzen eta numero batek egindako ariketa bat izan dela eskalafoian gora egiteko asmotan edo. Numero galanta antolatu  du numeroak!

Baina ez pentsa atzera egingo dutenik. UPNko Gobernuak arnasa hartu du eta bere aldekoen eta euskararen aurkarien (eta dezente dago Nafarroan) konfiantza irabazi du. Oraindik emango du zeresana gaiak, eta bide batez herritarren  ziurtasuna bermatzeko lege berriak iragartzeko balioko du.

Endesa zure zerbitzura

Bilboko lagun batek dio urte amaierarekin konprometitutako  gastuak doitzeko sasoia iristen dela. Orduan hasten omen zaio ordainketak aztertzen eta aldizkari honetan baja, elkarte honetatik irten, bazkidetza hau kendu, Bilboko Athleticen bazkide txartelarekin bakarrik geratzen omen da berriro hutsetik hasteko. Bere zeroak Bilboko Athleticen urteko kuota barruan darama.

Bizi dugun krisiak akuilatuta nik ere gauza bera egitea erabaki dut. Argindarra asko igo omen da, eta hara! Endesarekin dudan kontratu honetan 5,6 kw ditut kontratatuta. Hainbeste behar ez dudanez, doikuntza hori egingo dut. Telefonoa hartu, ahotsa afinatu, eta bezeroaren arreta telefonoa markatzen dut.

Kaixo Sheila Maria naiz; zertan zerbitza zaitzaket? Dio hegoamerikar azentuko ahots melenga batek. Zer nahi dudan kontatzen diot eta nire datu guztiak eskatzen dizkit: NAN zenbakia, kontratu zenbakia, izan-deiturak, helbidea,… lehen arazoa: Jauna! nik dudan helbidea eta zuk emandakoa ez dira bera. Ba andereño, zurea zuzendu beharko duzu…

Bat-batean beste ahots bat entzuten dut.

Kaixo Eva Belinda naiz; zertan zerbitza zaitzaket? Dio ahots gozo antzeko batek. Nire eskaera azaltzen diot eta datuak eskatzen dizkit berriro. Nire konstante bitalak azkartzen hasten dira. Hara! nik potentzia murrizketa bat besterik ez dut nahi. Bai jauna, baina suerteko zaude. Endesako bezero pribilegiatua zara eta zure faktura guztietan %10eko beherapena egitea erabakita dauka konpainiak. Nik, bada eskerrik asko eta orain goazen nire deiarena konpontzera. Ez baina beherapenaren baldintzak irakurri behar dizkizut. Aizu nik ez dut beherapenik eskatu, eman nahi baldin badidazue hartuko dut, baina nik potentzia murriztea nahi dut.

Kaixo Elisa Doroty naiz; eta beherapena eskatu duzunez kontratua irakurri behar dizut. Zazpi-zortzi minutu baino ez dira izango. Aizu andereño. Zer pentsatzen duzu? Ni orain zortzi minutu telefonotik eskegita edukitzea eskatu ez dudan gauza bat emateko? Zenbat kobratzen duzue deiagatik? Dohainekoa da jauna. Konforme! Baina nik ez dut beherapenik nahi. Bilboko lagunak, eta beste batzuk, beherapenari uko egiten entzungo balidate esango zutena pentsatzen ari naizela,

Kaixo Eva Cristina naiz; dagoeneko ez melenga, ez gozoegi, ez ezti, gogaikarria baizik iruditzen zaidan ahots batean. Zure datuak behar ditut, etab. Lasaitasuna galdu gabe (ez du gauza bera pentsatuko beste aldean dagoen telefonistak), saiatzen naiz azaltzen (?) ez dudala gehiago aguantatzen, potentzia murrizketa baterako deitu dudala, hitz egiten dudan laugarren pertsona dela oraindik ezer konpondu gabe, eta bat-batean nire eskaera betetzen ez badute konpainia aldatuko dudala, eta…

Kaixo Roberto Cesar naiz jauna. Potentzia murrizketa bat eskatzeko deitu duzu  zure datuak behar ditut mesedez.  Alajainkoa! (edo antzeko erbait gazteleraz) bosgarren bat aldaketa xume hau egiteko? Ez da posible. Jauna! Ni naiz potentzia murrizketak egiteko arduraduna. Eta zertan eduki nauzue orain arte? Hau ulertezina da… eta holakoetan galtzen hasten naiz nire buruko kirio guztiak zirkuitulaburtuta.

Datuak hartu, eta aldaketa eginda dagoela esaten dit. Nire konstante guztiak desorekatuta, izerdi tantak bekokian behera, bihotz taupadak elite kirolaria esfortzu handiena garatzen ari denean legez eta arnasestuka, telefonoaren offa sakatzen dut, gaurko nire batailan garaile atera naizela konbentzituta, baina hurrengo faktura iritsitakoan berriro galtzailearen bandoan egongo naizenaren beldurrez.

Inork ez al dizkie mugak jarri behar elektrindar eta telefoniako oligopolioen praktika txarrei?

Piano jotzailea

Egunero etxean zortzi orduz pianoa jotzen aritzen zen pianistaren kasua epaitegietara iristea eta epaileen ebazpenak zeresana eman dute astean. Zer eta pianoa jotzearren epaiketa bati aurre egin beharra.

Irudimena martxan jarri eta piano-jotzaile gazte bat irudikatzen dugu adagio gozo eta doinu eztiak ateratzen pianoaren teklei, eta paretaren  bestaldean adineko emakume ernegatu edo histeriko bat burua erruloz josita, garrasi batean, eskoba kirtenarekin pareta joaz.  Agian, gutxi batzuk, alde batean Far -westeko piano jotzaile iskanbilatsua lagunak ondoan txaloka, eta paretaren beste aldera etxekoandre gozo  eta sentibera bat beste aldetik ateratzen diren doinu desarmonikoak jasan ezinik negarrez zotinka.

Seguru asko ez da ez bat ez bestea izango. Baina niri dagokidanez, ez nuke paretaz pareta egunero zortzi orduko entseguak egiten dituen musikalari profesional bat eduki nahi, ezta Keith Jarret edo Iñaki Salvador bada, edo berdin Yo Yo Ma edo Elina Garanca. Oso gustura ordainduko dut  hauek entzuteagatik, baina nahiago dut euren entseguak nire bizilekutik urruti samar egiten badituzte.

Gai korapilotsua da. Alde bien jarrerak uler ditzaket. Bulegoa tokiz aldatu behar izan genuen behin, goiko pisuko emakumeak ezin zituelako jasan bulegotik iristen zitzaizkion zaratak. Bulegoa bulego bezala erabiltzen genuela esan behar dut badaezpada. Bestalde, zapatuko goizeko bostetan ari naiz idazten kaleko zaratek iratzarri nautelako.

Nola lotu pianoa jotzeko eskubidea, auzokoen etxean atsedena hartzekoarekin? Ez da erraza, baina bizi dugun zarataren kultura honetan, Pirinioetatik beherako administrazioek ez diote arazoari behar bezala heldu nahi izan orain arte. Dirudienez kutsadura akustiko eza ez da ongizateaz duten kontzeptuan sartzen. Gaia ez dago euren agendetan.

Ni Malala naiz.

Aurreko zapatuan Donostiako Gipuzkoa Solidarioak antolatu zuen erakusketako stand batean egotea egokitu zitzaidan. Standa GKE batena izanik, elkartasunarekin lotura duen materiala  zegoen bertan. Tartean Yo soy Malala liburua.

Liburuak atentzioa ematen zuen eta batek baino gehiagok erosi nahi izan zuen. Malala Yousafzai, muga guztiak gainditu dituen fenomeno bihurtu da. Fenomeno eta eredu baikorra. Horregatik bakarrik merezi du irakurtzea miresmena irabazi duen neskatxa borrokalari honek argitaratutako liburua. Irakurterraza da eta oso gordina.

Jaio nintzenean gure herrixkako biztanleak gure amaz errukitu ziren eta inork ez zuen nire aita zoriondu.  Esaldi esanguratsu horrekin ematen dio hasiera liburuari. Esaldia latza izanik, latzagoa da talibanen lurraldean neskei egokitzen zaien bizitza moldea. Ez dut Swat ibarra ezagutzen baina bai  mapan oso urruti ez dagoen Hushe ibarra, eta bertan izan naizen pare bat alditan ez dut emakumerik ezagutu; ez dira existitzen. Ez dira eskolaratzen ez dute lanik egiten ostatu, denda edo azoketan. Ahalik eta azkarren ezkon araztea da gurasoen xedea. Baltistan Fundazioak egindako lanari esker oraintsu hasi dira neskak eskolara joaten, eta hori Hushe ibarrean ez dagoela horren aurka egiten duen taliban mugimendurik. Oraingoz.

PNUDek (Garapenerako Nazio Batuetako Programak) argitaratutako Giza Garapenari buruzko txostenaren arabera Hego-Asia da txiro dimentsioaniztun gehien duen eskualdea. 186 herrialdek osatzen duten sailkapenean Pakistan 145. da, Swateko ibarrarekin muga egiten duen Afganistan 172., eta India 134.  

Txirotasun dimentsioaniztun indizeak etxalde eta familiei eragiten dizkien hainbat aldagai aztertzen ditu: ur edangarria eskura izatea, janariak prestatzeko erabiltzen den erregaia, osasun zerbitzuen gertutasuna, edota familiek dituzten ondasunak, eta etxebizitzak eraikitzeko arauak dira horietako batzuk.

Nuklear bonbarik izatea edota armada eta armamentuan egindako gastua ez du zorionez neurtzen, baina neurtuko balu herrialde hauek (Pakistan eta India bereziki), berez  ez dagozkien postu aurreratuetan agertuko lirateke.

Liburua irakurriaz konturatzen zara euskaldun izatea beti nekeza eta batzuetan aspergarria bada, zein nekezago, zailago eta gogorragoa den herri horietan neska jaio izatea.

irakurtzea gomendatzen dizuet, aurreiritziak baztertuta, eta boom editorialok zerbait ezkutatzen dutela pentsatu barik,  beti ez delako horrela izaten.

Igeldotik Bergarara

Izenburuak zentzu betea dauka niretzat. Igeldo auzoan (oraingoz horrela deitu beharko diogu) ordu asko eman nituen gaztaroan. Gida baimenik izateko adinik ez geneukanean oinez joaten ginen lagunak Valentinetik gora. Lagun taldeko lehenengoak karneta atera ondoren bere etxeko  600a libre zegoenetan, pilota eta palak hartu eta bertako pilotalekura jokatzera. Partidak izan ala ez, ez zen sagardorik falta izaten guztion patrikak urratu eta hiru duro biltzea lortzen genuenetan.  Gero, hogei urte eskasekin Buenabistako terraza ezagutu genuen eta unibertsitateko klase aspergarrietatik ihes egiteko aitzakia bihurtu zen udaberriko arratsalde epeletan.  

Handik Bergarara. Urte askoan lan egin dut Aranzadi Ikastolan. Herriarekin izan ditudan loturak ez dira lan kontuetara mugatzen, bertakoa baita nire seme-alaben  ama.

Ez dut aurreko asteburuan bi herri/auzo hauetan gertatutakoaz hitz egingo. Ezagutu ditugu bi erreferendumen emaitzak, eragileek elkarri egindako akusazioak eta  bozketen inguruko gogoeta partzialak.   

Gure politikoek maiz hitz egiten dute herriari hitza emateaz, prozesu parte hartzaileez, Suitzako ereduaz, edota lau urtetik lau urterako bozketetara deitzen duen demokrazia eredua eraldatu beharraz. Baina hitzok desagertu egiten dira norberaren politikak gauzatzeko ordua iristen denean. Batzuk ez dute gaur arte erreferendumik deitu gobernatzen izan direnean, eta besteek euren estrategiekin bat datozenak  bakarrik hartzen dituzte aintzakotzat. Badirudi alde horretatik alperrik joango dela legealdia.

Gipuzkoan ba omen dago herritarren parte hartzea arautzen duen arautegi bat. Omen dago diot,  ondo gordeta dagoelako herritarrek ezagutu ez dezaten. Ez da lan pedagogikorik egin. Parte hartzeaz eta demokraziaz hitz egitea ondo dago, baina kontzeptu hauetan sakontzea eta herritarrek eskubideak egikaritzeko dituzten aukerak eta bideak argitzea beste kontu bat da.  

Demokrazia ez dela 4 urtetik 4 urtera botoa ematea  aldarrikatzen dugu, eta harrotasunez esaten dugu herri honek batzarretan oinarritutako tradizio demokratiko sakona garatzeko eta gordetzeko gaitasuna izan zuenez,  Suitzarrek duten antzeko sistemak gurean ezartzea ez litzatekeela arazo izango, eta bai erabaki egokia. Baina hitz egiteaz aparte ezer gutxi egiten da emaitzak aurkakoak izan daitezkeela sumatzen denean. Norberaren komenientzien arabera deitzen dira erreferendumak Gipuzkoan. Beste lurralde batzuetan deitu ere ez.

Beldur naiz legealdi galdua izango dela 2015ean amaitzen den hau, demokrazian sakontzeko, sinetsi,nahi, eta  adostasun zabal eta sakonak behar direlako. Eta horiek ez dira epe laburrean iritsiko.

Hurrengoan? Auskalo!