Etakideak D ereduan doktrinatzen

Herri honetan oso uste zabaldua da Espainiako eskuinak ETAren beharra duela askatasunen murrizketen bidean azken muturreraino egiteko. Denbora bat da ETAk bere jardun armatuari uko egin ziola zorionez, baina etsai bila jarraitzen du bere zigor politikak gogortzeko legitimazio bila; izan  kartzela politika,  izan zigor kodea, izan herritarren ziurtasunerako lege berria.

Guardia zibilaren laguntza ordain ezinaren bitartez jakin dute Nafarroako D eredua etakidez erabat kutsatu zaiela UPNko gobernuek arazo txikiagoei begiratzen zieten bitartean. Orain arte Nafarroako Gobernuek, bertako gizarteak, D ereduko ikasleen gurasoek edota Pisa azterketek ikusi ez dutena, Ahumadako dukearen seme-alabek ikertu eta frogatu dute.

Eta nola lortuko zituzten frogak? D ereduan matrikulatutako guardia zibilen seme-alabak izango ote ziren abisua etxera eraman zutenak ? ala D ereduko irakasleen zerrenda hartu eta  hau LABeko ordezkari sindikala denez, lista beltzera; honek jardun politiko ezagunik ez daukanez  libre; beste hau herriko hauteskundeetan koalizio independente baten izenean aurkeztu zen, beraz zerrenda grisera; bestea ezker abertzaleak aurkeztutako hautagaitza horietako baten 25. postuan agertu zen zerrenda beltzera beraz, eta horrela banan bana irakasle guztien bizitza publikoan aurki zezaketen arrastoak ebidentzia bihurtuaz osatuko ote zituzten infiltratuen zerrendak?

Nire lagun nafar batek esan dit, nire ustearen aurka, guardia zibilek ez dituztela beren seme-alabak D ereduan matrikulatzen. Beraz bigarren bidea erabiliko zutela pentsatu behar.

Bidea edozein dela, beste inork ikusi ez duena frogatzea lortu dute: D ereduko irakasleen %5a ETAren aginduetara ari dela geletan doktrinamendu lanetan. Aitzakia perfektua gizarteak errefuxatzen duen eskuineko Gobernuak arnasa har dezan, euskara sustatzearen aurka populazioaren %34,5a duen gizarte nafarrean.

Ez du axola azkeneko PISA azterketak Nafarroako hezkuntzaren emaitzak (eta emaitzak oso garrantzitsuak dira) Estatuko maila gorenean eta Europako eta OCDEko estatuen artean lehenengo hamarren artean kokatu izana zientzia eta matematikan, eta hamabigarren irakurketa gaitasunean. Kontua da euskara eta euskal irakaskuntza politizatzea  eskuinaren politikak justifikatu eta  UPNren Gobernuari arnasa emateko.

Oraintsu jakin dugu PPko parlamentari batek esanda txosten hori ez dela existitzen eta numero batek egindako ariketa bat izan dela eskalafoian gora egiteko asmotan edo. Numero galanta antolatu  du numeroak!

Baina ez pentsa atzera egingo dutenik. UPNko Gobernuak arnasa hartu du eta bere aldekoen eta euskararen aurkarien (eta dezente dago Nafarroan) konfiantza irabazi du. Oraindik emango du zeresana gaiak, eta bide batez herritarren  ziurtasuna bermatzeko lege berriak iragartzeko balioko du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude