Tokikom Jardunaldiak

 

Tokikomek antolatutako jardunaldietan izan naiz, eta  duela pare bat urteko lagunak, ahazten ez direnak, agurtzeaz gain, erakundeak eta mugimenduak  bizirik, ekintzaile eta sortzaile jarraitzen duela baieztatu ahal izan dut. Lagun (lankidetasuna gainditzen dutenak) asko agurtu ditut. Ez ditut denen  izenak zerrendatuko ez nukeelako amaituko, baina hiru aipatuko ditut, ze arraio: Alaitz, Joxe ata Urko (Jarri zeuek zeuen izenak nahi duzuen urrenkeran) hain zuzen, lanean  jo eta ke, eta ondo, jarraitzen dutela erakutsi dutelako.

Jardunaldia oso interesagarria iruditu zait teoriatik eta hodeietako abstrazkzioetatik ihesik proposamen zehatzetara jaitsi eta eredu arrakastatsuak ezagutzeko aukera eskaini dizkigulako goizean zehar.

Baita Toikikom sariak ezagutzekoa ere. A ze poza eman didan izen batzuk entzutea eta gertuko lagunen lan batzuk sarituak izan direla ikustea. Batzuk ez dira oso sarizale eta horrela agertu dira ekitaldian.  Nik beti defendatu izan dut lan onek aitortza bat jaso behar dutela; publikoarena bai, baina gertukoena, lankideena, erakundeena, zuzendariena… ere bai.

Sariketa kontua oso amerikanoa ei da etaTrumpen sasoi hauetan inoiz baino arrikutsuagoa, baina  sari hauek ahalbidetzen dute, aitortzaz aparte, kalitatearen korpus bat eratzen joatea. Urteen poderioz eta adituen aholku eta erabakien indarrez, askotan aipatu baina zer den definitu hahi ez dugun kalitate magiko horren ezaugarriak mugatuaz joateko aukera izan dezakegu. Errepikatu behar dut lau sarietatik bik zirrara berezi  bat eragin didatela. Eurak badakite.

Hitzaldien artean, Francesc Fabregasek publizitateaz  egin duenean aurkitu dut nire ispilua. Gurean (zilegi izan bekio erretiratu bati posesiboa erabiltzea) agertzen diren  arazo guztiak errepikatu ditu diagnostikoa egiterakoan: Banan bana. Ez ditut aipatuko han ginen  Tokikomkideok (Tokikomkideek eta ohiek zehaztu beharko nuke) inork baino hobeto ezagutzen ditugulako, eta ez dugulako zertan  gure akatsak behin eta berriz errepikatzen ibili beharrik. Baina ponenteari  kafe orduan esan diodan bezala, diagnostikoarekin bat, baina diagnostikoarekin batera banatzen dira euren eta gure bideak: Eurak gai izan dira publizitate salmentak arrakastatsuki  handitu era kurba esponentzial baten bidez marrazteko, eta guk berriz, nire denboran behintzat,  aireportua uzteko gai ez den hegazkinak bezala pistatik urrutiratu ezinik  jarraitzen dugu; edo genuen. Esperantza dut, beste batzuk jauzi hori egiteko gai izan badira gu ere izango garela. Ikasteko astebete euren etxean eman beharko genukeela  esaten ere ausartu naiz.

Makina bat hitzaldi labur ere izan ditugu. Betelanik ez. Zehatzak eta sakonak. Eta tokiko hedabide asko. Mugimendua bizirik, sekula baino biziago dagoen adierazle.

Dena gustatu zaidala ere ezin esan, baina irudi baikorrarekin geratzea nahiago dut jardunaldiak asko  izan duelako onetik eta gutxi txarretik.

Gaur ikusi duguna mugimenduaren bizitasunaren eta konpromisoaren argazkia bada, asko aurreratu dugu. Segi bide horretatik eta hurrengoan gogoratu Imserson ez gauden erretiratuez.

Abisau sikiera!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude