Uriola Bilbon

Uriola, uholdea, bat bateko ur etorri handia omen da. Gaur iristen da Bilbora. Euskal hiztun gehien dituen munduko hiriburura. Munduko gehien ez balitz ez litzateke Bilbo. Uriolak baina iragankorrak izaten dira,  indar handiz etorri eta poliki-poliki desagertzen dira. Ez nuke nahi izenak eta esanahiak bat egitea euskarazko hedabide berri honen historian. Hobe uriola baino gureagoa  den euri-lanbro edo zirimiri ater gabe eta oro bustitzaile bat bihurtuko balitz  munduko hiri euskalduneneko euskaldun guztiak blaituz.

Bilbok, komunikazio proiektu euskaldun integratzaile eta indartsu bat merezi du. Gaur arte ez da lortu Bilbo bakarrik kontuan hartuko duen hedabide euskaldunik. Ahaleginak izan dira, baina haatik edo besteagatik ez dute aurrera egin. Gaur uriola.info aurkeztuko dute Berton, Prest eta Bilbo hiria irratia hedabideek. Uriolaren sorrera oso gertutik jarraitu dudanez ezagutzen dut sustatzaileek Bilboko eragile euskaldun guztiak biltzeko egin duten ahalegin zintzoa. Batzuk ezeren truke jarri dira dagoeneko lanera eta euren  kolaborazioak bidaltzen hasiak dira etorkizun oparo bat iragarri nahian bezala.

Uriolaren sustatzaileek Bilboko euskaldun guztiak nahiko lituzkete beren inguruan: hedabide, norbanako, administrazio, alderdi, eragile sozio-ekonomiko, merkatari, hezkuntza, kirola, denak. Ez hori bakarrik, guztiei ahotsa eta euren berri emateko parada eskaini nahi diete.

Sortzez proiektu zabala, irekia, euskalgintzak sorturiko egitasmo guztiak bezala agertzen da: aberats asmotan, baina urri baliabideetan; eskas ondasunez baina oparo ilusioz. Munduan agintzen duen kapital finantzarioak ez du euskaran inbertitzeko gogorik. Euskara guretzat bakarrik da erakargarria eta itsulapikoak hutsik administrazioaren laguntza ezinbestekoa da bidea urratzeko. Administrazioak ere jasotzen du harreman honetatik ez baita egia eman bakarrik egiten duenik askotan euskalgintzako eragileei leporatu izan zaigun bezala.

Zailena eginda dagoela esan daiteke. Aurrerantzean, bilbotarrek eta beren ordezkariek horrela nahi badute luzerako izango dugu uriola.info eta bertatik sortuko diren proiektu berriak.

Gaur ezin izango naiz Uriolaren aurkezpenean izan aurrez hartutako konpromiso garrantzitsu batek eragozten didalako. Atzo bai. Atzo, Urumeako Kronikaren aurkezpenean izan nintzen. Lehen Hernaniko Kronika zena. Euskarazko hedabideen errekan urak indartsu datoz. Proiektu berriak ari dira sortzen. Berrikuntza, eraginkortasuna, sareak sortzea eta teknologiak dira proiektu berri eta berritzaileen ezaugarriak. Jarrai dezagun bide honetatik, indarrez, umiltasunez eta ahaleginak batuz indar handiz etorritako urak gurekin gera daitezen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude