Samina Baig

Samina Baig gure artean izango da hurrengo egunetan Baltistan Fundazioak eta Bilbo Mendi Festivalek gonbidatuta. Fundazioaren eskutik hitzaldi bat emango du asteazkenean, 9an,  arratsaldeko 7etan Bilboko Rekalde Aretoan. Samina Everesta igo duen lehen emakume pakistandarra da. Hunza Ibarrekoa da jaiotzez, eta Ibarrean emakumeen  ahalduntze eta genero berdintasunaren aldeko borrokan duen erreferentzilaltasunak eragin dion bizitza esperientziaz mintzatuko da.Samina Baig mendizale pakistandar gaztea.

Sarrera dohainik da, eta joaten bazarete Mikel Alonsok 2014an egindako bidaian osatu zuen argazki erakusketaz gozatzeko aukera ere izango duzue. Noski, 50 € baldin badituzue, Hushe Ibarreko neskato baten urte osoko eskola-matrikula ere ordaintzkeo aukera izango duzue. Berrogeta hamar euro asko badira lagun batentzat, beti dago bi, hiru edo gehiagoren artean finantzatzeko bidea. Baina hau erabat borondatezkoa da.

Saminak Beyond the eigths izeneko filma eskainiko du Mendi Festivalen programazioaren barruan.

 

Emakumeak eta kirola

Duela gutxi Aitziber Aranburuzabalak  iritzi bat eman zuen argitara Goienako Usteak uste atalean, emakume kirolariek beren jardueran dituzten oztopo eta oihartzun eskasa aipatuaz. Ez zuen arrazoirik falta, emakumeek alor honetan jasaten dituzten diskriminazioak ez baitute parerik bizitzaren beste arloetan. Adibide gisa, soldata ezberdintasunak edota lan egiteko baldintzetan dauden desberdintasunak. Pentsa zer soldata jasotzen dituzten futbolari gizonezkoek eta zer emakumezkoek entrenamendu berdinetara joanaz, bidaia berberak eginaz, eta urtean zehar partidu kopuru berdinak jokatuaz. Zer esan instalakuntzez; batzuek San Mamesen jokatzen badute besteek Lezaman egin beharko dute; batzuek Anoetan, besteek Zubietan

Diskriminazioak ez dira hor geratzen, noski, baina jarduera ekonomikoaren beste alorretan ez dut ezagutu horrelako diskriminaziorik onartu edo ezartzen dituen Lan hitzarmenik.

Komunikabideak aipatzen ditu iritzi artikuluan, eta uste dut hain zuzen ere, hedabideak beren jarduera editorialekin diskriminazio hauek areagotzen laguntzen dutela. Komunikabideek gizonezkoen kirolari eskaintzen dioten tarte bera eskainiko baliote emakumeenei  beste egoera baten geundeke, bai oihartzunaren ikuspegitik, bai  babesle kopuruaren aldetik, edota kirolak lanbide bezala eskaintzen duen ikuskeraren aldetik. Komunikabideek, orokorrean, desberdintasunak betikotzen laguntzen dute egungo egoeraren aurka politika sendoak ezartzen ez dituztelako. Hori bai, itxurakeriei egundoko arreta eskainiaz. Los-las, las-los edo jendartea gizartearen ordez idatzita arazoa konponduko balute bezala.

Goienak, gehiago egin dezake komunitatean txertatutako  hedabideak sortzea eta kaleratzea badu helburu. Jakina gizonezkoen kirola mediatikoagoa dela!  Baina ez al dauka gaztelerak berak euskarak baino eragin mediatiko handiagoa? Ez al zuten Goienak eta euskara elkarteek erabaki ez mediatiko bat hartu euskararen aldeko hautu garbia egin zutenean?

Honetan ere lan pedagogiko handia egin dezakeela uste dut. Berdintasuna bermatuko duten estrategiak eztabaidatu eta onartu baino ez luke egin behar, eta ez dut uste hori arazo bat litzatekeenik.. 

Hiru dama

Emakumeen eskubideen aldeko borrokak bide luzea du oraindik munduko lurralde askotan. Mendebaldean asko aurreratu da. Ez da gauza bera emakume Europan jaiotzea edo  Asiako hainbat naziotan jaiotzea.

Hiru dama aipatu nahi ditut hemen. Gazteak, Pakistaneko iparraldean sortuak hirurak. Emakume eta gizonen arteko harremanak erabat desorekatuak diren parajeetan. Mendebaldeko gure ikuskeratik emakumeak erabat diskriminatuta eta baztertuta bizi diren parajeetan.

Malala Yousafzai. Guardian.co.uk-ko argazkia

Malala Yousafzai. Guardian.co.uk-ko argazkia

Malala Yousafzai da lehena. Pakistaneko iparraldean dagoen Swat ibarreko herri batean sortua. Emakumeen  ikasteko eskubidea aldarrikatu eta gauzatzearren  talibanek tirokatua Mingoran 2012an. Heriotza gertu zuen Birminghaneko ospitale batera eramen zutenean.  Bere onera etorri ondoren, berak egin nahi duena egiten jarraitu nahi izan du , kosta ahala kosta, Bretainia Handian errehabilitazioaren zama pairatzen duen bitartean. Eskolara joan  nahi du talibanek gustuko izan ala ez. Ikasi

Samina Baig. Theindu.com-eko argazkia

Samina Baig. Theindu.com-eko argazkia

Samina Baig da bigarrena. Hunza ibarreko Shimshal herrixkan sortua duela 22 urte. Bere anaiarekin batera Everest mendia garaitu du duela egun batzuk First  Pakistani Gender Equality Mt. Everest expedition delakoaren barruan.Munduko mendi altuena garaitu duen lehen emakume pakistandarra da, eta espedizioaren goiburua ikusita meritu bikoitza du. Kirol arloko arrakastak baino, emakumeen aldeko borrokan erein duen haziak du balio handiagoa.  Hunza eta Swat ibarretako emakumeen egoerak ezin dira parekatu. Beste giro bat bizi dute Hunzan oraingoz. Baina emakumeen eskubideen alde lanean ari da Samina duda barik.

Kaniz Fatima

Kaniz Fatima

Kaniz Fatima da hirugarrena. Huhse ibarrean sortua:Machulon. Baltistan Fundazioarekin ari da lanean eskualdeko emakumeen bizitza maila hobetu guran eta emakume izatea duintasunez  bizi behar dela frogatu nahian. Fatimak ere garbi dauka zer nahi duen eta beste biak bezala emakumeen eskubideen aldeko borrokan konprometituta dago. Egoera aldatzea nahi ez dutenen esamesek eta txutxumutxuek min handia egi diote, baina horregatik ez  dio utzi emakumeen hezkuntza eta formakuntza lanetan jarduteari.

Hiru emakume hauek, Pakistaneko beste asko bezala, ezagutzen ez dugun borroka heroiko baten ikur dira. Horregatik ekarri nahi izan ditut hona.

Hau idazten amaitu dudanean jaso dut Amagoia Elezkanoren berri. Bere bikotekideak ankerki hil ez balu sekula ez nuen bere izenik entzungo seguru asko. Ez dut hitzik aurkitu ordenagailuko hiztegietan. Mendebaldean ere badugu oraindik bide luze bat egiteko.

 

Emakumeak eta publizitatea

Kartel_LILA_mini

Publizitate mundutik gertuan ari garenok sarri askotan entzun izan ditugu publizitateak emakumearen gorputza erabiliaz hedatzen dituen mezuei egindako kritikak. Iragarki sexistak, edota emakume argal, zoriontsu, polit eta alaiak irudikatzen dituzten mezuak…

Aurtengo Lilatoneko antolatzaileek  neska gazte, lirain eta kirol zale bat aukeratu dute lasterketa iragartzeko. Egia esan, bizkarra emanda agertzen da, baina begi bistakoak dira ezaugarri horiek guztiak. Askotan kritikatu izan dira hedabideetatik eta publizitatetik iragartzen zaizkigun mezu horiek errealitate desitxuratu bat agertzen dutelako. Lilatonaren antolatzaileek  hautaketa bera egin dute.

Egia da kirolariak normalean gazteak, argalak eta gorputz lirainekoak izaten direla, eta emakumeen lasterketa batez ari bagara, amua emakume bat izatea ulertzekoa da. Alde horretatik begiratuta erabat justifikatuta dago iragarkiko argazkia. Beste bat ere izan zitekeen, Lilatonean parte hartzen duten guztiek ez dutelako argazkikoaren taixurik, ezta horrelako janzkerarik soinean, eta seguru asko ez dituztelako kirol helburu berberak konpartitzen.

Lilatona emakumeen aldarrikapenak eta bizinahia  kaleratzeko jai bat da. Iragarkia ikusteak zer pentsa eman dit, batzuek kritikatzen duten “bekatuetan” erori direla esan daitekeelako.

Ez daukat ezer iragarkiaren aurka, baina nik neuk beste irudi bat aukeratuko nuke. Izango da lasterketa horren helburuak hobeto identifikatzen dituen irudirik.