Emakumeak eta kirola

Duela gutxi Aitziber Aranburuzabalak  iritzi bat eman zuen argitara Goienako Usteak uste atalean, emakume kirolariek beren jardueran dituzten oztopo eta oihartzun eskasa aipatuaz. Ez zuen arrazoirik falta, emakumeek alor honetan jasaten dituzten diskriminazioak ez baitute parerik bizitzaren beste arloetan. Adibide gisa, soldata ezberdintasunak edota lan egiteko baldintzetan dauden desberdintasunak. Pentsa zer soldata jasotzen dituzten futbolari gizonezkoek eta zer emakumezkoek entrenamendu berdinetara joanaz, bidaia berberak eginaz, eta urtean zehar partidu kopuru berdinak jokatuaz. Zer esan instalakuntzez; batzuek San Mamesen jokatzen badute besteek Lezaman egin beharko dute; batzuek Anoetan, besteek Zubietan

Diskriminazioak ez dira hor geratzen, noski, baina jarduera ekonomikoaren beste alorretan ez dut ezagutu horrelako diskriminaziorik onartu edo ezartzen dituen Lan hitzarmenik.

Komunikabideak aipatzen ditu iritzi artikuluan, eta uste dut hain zuzen ere, hedabideak beren jarduera editorialekin diskriminazio hauek areagotzen laguntzen dutela. Komunikabideek gizonezkoen kirolari eskaintzen dioten tarte bera eskainiko baliote emakumeenei  beste egoera baten geundeke, bai oihartzunaren ikuspegitik, bai  babesle kopuruaren aldetik, edota kirolak lanbide bezala eskaintzen duen ikuskeraren aldetik. Komunikabideek, orokorrean, desberdintasunak betikotzen laguntzen dute egungo egoeraren aurka politika sendoak ezartzen ez dituztelako. Hori bai, itxurakeriei egundoko arreta eskainiaz. Los-las, las-los edo jendartea gizartearen ordez idatzita arazoa konponduko balute bezala.

Goienak, gehiago egin dezake komunitatean txertatutako  hedabideak sortzea eta kaleratzea badu helburu. Jakina gizonezkoen kirola mediatikoagoa dela!  Baina ez al dauka gaztelerak berak euskarak baino eragin mediatiko handiagoa? Ez al zuten Goienak eta euskara elkarteek erabaki ez mediatiko bat hartu euskararen aldeko hautu garbia egin zutenean?

Honetan ere lan pedagogiko handia egin dezakeela uste dut. Berdintasuna bermatuko duten estrategiak eztabaidatu eta onartu baino ez luke egin behar, eta ez dut uste hori arazo bat litzatekeenik.. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude