Emakumeen eskubideen aldeko borrokak bide luzea du oraindik munduko lurralde askotan. Mendebaldean asko aurreratu da. Ez da gauza bera emakume Europan jaiotzea edo Asiako hainbat naziotan jaiotzea.
Hiru dama aipatu nahi ditut hemen. Gazteak, Pakistaneko iparraldean sortuak hirurak. Emakume eta gizonen arteko harremanak erabat desorekatuak diren parajeetan. Mendebaldeko gure ikuskeratik emakumeak erabat diskriminatuta eta baztertuta bizi diren parajeetan.
Malala Yousafzai da lehena. Pakistaneko iparraldean dagoen Swat ibarreko herri batean sortua. Emakumeen ikasteko eskubidea aldarrikatu eta gauzatzearren talibanek tirokatua Mingoran 2012an. Heriotza gertu zuen Birminghaneko ospitale batera eramen zutenean. Bere onera etorri ondoren, berak egin nahi duena egiten jarraitu nahi izan du , kosta ahala kosta, Bretainia Handian errehabilitazioaren zama pairatzen duen bitartean. Eskolara joan nahi du talibanek gustuko izan ala ez. Ikasi
Samina Baig da bigarrena. Hunza ibarreko Shimshal herrixkan sortua duela 22 urte. Bere anaiarekin batera Everest mendia garaitu du duela egun batzuk First Pakistani Gender Equality Mt. Everest expedition delakoaren barruan.Munduko mendi altuena garaitu duen lehen emakume pakistandarra da, eta espedizioaren goiburua ikusita meritu bikoitza du. Kirol arloko arrakastak baino, emakumeen aldeko borrokan erein duen haziak du balio handiagoa. Hunza eta Swat ibarretako emakumeen egoerak ezin dira parekatu. Beste giro bat bizi dute Hunzan oraingoz. Baina emakumeen eskubideen alde lanean ari da Samina duda barik.
Kaniz Fatima da hirugarrena. Huhse ibarrean sortua:Machulon. Baltistan Fundazioarekin ari da lanean eskualdeko emakumeen bizitza maila hobetu guran eta emakume izatea duintasunez bizi behar dela frogatu nahian. Fatimak ere garbi dauka zer nahi duen eta beste biak bezala emakumeen eskubideen aldeko borrokan konprometituta dago. Egoera aldatzea nahi ez dutenen esamesek eta txutxumutxuek min handia egi diote, baina horregatik ez dio utzi emakumeen hezkuntza eta formakuntza lanetan jarduteari.
Hiru emakume hauek, Pakistaneko beste asko bezala, ezagutzen ez dugun borroka heroiko baten ikur dira. Horregatik ekarri nahi izan ditut hona.
Hau idazten amaitu dudanean jaso dut Amagoia Elezkanoren berri. Bere bikotekideak ankerki hil ez balu sekula ez nuen bere izenik entzungo seguru asko. Ez dut hitzik aurkitu ordenagailuko hiztegietan. Mendebaldean ere badugu oraindik bide luze bat egiteko.