Otal herri galduan

IMG_9327Pelopin (2007) 12:30 dira. Mendi hau atsegin dut dituen bistengatik. Pare parean Monte Perdido.

Goiz da oraindik eta Otalera jaistea erabaki dugu. Aspaldi herriko seme-alabek abandonatutako herrira. Ez du Ainielleren osperik, baina Ainielle bezala errepide ezak kondenatu zuen aspaldi. Errepidea Cotefablotik joan ordez Ainielleko bortutik joan izan balitz herri hauek etorkizuna izango zuketen. Gaur  iragana baino ez dira.

Etxe erorien hormen artea gazte bat harri baten gainean eserita, labana eskuan, abar bat zorrozten. Hurbildu eta berehala hasi zaigu hizketan. Ardoa eskaini digu eta herrian zutik dirauen etxe bakarra ikustera gonbidatu gaitu.  Otalera igotzea maite du eta etxe hau zaintzea hartu du eginkizuntzat.

Carlos Zaragozakoa da eta astebete darama Otalen bakarrizketan. Cariñenako garnatxa mahatsez egindako ardo amaiera gozokoa eskaini digu porroitik. Guk lukainka eta eguneko ogia jarri ditugu otordua egiteko. IMG_9336

 Igeltseroa da eta aseguru-etxeentzat lan egin du urteetan. Orain prezioak estutzen ari zaizkiola, hil askotan ez du soldata bat ateratzeko lain egiten. Otalera igotzen da lanik ez duenean. Hau da bere eremu librea eta betik irekita dagoen etxe honetan hartzen du ostatu. Lau paretak zutik diraute eta sukalde eta tximinia zaharrak erabilgarri oraindik. Hau da bere ametsetako paradisua.

Mendiak eta Otal izan ditugu hizpide janari eta edariak partekatzen genituen bitartean. Bere Arkadian gaude. Halako batean  bere infernua etorri zaio gogora. Askotan lanik ez eta Otalera ihes egiten du. Hemen sikiera ez du dirurik gastatzen. Aitak 780 euroko pentsioa omen du bizitza guztian lanean jardun ondoren. Horrela dira gauzak.

Politikariek aseguru-etxeek eta multinazionalek langile eta herritar xumeari ahal dioten guztia xurgatu baino ez dutela egiten dio. Borrokatu beharko ginatekeela baina ezin du. Nahiago du manifestaldietara ez joan edozer egiteko gai izango litzatekeelako. Arrazoi du esaten dituen guztietan. Berotuaz joan da baina halako batean bere ametsezko mundura itzuli den arte. Erorita dagoen elizara eraman nahi izan gaitu kanpandorreko bistak ikusi barik ezin genuelako alde egin. Zela edo hala kanpandorrera igotzea lortu dugu. Bertan jarraitzen du kanpai zaharrak: “Santa Barbara ora pro nobis”. Ezkila-mihiari eragin diogu aspaldian herria utzi zuten herritarrei deitu nahian edota eliza ondoko kanposantuan lurperatuta daudenei oraindik herriak zutik dirauela adierazi nahian bezala. Alperrik, ez du inork erantzun.IMG_9346

Kanpandorretik jaitsi eta Otaleko leporantz egin  dugu. Ia bostak ziren gaina hartu dugunean. Eguerdiko ikusmira  berriro, baina argitasun ezberdina. Monte Perdido… Argazki kamera atera dut. “Cambie la batería”. Zotz!

Hegoaldera begiratu dugu. Arro barrenean, zuloan, Otal ikusten da. Han utzi dugu Carlos bere ametsetan zoriontsu, edo amesgaiztoetatik ihes egin ezinik. Nork daki!

Bazkaltzeko nahi genuen etxean. Seiak jota iritsi gara. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude