Pentsioak berrikusteko formula erraza.

Urteetan aurrera joan ahala, egunen batean lan egiteko zigor biblikotik libre geratuko garela pentsatzen hasten gara. Data hori gerturatzen ikusten dugunean hasten zaizkigu kezkak: ze pentsio izango dugun da lehena, eta hori bezain garrantzitsua, behin zigorretik libre geratuz gero, zertan eman denbora librea.

Orain arte, kasu askotan behintzat, bigarren kezkak buruhauste handiagoak eman izan ditu, lehenengoa algoritmo sinple batzuk erabiliaz argitzen zelako. Esan behar da kasu askotan algoritmoaren interpretazioa baino, algoritmoaren emaitza izan dela kezka erretiroa hartu dutenentzat.

Gizarte Asegurantzako kutxa hustear dagoela eta, pentsionistak entretenituta edukitzeko algoritmo berri bat asmatzen aritu da aditu talde bat. Form1369596827_040463_1369652554_noticia_normalula berriak abantaila galantak eskainiko dizkio denbora zertan eman ez dakienari. Aurrerantzean, orduak eman beharko ditu formula bera ulertzen eta inoiz ulertzea badu  ez du denbora gutxiago beharko pentsioaren balioa nola handitu edo txikituko (normalean) zaion kalkulatzen. Denbora nola erabili erabakitzen arazoak zituenari amaitu zaizkio. Aurrerantzean ez du mota honetako arazorik izango aditu talde honi esker.

Aitzitik, perretxikoak biltzen, hirugarren adinekoentzako geletan matrikulatua, edota antzerki taldean murgilduta bere bizimodua antolatuta zuenarentzat buruhauste berri bat. Nola ulertu formula madarikatua!

Mugarik gabeko aitona-amonak Gobernuz Kanpoko Erakundeko kideentzat ere arazo bihurtu daiteke. Eurentzat eta euren seme-alabentzat. Ez da harritzekoa izango formula hori interpretatu nahian bilobaren bila ikastolara joan behar zuela ahaztu eta irteteko orduan haurrak irakasleen eskuetara atxikita geratzea ikastoletako atarietan aittaittaren edo amamaren zain.

Lehen buruhauste gutxi eta orain bat gehiago! Hori, pentsio duin bat duenak, ze besteak nahikoa izango du hil amaieraraino nola iritsi pentsatzearekin.

Bateon batek formula ulertu badu, bidal dezala interpretazioa iruzkin gisa blog honetara. Eskertuko diot. Niri ere kontu hauetan pentsatzen hastea komeni zait eta.

Hiru dama

Emakumeen eskubideen aldeko borrokak bide luzea du oraindik munduko lurralde askotan. Mendebaldean asko aurreratu da. Ez da gauza bera emakume Europan jaiotzea edo  Asiako hainbat naziotan jaiotzea.

Hiru dama aipatu nahi ditut hemen. Gazteak, Pakistaneko iparraldean sortuak hirurak. Emakume eta gizonen arteko harremanak erabat desorekatuak diren parajeetan. Mendebaldeko gure ikuskeratik emakumeak erabat diskriminatuta eta baztertuta bizi diren parajeetan.

Malala Yousafzai. Guardian.co.uk-ko argazkia

Malala Yousafzai. Guardian.co.uk-ko argazkia

Malala Yousafzai da lehena. Pakistaneko iparraldean dagoen Swat ibarreko herri batean sortua. Emakumeen  ikasteko eskubidea aldarrikatu eta gauzatzearren  talibanek tirokatua Mingoran 2012an. Heriotza gertu zuen Birminghaneko ospitale batera eramen zutenean.  Bere onera etorri ondoren, berak egin nahi duena egiten jarraitu nahi izan du , kosta ahala kosta, Bretainia Handian errehabilitazioaren zama pairatzen duen bitartean. Eskolara joan  nahi du talibanek gustuko izan ala ez. Ikasi

Samina Baig. Theindu.com-eko argazkia

Samina Baig. Theindu.com-eko argazkia

Samina Baig da bigarrena. Hunza ibarreko Shimshal herrixkan sortua duela 22 urte. Bere anaiarekin batera Everest mendia garaitu du duela egun batzuk First  Pakistani Gender Equality Mt. Everest expedition delakoaren barruan.Munduko mendi altuena garaitu duen lehen emakume pakistandarra da, eta espedizioaren goiburua ikusita meritu bikoitza du. Kirol arloko arrakastak baino, emakumeen aldeko borrokan erein duen haziak du balio handiagoa.  Hunza eta Swat ibarretako emakumeen egoerak ezin dira parekatu. Beste giro bat bizi dute Hunzan oraingoz. Baina emakumeen eskubideen alde lanean ari da Samina duda barik.

Kaniz Fatima

Kaniz Fatima

Kaniz Fatima da hirugarrena. Huhse ibarrean sortua:Machulon. Baltistan Fundazioarekin ari da lanean eskualdeko emakumeen bizitza maila hobetu guran eta emakume izatea duintasunez  bizi behar dela frogatu nahian. Fatimak ere garbi dauka zer nahi duen eta beste biak bezala emakumeen eskubideen aldeko borrokan konprometituta dago. Egoera aldatzea nahi ez dutenen esamesek eta txutxumutxuek min handia egi diote, baina horregatik ez  dio utzi emakumeen hezkuntza eta formakuntza lanetan jarduteari.

Hiru emakume hauek, Pakistaneko beste asko bezala, ezagutzen ez dugun borroka heroiko baten ikur dira. Horregatik ekarri nahi izan ditut hona.

Hau idazten amaitu dudanean jaso dut Amagoia Elezkanoren berri. Bere bikotekideak ankerki hil ez balu sekula ez nuen bere izenik entzungo seguru asko. Ez dut hitzik aurkitu ordenagailuko hiztegietan. Mendebaldean ere badugu oraindik bide luze bat egiteko.

 

Otal herri galduan

IMG_9327Pelopin (2007) 12:30 dira. Mendi hau atsegin dut dituen bistengatik. Pare parean Monte Perdido.

Goiz da oraindik eta Otalera jaistea erabaki dugu. Aspaldi herriko seme-alabek abandonatutako herrira. Ez du Ainielleren osperik, baina Ainielle bezala errepide ezak kondenatu zuen aspaldi. Errepidea Cotefablotik joan ordez Ainielleko bortutik joan izan balitz herri hauek etorkizuna izango zuketen. Gaur  iragana baino ez dira.

Etxe erorien hormen artea gazte bat harri baten gainean eserita, labana eskuan, abar bat zorrozten. Hurbildu eta berehala hasi zaigu hizketan. Ardoa eskaini digu eta herrian zutik dirauen etxe bakarra ikustera gonbidatu gaitu.  Otalera igotzea maite du eta etxe hau zaintzea hartu du eginkizuntzat.

Carlos Zaragozakoa da eta astebete darama Otalen bakarrizketan. Cariñenako garnatxa mahatsez egindako ardo amaiera gozokoa eskaini digu porroitik. Guk lukainka eta eguneko ogia jarri ditugu otordua egiteko. IMG_9336

 Igeltseroa da eta aseguru-etxeentzat lan egin du urteetan. Orain prezioak estutzen ari zaizkiola, hil askotan ez du soldata bat ateratzeko lain egiten. Otalera igotzen da lanik ez duenean. Hau da bere eremu librea eta betik irekita dagoen etxe honetan hartzen du ostatu. Lau paretak zutik diraute eta sukalde eta tximinia zaharrak erabilgarri oraindik. Hau da bere ametsetako paradisua.

Mendiak eta Otal izan ditugu hizpide janari eta edariak partekatzen genituen bitartean. Bere Arkadian gaude. Halako batean  bere infernua etorri zaio gogora. Askotan lanik ez eta Otalera ihes egiten du. Hemen sikiera ez du dirurik gastatzen. Aitak 780 euroko pentsioa omen du bizitza guztian lanean jardun ondoren. Horrela dira gauzak.

Politikariek aseguru-etxeek eta multinazionalek langile eta herritar xumeari ahal dioten guztia xurgatu baino ez dutela egiten dio. Borrokatu beharko ginatekeela baina ezin du. Nahiago du manifestaldietara ez joan edozer egiteko gai izango litzatekeelako. Arrazoi du esaten dituen guztietan. Berotuaz joan da baina halako batean bere ametsezko mundura itzuli den arte. Erorita dagoen elizara eraman nahi izan gaitu kanpandorreko bistak ikusi barik ezin genuelako alde egin. Zela edo hala kanpandorrera igotzea lortu dugu. Bertan jarraitzen du kanpai zaharrak: “Santa Barbara ora pro nobis”. Ezkila-mihiari eragin diogu aspaldian herria utzi zuten herritarrei deitu nahian edota eliza ondoko kanposantuan lurperatuta daudenei oraindik herriak zutik dirauela adierazi nahian bezala. Alperrik, ez du inork erantzun.IMG_9346

Kanpandorretik jaitsi eta Otaleko leporantz egin  dugu. Ia bostak ziren gaina hartu dugunean. Eguerdiko ikusmira  berriro, baina argitasun ezberdina. Monte Perdido… Argazki kamera atera dut. “Cambie la batería”. Zotz!

Hegoaldera begiratu dugu. Arro barrenean, zuloan, Otal ikusten da. Han utzi dugu Carlos bere ametsetan zoriontsu, edo amesgaiztoetatik ihes egin ezinik. Nork daki!

Bazkaltzeko nahi genuen etxean. Seiak jota iritsi gara. 

Zabor bilketa sistemak eta beste batzuk

Zerbait ari da mugitzen Sortu eta Bilduren munduan. Atez atekoaren inguruan gertatzen ari diren jarrera aldaketak mugimendu horien isla dira.

Atez atekoa lehenesten duen arren koalizioak beste eredu batzuen alde ere egingo duela gaika %70 baino gehiago biltzen bada esate hutsa, pentsa ezina zen duela hamabost egun.

Jarrera aldaketa hori onuragarria da herritar guztientzat eta baita gaiarekin aspertzen hasita zeuden Bilduzaleentzat. Horietakoak ere badaude eta.

Nire buruari galdetzen diot ea aldaketa horrek  Arnaldo Otegik azkenaldian bi une garrantzitsutan esandakoekin loturarik ote duen. Hemen uzten ditut esandakoak.

Sorturen Batzar eratzaileari igorritako gutunean:

Estrategia berriak gure mentalitatearen iraultza ere eskatzen du, gure jardun politikoan hitz egin, konbentzitu, antolatu eta borroka egin behar dugu. Dena batera. Fase honetan kontsigna gutxiago eta argudio gehiago behar ditugulako, parte-hartzea ardatza delako, autokonplazentzia gutxiago eta autokritika eta antolakuntza askoz gehiago behar ditugulako 

Eta Gernika Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko Sariak ekitaldira igorritakoan:

Halere neuretzat daukat eginiko bideak irakaspen ugariak utzi dizkigula aurrera egiteko: besteak beste Politika herri zerbitzuan egiteko handira jokatu eta HIZKI HANDIZ egin behar dela eta beraz alderdikeriak , sektarismoak, boto lehiak… albo batean utzi eta HERRI BORONDATEARI eman behar zaiola bide… ez dagolako inor eta ezer HERRIA baino garrantzitxuagorik… eta herria lagunok ez dute osatzen gu bezala pentsatzen dutenek, gu bezala pentsatzen ez dutenak ere dira herria, dira Euskal Herria.

 

Azpimarratuak nireak dira. Hor geratzen dira testu hauek norberak bere ondorioak atera ditzan.

Hainbeste zor digute

Nafarroako politikak  pista argigarriak eskaintzen dizkigu. Mila gorabehera gertatu dira azken urteetan;  kudeaketa negargarria, ustelkeria kasuak, eta horri guztiari aurre egiteko hilda sortzen diren gobernu alternatibak. Azkenean, ilusio tartetxo horien ondoren, betikoak ikusiko ditugu gobernu erantzukizunetan. Estatu arrazoiak omen daude oinarrian.  Lehenago Blanco, orain Jimenez eta Rubalcaba, izenak aldatuko dira, baina estatusa mantentzea eta euskal abertzaleei agintzeko aulki bakarrik ez uztea da azken helburua. EAEn ere gauza bera egin dute beharrean izan direnean. Nafarroan eta EAEn espainiar abertzaleek ederki asko xedatu dituzte euren marra gorriak. EAEn ere gauza bera egin dute beharrean izan direnean.

Gurean, estaturik ez dugunez, ez dago estatu arrazoirik nonbait. Euskal abertzale bi talde edo alderdi nagusiak sutsuki ari dira euren arteko desberdintasunak azpimarratzen behin eta berriro. Gureek  gure marra gorriak izateko eskubidea osten digute. Guk ere beharko genituzke estatu arrazoitan ezin bagara oinarritu nazio arrazoietan oinarritutako adostasunak: Euskara, hezkuntza, euskal hedabideak, lurralde antolakuntza, biolentzia arrazoi gabe eta antzuaren amaiera … betik egongo dira izendatzaile minimo komunak aurkitu nahi izanez gero.

Horiek adostu ordez gusturago daude desberdintasunak agerian uzten etengabeko hauteskunde prozesu batean sarturik egongo bailira.

Jarrai beza bakoitza bere berezitasunak azpimarratzen botoak irabazteko borroka horretan, baina horrekin batera has bitez etorkizuneko eta gaurko gutxienekoak adosten  herri honi ez diolako horrek inongo kalterik ekarriko. Aitzitik, abantaila handik.

Batzuk Estatu arrazoiak dituzte, guk ere nazio arrazoiak behar ditugu. Hainbeste zor digutela uste dut!