Barne Produktu Gordina ala Barne Zoriontasun Gordina?

Barne Produktu Gordina mintzagai dugu berriro. 2013an zenbat jaitsiko den da eztabaida. Ez dago adostasunik. Batzuek kopuru bat, besteek beste bat, urte amaierara itxoitea onena. Orduan seguru jakingo dugu zein izan den 2013ko jaitsiera baina %2tik %1etik baino gertuago ibiliko dela dirudi, eta 2006ko mailatik gertu ibiliko garela ere bai. Aterta kontuak KPIa zenbat igo den kontuan izanik.

Ezin esan kezkatzen ez gaituen gaia denik, gure ingurura ere hurbildu baitira egoera honen ondorioak eta sortzen ari diren giza tragediak egunero betetzen baitute gure egunkarietako orriak. Bhutan_Royal_Wedding.jpg_full_600

Batzuek diote BPGa ez dela herri baten bizitza maila neurtzeko parametro bakarra. Bhutaneko erregea aurrerago joan zen eta Barne Zorion Gordina kontzeptua asmatu zuen, edo asmatzea agindu zuen horretarako baita errege:  BPGaren taulan azkenengotakoak garenez, neur dezagun gure zoriontasuna pentsatu omen zuen; honetan seguru herrialde bat baino gehiago aurreratzen dugula eskalan.

Ez du arrazoirik falta neurri batean, dirua ez delako zoriontasuna bermatzen duen faktore garrantzitsuena, nahiz eta onartu behar dugun bere eragina duela.

Kuriositatez hasi naiz Barne Zoriontasun Gordinaren gaia aztertzen eta iruditu zait gurean ere izan dezakeela aplikazio praktikorik. Zer da BZGa? Herri bateko hainbat faktore neurtzen dituen bateria konbinatu bat da: Ongizate  psikologikoa, denboraren erabilpena, komunitatearen bizkortasuna (bitalitatea, bizinahia),  Kultur aniztasuna eta erresilentzia, osasuna, hezkuntza, ingurumen aniztasuna, bizitza maila eta gobernu ona.

Bizitza maila eta faktore ekonomikoak ere bai noski, baina ez hauek bakarrik. Beste hainbat faktorek ere laguntzen digute zoriontsuago izaten. Agian mereziko luke Bhutaneko erregeak egindako azterketa hori gurera  ekartzea zoriontasunetik urruti ala hurbil gabiltzan jakiteko.

Gaia sakonago ezagutu nahi izatera, Grossnationalhappiness.com webgunean duzu behar duzun informazio guztia. Ni neure aldetik saiatuko naiz zerbait ikasten, eta aldika ikasitakoaren berri ematen blog honetan. Ariketa interesgarria iruditzen zait.

euskalkia oztopo ikusten omen dute askok

Ez dut ulertzen euskalkia zergatik ikusten dute askok oztopo! da Leire Narbaizak Goienak argitaratutako eibar.org-eko post baten izenburua. Leirek dio ez duela ulertzen zergatik duten askok euskalkia etsaitzat eta Sarasolak aitatzen duela mendebaldeko euskaraz egindako edozer, okerra dela batuaren izenean eta batasunaren aitzakian.

Leirek aitatzen duen mundu horretan ez bide naiz bizi. Ez ditut euskalkien etsaiak nonahi ikusten. Arraroa egiten zait gainera, Sarasolak (Ibon bada) horrelako esaldi borobil baten bidez mendebaldeko euskalkiak deskalifikatu izana, are gehiago Leirek ez didalako esaten duenaren frogarik ematen.

Geroz eta gehiago ari da entzuten euskalkia versus batua eztabaida hori, niretzat artifiziala, elkarren osagarri izan ordez bata bestearen etsai izango balira bezala.

Nire ustez euskalki guztiak, batua barne, errealitate bakar baten aurpegi anitzak dira. Euskalkirik gabe ez litzateke baturik existituko eta baturik gabe euskara bera desagertzeko zorian zatekeen. Euskara da azken batean jokoan dagoena.

1968tik hona baina, euskara batua  hobetu, dotoretu eta diziplina desberdinak lantzeko gai bihurtu den neurri berean, euskalkiak berezitasunak galduaz joan dira, eta okerrago dena, narrastuaz.

Euskara batua euskalkien maileguekin aberastu dute eskolek, idazle eta hedabideek. Euskalkiak berriz, txirotu egin dira. Seguru asko zerikusi handia izan du gerra ondorengo belaunaldiek euskara (euskalkia) ia galdu ondoren transmititu dutena oso berbeta eskasa izan dela, eta euren gurasoenetik oso urrun zegoena.  Euskalkiak berdinduaz joan dira berezitasunak galduaz joan direlako, eta euskalkiak sortzea bideratu zuten komunikazio egoerak desagertuaz joan direlako.

Gaur egungo euskalkiek ez dute zerikusirik gure belaunaldikoek  jasotakoekin. Euskalkien doinu partikularrak galdu egin dira herri eta eskualde askotan; Aditzaren forma asko erabat galdu dira, eta forma xelebrek ordezkatu dituzte; hitz asko galdu egin dira hiztunak batuaren maileguak hartuaz joan diren neurrian. Gaur, posible da bizkaitar batek eta behenafartar batek elkar ulertzea, duela berrogeita hamar urte euren aitona-amonentzat ezinezkoa zena.

Nik neuk, gure euskalkia ondo egiten dutenen artean nagoela uste dut, baina konturatu gabe beste euskalki batzuetako eta batuko formak erabiltzen ditut naturaltasun osoz. Oñatin jaioa izanik, Donostian bizi izan naiz urte askoan, eta  Bergaran, Donostian eta Leintz ibarrean eman dut nire urteetako lan jarduna.  Ezinezkoa beste euskalki eta batuaren maileguek ez kutsatzea.

Euskalkien berezitasunak desagertuaz joango dira.  Prozesu natural bat; pertsonak ere, jaio, zahartu,  narrastu eta hiltzen dira. Naturaren eboluzioa da, eta ekosistemez eta hizkuntzen ekologiaz hitz egiten den denboretan bizitzaren arauak ere onartu beharko ditugu. Ez inor akabatuaz edota desager araziz, baina onartuaz prozesu ekidin ezinen aurrean gaudela.

Esandakoak esanda, ez dut nire burua euskalkien etsaien esparruan ikusten, baina ez dakit etsai horien artean kokatuko ote nauten.

El Corte Inglésen 300 euroko txekeak

Egun hauetan Espainiako telebistetako berriketalariek jasotzen dituzten sarien berri izan dut. 600 eta 150 euro bitartean ari dira jasotzen saioko kate eta programen arabera. Ez dago gaizki ordaindua esaten dituztenak esateko.

Ez dakit inoiz aguantatu izan ote dudan horrelako programa bat osorik. Berriketalarien ahoetatik ateratzen diren koherentzia gabeko garramistoek eta leloek, nire estresa maila gorenetara eramaten dute eta ez zait asko komeni. Sikiera intereseko mezurik, irakasgai garrantzitsurik zalduko balute gaitz erdi. Ezagutzen dudanagatik baina, euskal eta katalan abertzaleen aurka nork handiagoak esan izaten da euren arteko borroka hein handi batean. Jende zentzuduna ere badago baina horiek aurkitzeko programa eta telebista jakinetara jo beharra dago derrigorrean.

 Batzuk espezietan jasotzen dute euren ordainsaria. Intereconomíak 300 euroko El Corte Ingléseko erosketa txekeak banatzen omen dizkie nork baino nork handiagoa esan lehian lepoko zainak puztuta aritzen diren Leon Salvadorren ikasle dorpeei.

Haziendako ministroa ere kezkatuta omen dabil ordainketa hauek pertsona fisikoen errentako aitorpenean aitortu beharrekoak izaki, bateon batzuk iruzurgile fin bihurtu bide direlako.

Ondo dago ministroak kezka hau izatea hori baita bere eginkizunetariko bat. Iruzurraren aurkako borroka esku onean dagoela ikusirik, beste honi heldu nahi diot: zer egiten du El Corte Inglések horrelako lotura zuzen bat sortzen ergel kuadrila horrekin. Niregatik libre da horiei guztiei nahi beste txeke emateko, baina ez nire diruarekin.

Emakumeak eta publizitatea

Kartel_LILA_mini

Publizitate mundutik gertuan ari garenok sarri askotan entzun izan ditugu publizitateak emakumearen gorputza erabiliaz hedatzen dituen mezuei egindako kritikak. Iragarki sexistak, edota emakume argal, zoriontsu, polit eta alaiak irudikatzen dituzten mezuak…

Aurtengo Lilatoneko antolatzaileek  neska gazte, lirain eta kirol zale bat aukeratu dute lasterketa iragartzeko. Egia esan, bizkarra emanda agertzen da, baina begi bistakoak dira ezaugarri horiek guztiak. Askotan kritikatu izan dira hedabideetatik eta publizitatetik iragartzen zaizkigun mezu horiek errealitate desitxuratu bat agertzen dutelako. Lilatonaren antolatzaileek  hautaketa bera egin dute.

Egia da kirolariak normalean gazteak, argalak eta gorputz lirainekoak izaten direla, eta emakumeen lasterketa batez ari bagara, amua emakume bat izatea ulertzekoa da. Alde horretatik begiratuta erabat justifikatuta dago iragarkiko argazkia. Beste bat ere izan zitekeen, Lilatonean parte hartzen duten guztiek ez dutelako argazkikoaren taixurik, ezta horrelako janzkerarik soinean, eta seguru asko ez dituztelako kirol helburu berberak konpartitzen.

Lilatona emakumeen aldarrikapenak eta bizinahia  kaleratzeko jai bat da. Iragarkia ikusteak zer pentsa eman dit, batzuek kritikatzen duten “bekatuetan” erori direla esan daitekeelako.

Ez daukat ezer iragarkiaren aurka, baina nik neuk beste irudi bat aukeratuko nuke. Izango da lasterketa horren helburuak hobeto identifikatzen dituen irudirik.