El Corte Inglésen 300 euroko txekeak

Egun hauetan Espainiako telebistetako berriketalariek jasotzen dituzten sarien berri izan dut. 600 eta 150 euro bitartean ari dira jasotzen saioko kate eta programen arabera. Ez dago gaizki ordaindua esaten dituztenak esateko.

Ez dakit inoiz aguantatu izan ote dudan horrelako programa bat osorik. Berriketalarien ahoetatik ateratzen diren koherentzia gabeko garramistoek eta leloek, nire estresa maila gorenetara eramaten dute eta ez zait asko komeni. Sikiera intereseko mezurik, irakasgai garrantzitsurik zalduko balute gaitz erdi. Ezagutzen dudanagatik baina, euskal eta katalan abertzaleen aurka nork handiagoak esan izaten da euren arteko borroka hein handi batean. Jende zentzuduna ere badago baina horiek aurkitzeko programa eta telebista jakinetara jo beharra dago derrigorrean.

 Batzuk espezietan jasotzen dute euren ordainsaria. Intereconomíak 300 euroko El Corte Ingléseko erosketa txekeak banatzen omen dizkie nork baino nork handiagoa esan lehian lepoko zainak puztuta aritzen diren Leon Salvadorren ikasle dorpeei.

Haziendako ministroa ere kezkatuta omen dabil ordainketa hauek pertsona fisikoen errentako aitorpenean aitortu beharrekoak izaki, bateon batzuk iruzurgile fin bihurtu bide direlako.

Ondo dago ministroak kezka hau izatea hori baita bere eginkizunetariko bat. Iruzurraren aurkako borroka esku onean dagoela ikusirik, beste honi heldu nahi diot: zer egiten du El Corte Inglések horrelako lotura zuzen bat sortzen ergel kuadrila horrekin. Niregatik libre da horiei guztiei nahi beste txeke emateko, baina ez nire diruarekin.