Etiketaren artxiboa: katixaagirre

Literatura etorkizunean


Atzo arratsaldean Elkarrek
Gasteizen San Prudentzio kalean duen dendan izan nintzen. 111
akademiak
Literaturaren bideak etorkizunean jardunaldien barruan
mahai inguru bat antolatu zuen. Hizlarien artean Katixa Agirre, Patxi
Zubizarreta
eta Iban Zaldua zeuden. Moderatzaile lanetan berriz Ibon
Egaña aritu zen.

Hasieran pentsatzen nuen
Elkar dendakoek areto propio bat zutela eraikinaren barruan horrelako
ekintzak jorratzeko baina hara iritsi nintzenean harritu egin nintzen
mahaingurua dendaren ia erdian kokatu zutelako (pare bat apal mugitu
behar izan zituzten). Agian kokapena estrategia hutsa izan zen
hurbildu ginenok hitzalditik ateratzen ginenean dendako zerbait
erosteko, batek daki. Antza denez ez zuten espero jende asko, soilik
zortzi aulki baitzeuden jarrita mahai nagusiaren aurrean. Azkenean
dozena bat pertsona inguru egongo ginen idazleek zer esaten zutena
entzuten. Harrituta sentitu nintzen baina asko gustatu zitzaidan han
egotea. Dendari beste erabilera bat eman genion han bildu ginenok.
Hori izan beharko litzateke liburu denda bat, biltzeko gune bat eta
literaturari eta arteei buruz hitz egiteko toki bat. Baina agian gai
hori beste baterako utziko dut eta goazen harira.

Gauza asko esan ziren atzo
arratsaldean. Gehienak (denak ez esatearren) zentzuzkoak eta iritzi
pertsonalak batez ere. Gai ugari azaldu ziren mahai gainean:
editoreen lana, euskal irakurlea, egungo euskal literaturaren egoera,
zer egin beharko litzateke euskaraz irakurtzen sustatzeko… Zaila da
atzo ukitutako gaien artean aukeratzea garrantzitsuena, guztiek
dutelako protagonismo apur bat. Katixa Agirrek hasieran esan
zuenarekin geldituko naiz. Non ikusten da irakurri egiten dela?
Erantzuna oso erreza: autobusean. Hau da, bidaietan jendeak zerbait
egin behar du bidaiak irauten duen bitartean. Bidaiari gehienak
garraio publiko batera igotzen direnean eskuetan liburu bat edo
zerbait dute irakurtzeko. Irakurtzen denaren seinale (entzuletako
batek adierazi zuen metodo ona izan daitekeela ligatzeko edo
bakoitzaren burua goresteko Stieg Larsson idazlearen liburu
potolotako bat eskuan izatea, irudia soilik izan arren). Hemendik
aurrera agian gehiagotan jabetuko naiz jendeak zer egiten duen
bidaietan.

Atzokoaren ondorioz esan
dezaket euskal literatura ez dagoela krisian. Hala dirudien arren eta
gaztelaniazko literatura nagusiagoa den pertzepzioa izan arren,
errealitate hori ez da oso zuzena. Euskal literatura orain dela
hamarkada batzuk baino osasuntsuago dago, inoiz baino gehiago
irakurtzen da euskaraz, inoiz baino idazle gehiago daude eta inoiz
baino gehiago sortzen da… Galdera agian bi izan daitezke. Lehena
zer egin daitekeen gehiago sustatzeko euskal literatura edo
euskarazko literatura. Bigarren berriz etorkizunak zer dakarren
digitalizazioaren munduarekin.

Literaturaren bideak
etorkizunean. Hurrengo jardunaldiak:

Iruñea – Urriak 22:

Parte hartzaileak: Aingeru
Epaltza, Juango Olasagarre eta Patziku Perurena.

Moderatzailea: Patxi
Gaztelumendi.

Elkar aretoa: Comedias, 14.

Baiona – Urriak 29:

Parte hartzaileak: Itziar
Madina, Eneko Bidegain eta Itxaro Borda.

Moderatzailea: Juan Luis
Zabala.

Elkar aretoa: Arsenal plaza.