Etiketaren artxiboa: araotz

Arrikrutzeko kobetan

Gaur goizean Arrikrutzeko koba egon naiz
bisitatzen Nafarroako lagun batzuekin. Orain dela hilabete batzuk, ireki zen
garaian, Mikel Irizarrek aipatzen zuen bere blogean turismoa egiterakoan
inguruan ez dugula apenas egiten eta kanpokoek berriz gure baino hobeto
ezagutzera iristen direla gure bailara. Orduan arrazoia bazuela konturatu
nintzen eta nire buruari esan nion haitzuloa bisitatuko nuela. Gaur izan da D eguna.

Historialariontzat eta batez ere aurrehistoria
ikasten dutenentzat ez du aparteko garrantzirik Arrikrutzek. Ikusteko ederra da
eta bisita gidatua oso ondo dago. Kobako historia jakitea oñatiar batentzat oso
ongi datorkio horrela Oñatiko zati garrantzitsu baten historiaren jabe egiten
garelako.

Agian faltan bota dut lokatzara apur bat eta
kaskoak, baina tokia oso ondo egokitu dute adin guztietako pertsonentzat. Eta
nahi baldin badut leku basatiago bat, espeologiara hurbiltzen den ekintzaren
bat, Oñati aberatsa denez kobazuloetan hamaika aukera daukat mundu horretan
barneratzeko eta lokatzez eta urez estaltzeko.

Ondorioztatu dut bisita merezi duela eta oso
gomendagarria da pertsona ororentzat. Beraz aukera baduzue egun hauetako batean
joateko, ez ezazue galdu aukera eta hurbildu Araotzeko auzora kobazulo paregabe
hau ikustera.