9 egun falta


Arlo psikologikoa

Gasteizko triatloiean buruak
izango duen jarduna oso garrantzitsua izango da aurrera egiteko edo
gauden tokian gelditzeko eta lasterketa bertan behera uzteko.
Horregatik uste dut arlo psikologikoa oso landuta daramadala
lasterketara. Iron man lasterketa bat, munduan egon daitekeen
probarik gogorrenetakoa (3,8 km igerian, 180 km bizikletan eta
maratoi bat korrika) ez nekien zer zen iazko urrira arte. Calellara
hurbildu ginen hango Iron man-ean parte hartzera taldeka eta bertatik
bertara bizitzeko aukera izan nuen zer zen distantzia hori. Orain
badakit zer izan daitekeen infernua kirol proba batean, orain badakit
zer izan daitekeen benetako sufrimendua.

Estrategia bakarra
daukat lasterketa egunean erabiliko dudana. Gertatzen zaidana
gertatuta ere, denborari kasurik ez egitea eta aurrera jarraitzea.
Badakit agian oso gogorra edo arriskatua izan daitekeela taktika hau
baina garbi daukat zer egin behar dudan. Hasteko eguraldiaren menpe
ez egotea. Lasterketa honetarako eguraldi ona nahi nuen, beroa batez
ere. Bizi ditugun egunak aldiz datorren larunbatean zer eguraldi mota
egingo duen asmatzea zaildu egiten du. Beraz Eneko Llanos-i egingo
diot kasu: “euria edo eguzkia,ezin aukeratu gure menpe ez dagoena,
beraz eguraldirik onena niretzat momentuan dagoena” (twitter
kontuaren bitartez jakitera emana).

Beste alde batetik
buruan beti pentsamendu positiboak eramatea. Oroitzapen politak
bereganatu eta animo gehien behar dudanean pixka bat sasoiz jaitsi
egiten delako nire gorputza orduan erabili gorputzari buelta emateko
eta aurrera jarraitzeko. Pentsamendu on asko ditut bilduta: familia,
lagunak, kirolean bizi izandako une gogoangarriak (Arrigorriagako
duatloiak, Lisboako Iron Man erdia, Donostiako maratoi erdia…).

Beraz esan dezaket
animoz oso ondo nagoela eta momentu zailenetan lasterketa aurrera
eramateko kapaz izango naizela. Momentuz itxarotea gelditzen zait eta
ekainaren 26ra arte lanean jarraitzea (bolumen txikiago batekin baina
lanean jarraitu beharra dago).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude