Done Jakue bidea 2007 (VI)

6. Etapa. Leon – Molinaseca. 107 km.


5h 41 min. 18,8 km/h. Irailak 22, larunbata.


 


Lehen etapa garrantzitsua eta lehenengo arazoak aurrera egiteko. Rabanal del Caminon nuen pentsatua gelditzea egun honetan baina eguraldia lagun nuenez Cruz de Ferro (bideko punturik altuena 1400 metrorekin) gainditzea erabaki nuen.


 


Hasteko Leonetik irteteko nahiko arazo izan nuen seinale faltarengatik. Eta ondoren bi aukera zeuden Hospital de Orbigon berriro batzen zirenak. Konturatu gabe bide luzea aukeratu nuen eta horrek planeatuta nuena baino 10 kilometro gehiago egitea eragin zidan. Astorgan 45 kilometro eginda eduki beharrean 55 nindoan. Zerbait jan, ogitarteko paregabe bat txokolate zuriarekin, eta aurrera egin nuen berriro.


 


Hortik Rabanal del Caminoraino bidea gorantz zihoan pixkanaka-pixkanaka eta gainera haizea lehen aldiz bide osoan kontra eta nahiko nabarmen. Kostata baina iritsi nintzen.


 


Bertan deskantsatzen gelditu nintzen denbora labur batez eta lehen aipatu dudan bezala eguraldia lagun nuenez, aurrera egitea erabaki nuen Molinasecaraino, mendatea igo eta gero nuela (7 bat kilometroko aldapa pikoa).


 


Haizea kontra. Ez zen konbinaziorik onena portu bateri aurre egiteko baina asko kostatu zitzaidan arren gora iristea lortu nuen. Eta goian nengoela, bideko punturik magikoenetako batean, garrantzitsuenetako batean, derrigorrezko argazkia atera behar izan nuen. Argazki bat hamaika esanahiekin, sinbolismoz betea, orain dela urte batzuk nire aita igaro zen puntu beretik ari nintzen ni igarotzen, iazko udan nire arreba pasatu zen leku beretik nindoan igarotzen…


 


Berriro bizikleta hartu eta errepideari ekin nion. Molinasecaraino ia guztia aldapa behera. Azkenean 60 kilometro inguru egitea pentsatzen banuen egun horretan 107 burutu nituen. Baina beno bidaiako anekdotak dira.


 

Pozik joan nintzen lotara egun horretan Santiagora iristeko lehen zailtasun serioa oso ongi gainditu nuelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude