Hileko artxiboak: uztaila 2012

David Millar vs. Kilian Jornet

Azken egunotan edo asteetan bi liburu izan ditut eskuartean. Bata David Millar txirrindulariaren Pedaleando en la oscuridad. Beste Kilian Jornet-en Correr o Morir. Sentsazio desberdinak utzi dizkidate.

Txirrindulariaren kasuan bere istorioa kontatzen du. Bere gaztaroa profesionaletara heldu arte eta zelan erori zen doping-aren munduan (esateko era bat). Kontra azalean azaltzen du aipatuko duela zergatik txirrindulariak legez kanpo dauden sustantziak erabiltzen dituzten beraien emaitzak hobetzeko. Baina sentsazioa daukat ez diola erantzun osoa ematen horri. Aipatzen du doping-aren kontuaz inguratuta bizi zela, eta horrek presentzia badauka txirrindulariek ez dutelako salatzen omen da. Gaur egun badirudi doping-aren aurkako irudia bilakatu da txirrindulari britainiarra.


Sentsazioa utzi dut berak kontatzen duena omen dela bertsio zuzena. Eta orain egiten duena dela zuzenena.


Sentsazio gozoagoak utzi dizkit Kilian Jornet-en liburuak. Bertan azaltzen ditu berak bizitako zenbait abentura. Eta ondorioz gogoetak ere egiten du. Adibidez galdetzen da zergatik egiten duen korrika, norentzako. Eta berak zituen mitoak gainditu baditu orduan zer gelditzen zaion…


Hitz gutxiago idatz dezaket azken liburu honen inguruan baina sentsazio goxoagoa utzi dit gorputzean.


Azkenaldian kirolaren inguruko liburuak bilatzen ari naiz. Hurrengoa Lance Armstrong-en Mi vuelta a la vida eta Miguel Indurainen inguruko bat izango dira. Abuztua, Frantziako Tourra amaitu ostean eta Olinpiar Jokoak, Donostiako Klasika ospatu eta Espainiako Itzulia hasiko diren hilabetea aproposa izan daiteke horretarako.

Erronka berriak…

Post hau izan daiteke atzokoaren jarraipena edo bigarren zati bat. Uste dut aldi berean independenteak ere izan daitezke. Hau da, ez da derrigorrean atzokoa irakurri behar lehenengo. Eta aldi berean ez da bigarren mailako post bat, baizik eta atzokoaren maila berekoa.

Urtea amaitu baina lehen zerbait handia egin nahi dut. Aste batzuk lehenago idatzi nuen nire oinarrietara edo sustraietara itzuli nintzela Lizarrerian egon nintzenean. Almoadarekin ordu batzuk elkarrizketan pasa ondoren eta kontuan izanda zer nolako proiektuan sartuko naizen, erabaki garrantzitsu bat hartu dut.


2012ko udazken-neguan maratoi bat egingo dut. Oraindik ez dakit zein zehatz-mehats: Bilbokoa (urria eta gauez) edo Donostiakoa (azaroa). Erabakien arrazoietan nire koinatarekin zerbait batera egitearen argudioa ere badago.


Horrela uste dut amaiera bikaina emango niokeela urteari. Noski Gasteizko Maratoi Erdian parte hartuko nuke abendu amaieran eta Gabonen aurretik. Horregatik uste dut erabaki polita eta garrantzitsu baten aurrean nago.


2008an egin nuen Donostiako maratoia eta horren berri hemen eman nuen. Gainera Goiena.net blog komunitateko beste kide bati omenaldi bezala eginez atzerako kontaketa bat eraman nuen nire egunerokoan zer gertatzen zen aipatuz. Atzo idatzi nuen toki hau ez dudala abandonatuko proiektuak derrigortu arren beste gauza batzuk egitera. Horregatik uste dut oso ona izan daitekeela berriro atzerako kontaketa hori egitea. Urriaren 20a izango da D eguna? Edo azaroaren azkeneko asteko igandea? Sartuko naizen proiektuak erabakiko du, baina azken erabakia edozein dela motibazioz topera hartuko dut erronka berria.


Garai hartako oroitzapenak oso onak ditut. 2008 eta 2009 urteak kirol ikuspegitik oso onak izan ziren. Asko disfrutatu nuen. Berriro bizi nahi ditutu sentimendu horiek. Euri zaparrada bat egon arren irifarrea ahoa izatea adibidez. Edo hamar mila metroko lasterketa baten aurretik beste hamar mila metro egitea beroketa gisa…


Lehen aste honetako prestaketa, lau egun 50 minutuz korrika egiten, ostegunean San Martin parkean 600 metroko serieak eta igandean ordu eta hamar minutuz korrika. Datorren astean gehiago eta hobeto!

Proiektu berri baterantz

Notizia bonba batekin nator. Niretzat gutxienez. Ez dakit askori inportatuko zaizuen jarraian kontatzera noana, baina nire barneak eskatzen dit gauza hori aireratzea. Gainera blog hau sortu nuenean oinarri horietako bat da. Kontatzea Nire Etxeko Leihotik ikusten dudana, kontuan hartu milaka pertsonei bost axola zaiela. Gabilondok behin aipatu zuen La Ser-etik Cuatrorako aldaketan berdin zitzaiola ehundaka mila entzule galtzea, bera ikusle edo entzule bakoitzari zuzentzen zitzaion. Kalitatea kantitatearen aurretik.

Ikasle mundua uztera noa. Eta horretaz gain nire jaioterria ere. Aurki langile bilakatuko naiz. Ziurrenik hilabete amaieran (oraindik datak ez dira konkretuak, gutxi gorabeherakoak baizik). Ikaslea uztea izateari ez du esan nahi ikasten utziko diodanari. Eta azken urteetan ikasten aritu naizenaren inguruan ez dut lan egingo. Horrek ez du esan nahi alde batetik ez dudala ikasten jarraituko (nire betebehar berriak horretara derrigortuko nau) eta beste alde batetik ez du esan nahi Historia alboratu egingo dudanik. Gustuko dudan zerbait da eta beti hor izango dut nire mesanotxean historiarekin zerikusia daukan zerbait irakurtzeko.


Proiektu berri honek ere suposatuko du, esan dudan bezala, bizileku aldaketa. Kasu honetan Gipuzkoako kostaldean ezarriko naiz. Distantzia fisikoan Oñatitik nahiko urrun, eta horrek derrigortu nau beste herri batera joatea. Baina argi daukat nire sustraiak non dauden, nire lagunak, familia… Zorionez, eta Gipuzkoako garraio publikoak mila traba jarri arren, gaur egun kostaldea eta barnealdea nahiko erraz lotu daitezke.


Baita ere suposatuko du adibidez webgune bat egitea (blog bat izango du ezbairik gabe). Egingo dudan aktibitatea azaldu behar diot interneteko komunitateari. Baina hori sortutakoan abisatuko dizuet euskal blogosferako leku honetatik. Horrek ez du esan nahi hau Nire Etxeko Leihoa abandonatuko dudanik. Badaukat eskuartean proiektu bat gutxienez nahiko bizitza emango diodana urte amaierara arte – eta ostean ere espero.


Leku honek ikusi nau hazten bai mentalki baita idazle bezala ere. Orduan zorretan nago erreminta hau utzi didanei eta lekuari berari ere, beraz ez litzateke bidezkoa nire partetik hau behin-betirako uztea. Gainera azkenaldian kolaboratzen ari naiz nahiko maiz tropela.net-eko web gunean txirrindularitzaren inguruko kronika batzuk idatziz Eta hori ere ez dut utziko alde batera oso gustura egiten dudan zerbait baita.


Aldaketa garaia. Horretan nago. Orain ez asko HIMYM telesailean (How I Met Your Mother – Zelan Ezagutu Nuen Zuen Ama), Ted-ek (protagonista nagusiak) galdetzen zion bere lagun onenetakoari ea aldaketak onerako ziren… Erantzuna baiezkoa izan zen. Aldaketak, nik ere sinetsi nahi dut, hoberako izaten direla…


Proiektua hasteko prest dagoenean joango natzaizue berri gehiago ematen. Datu konkretu gehiago ematen. Bitartean eskerrik asko eta gabon 😉